Kutxabanken hipoteka-zedulek DBRSren baloraziorik altuena lortu dute

Agentziak 'AAA' mailan kokatu ditu, bankuaren hipoteka zorroaren aniztasun geografikoa eta bermeen gain maila handiak aintzat izan ondoren

Kutxabanken egoitza Bilbon | Argazkia: EnpresaBIDEA Kutxabanken egoitza Bilbon | Argazkia: EnpresaBIDEA

DBRS Morningstar kreditu kalifikazio globaleko agentzia kanadarrak Kutxabanken hipoteka-zedulei baloraziorik altuena eman die, bere lehen azterketan 'AAA' mailan jarri baititu, kalifikazio gorenean.

Kalifikazio agentziak bere azterketan kontuan hartu ditu hipoteka-zedulei buruzko Espainiako legedia, Espainian eta Europar Batasunean aplikatzen den ebazpen araubidea, eta baita jaulkitzailearen zedula-programaren alderdi zehatzak ere.

Hala, positibotzat jo du Kutxabankek etxebizitzetara bideratutako hipoteken aniztasun geografikoa, per capita errenta handiena duten lurraldeetan ematen baitira, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoan (%44,5), Madrilen (%26,9) eta Katalunian (%12,4), besteak beste. Halaber, programaren bermeen gain maila ere nabarmendu du, %69,8raino heltzen baita, gutxiengoa %5ekoa izanik.  

Kutxabankek gaur egun jaulkitako hipoteka-zedulen zenbatekoa 1.250 milioi eurokoa da, hiru jaulkipenetan banatuta. Arau esparru berriaren arabera sortutako estalduraren bolumena 2.123 milioi eurokoa da, eta bere oinarriko aktiboa guztiak, %100,  lehen mailako hipoteka duten etxebizitza maileguak dira, batez beste %54ko LTV ponderatuarekin.

DBRSk Kutxabanken hipoteka-zedulen programazioak jaso duen balorazio on hori, joan den urtarrilean bankuak jaulkitako zor seniorrak jaso zuen kalifikazio positiboari gehitu zaio, hau "A" mailan (bikaina) sailkatu baitzuten taldea baloratzen duten hiru agentziek, hau da, Moodysek, Fitchek eta DBRSek  (A3/A-/A Low).  

ESG arriskuen ebaluazioan, Morningstar Sustainalytics rating agentziak mundu osoan ebaluatutako 1.000 banku baino gehiagoren artean 27. postuan kokatu zuen Kutxabank, bai eta aztertutako 15.000 enpresa baino gehiagoren balorazio onena lortu duten enpresen %1ean ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK