Kutxabankek bere kreditu-zorroaren deskarbonizazio helburuak onartu ditu

Emisio baxuko ekonomia baterako trantsizio-prozesuan funtsezko eragilea izatea da egitasmoaren helburua, hazkunde jasangarrian oinarrituta

Kutxabank | Argazkia: Europa Press Kutxabank | Argazkia: Europa Press

Kutxabanken Gobernu Organoek kreditu-zorroaren deskarbonizazio helburu ertainei oniritzia eman diete, ingurumenaren deskarbonizazioarekin Erakundeak duen konpromisoaren haritik, eta emisio baxuko ekonomiaranzko trantsizio-prozesuan eragile nagusi izateko helburuarekin.

Emisioak murrizteko lehen helburuak hipoteka-maileguetan, petrolioaren eta gasaren alorrean eta energiakoan finantzatutako zorroei ezarriko zaizkie, % 10, % 30 eta % 30eko murrizketekin, hurrenez hurren. Alor hauek intentsiboagoak dira berotegi-efektua sortzerakoan, eta Kutxabanken kreditu-zorroan esposizio handiagoa dute, energiaren kasuan zorroaren % 3,5 baita, eta % 3,9koa Oil&Gas-en kasuan. 

Finantza Taldea apurka-apurka joango da bestelako ekimenak ezartzen, eta horrek eragina izango du bere deskarbonizazio-helburuetan egingo duen jarraipenean, beti ere bezeroen errealitate partikularrekin bat datozen betetze-planekin. Asmoa eraginpeko alorren esparrua zabaltzen jarraitu eta hauen guztien jarraipen zehatza egitea da.

Halaber, Kutxabankeko administrazio kontseiluak Jose Antonio de Tomas Alonso estrategiako zuzendari nagusi izendatzea adostu du. Orain, Europako Banku Zentralaren egokitasun-azterketa gainditu beharko du, banku-alorrean ‘fit and proper’ izenarekin ezagutzen dena.

Zuzendari nagusi berria Erakundearen Estrategia Arloaz arduratuko da, administrazio kontseiluak esparru hau indartzea erabaki baitu, banku-sektorean sortzen ari diren joerei aurrea hartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK