
Kutxabankek txikizkakoan nahiz enpresa-sareko negozioan hainbat aldaketa iragarri ditu gaur. Aitor Aranburu eta Fernando del Hoyo dira, hurrenez hurren, bi negozio arlo hauen zuzendariak, eta finantza-erakundeak zuzendaritza berritzeko aldaketak antolamendu-egituraren eredu berriari erantzuten diotela nabarmendu nahi izan du “hazkundea eta errentagarritasuna hobetzeko helburu estrategikoaren baitan”.
Txikizkako negozioan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde-zuzendaritzak berritu dituzte, baita finantza-erakundeak duen Hedapeneko kargua eta Kordoba eta Jaengo zuzendaritza sareak ere. Hala, Axier Urrestik hartuko du Arabako zuzendaritza, Juan Mari Bilbaok Bizkaikoa eta Marta Madinabeitiak Gipuzkoakoa, Jorge Morquechok hedapenekoa eta Conchi Adamek Kordoba eta Jaengoa.
Halaber, Kutxabankeko Banka Pertsonaleko zuzendari berria izendatu dute Olatz Mancebo. Ines Monguilot, orain arte marketin eta publizitate arloko zuzendaria izan dena Kutxabank Seguros filialaren kargu egingo da eta Rafa Arberasek hartuko du Mongiloten orain arteko kargua.
Azkenik, Jabier Larrañaga arduratuko da enpresen arloaz eta Javier Batllók hartuko du Banka Korporatiboko zuzendaritza.