Laboral Kutxak 150 milioi euroko irabaziak izan ditu 2022an, %38,36 gehiago

Enpresetan egindako kreditu inbertsio garbia %5 hazi da eta enpresa finantzaketaren %14 ingurumena hobetzera bideratu da

Txomin Garcia eta Xabier Egibar Laboral Kutxako presidentea eta zuzendaria | Argazkia: Laboral Kutxa Txomin Garcia eta Xabier Egibar Laboral Kutxako presidentea eta zuzendaria | Argazkia: Laboral Kutxa

Laboral Kutxak 150,5 milioiko irabazi garbia izan zuen 2022an, hau da, 2021ean baino %38,36 gehiago, orduan 108,7 milioi euro irabazi baitzituen. Ohar bidez azpimarratu duenez, 2022ko ekitaldia ingurune makroekonomiko "zalantzagarri eta aldakorrean" garatu da, eta, pandemiaren ondorio nagusiak gaindituta, Ukrainako gerrak eta inflazioan izan duen eraginak banku zentralen moneta-politika baldintzatu dutela gaineratu du, bereziki urtearen azken hilabeteetan eraginez. Testuinguru horretan, Laboral Kutxak "jarduera ona" erakutsi duela nabarmendu du, negozioaren partzela nagusien "ekarpen orekatuarekin".

Emaitzen hobekuntzaren atzean, pandemiaren ondorengo hazkunde ekonomikoa nabarmendu du, mailegu gehiago eman dituelako, batez ere kontsumorako eta enpresetarako; komisioetatik etekin handiagoa atera duelako; eta aseguru gehiago egin dituelako. Horretaz gain, Europako Banku Zentralak interes tasak igo izanak ere “ohiko banku negozioaren marjinak pixkanaka normalizatu” egin dituela adierazi du, eta horrek diru sarrerak handitzea ekarri diela urtearen bigarren erdian. Hala, Laboral Kutxaren interes marjinak %17,1 handitu dira 2022an, eta horren bidez 281 milioi euroko irabaziak lortu ditu.

Komisioetatik lortutako irabaziak ere %4,3 hazi zaizkie, guztira 126 milioi euroko zenbatekoa lortuta. Aldiz, %17,1 jaitsi dira kreditu kooperatibak egindako finantza operazioen etekinak, finantza merkatuek galerekin itxi zutelako 2022a.

Laboral Kutxak gaineratu duenez, 14.756 milioi euro garbi bideratu ditu horniduretara, 2021ean baino %59 gutxiago. Hori maileguen berankortasuna gutxitu izanaren ondorio da, %2,8tik %2,7ra jaitsi delako. Kapitala sendotzeko balio izan die diru horrek, eta arriskuen araberako aktiboen %22,24ko CET1 ratioa du, 2021eko %21,81ekoaren aurrean. Horrek, “lider absolutu gisa” kokatzen du erakundea bere erreferentziazko merkatuan.

Zergei lotuta, berriz, 18,4 milioi euro ordaindu ditu, aurreko urtean baino %7,5 gutxiago, erakunde txikia denez, ez baitu ordaindu behar bankuei ezarritako ezohiko zerga berria.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK