Kutxabankek %42 handitu ditu bere irabaziak

250 milioi euro irabazi ditu, diru gehien zerbitzuetatik eta aseguruetatik

Kutxabank | Argazkia: Europa Press Kutxabank | Argazkia: Europa Press

Interes tasen igoera igartzen hasi dira bankuak ere. Kutxabank da horietako bat, aurtengo urtarriletik irailera bitarte 250,5 milioi euroren etekinak bildu baititu, iaz epe berean baino %42,1 gehiago. Etekin gehien zerbitzuetatik eta aseguruetatik iritsi zaizkio, orotara 473,4 milioi euro, iaz baino %6,9 gehiago. Hala, bi arlo horiek bankuaren negozioaren %52 hartzen dute jada, interes marjinen atala gaindituta.

Kredituetan egindako inbertsioa 47.200 milioi eurora handitu du Kutxabankek, batez ere erakunde eta enpresen bankaren bultzadarengatik. Txikikazko bankan, berriz, hipoteka maileguak sinatzen jarraitu du bankuak: 2.669 milioi euro izan dira irailera bitarte. Kontsumo maileguetan ere 413 milioi euroraino handitu du kontratatutako diru kopurua, %9,2 handituta.

Dena den, emaitzik onenetakoak pentsio planekin, funtsekin eta aseguruekin lortu ditu Kutxabankek. Balantzetik kanpoko baliabideetan Kutxabankek administratutako bezeroen baliabideak %0,6 hazi dira, 72.294 milioi euroraino, eta merkatuan sartu diren harpidetza guztien %16 bereganatu ditu.

Orotara, 20.000 milioi euro inguru ditu Kutxabankek inbertsio funtsetan kudeatuta, %6,8ko merkatu kuotarekin. Enpresetako parte hartzeen ondorioz ere sarrera handiak izan ditu bankuak, 83,7 milioi euro, batez ere dibidenduei esker.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK