
Estatu Batuetako Erreserba Federalak interes tasen jaitsiera eten eta maila berean mantentzea erabaki zuen atzo. Europa Banku Zentralak, aldiz, koska bat gehiago jaisteko hautua hartu du gaur. Beste 25 puntu beheratu ditu tasak, eta diruaren prezioa %2,75ean kokatu du (gordailuen tasa). Era berean, birfinantzaketaren tasa %2,9ra jaitsi du eta kreditu erraztasunarena %3,15era.
Inflazioaren aurkako borrokan dihardu EBZk, eta eurogunean %2ra jaisteko helburua gero eta gertuago dagoela uste du. Hori dela eta, erabaki du beste behin interes tasak jaistea. "Desinflazio-prozesuak aurrera jarraitzen du. Inflazioak, oro har, adituen proiekzioekin bat datorren bilakaera erakusten du, eta, ziurrenik, Gobernu Kontseiluaren epe ertaineko %2ko helburura ailegatuko da urte honetan”, dio Europako Banku Zentralak gaur argitaratutako oharrean.
2024aren amaieran euroguneko ekonomiak hazteari utzi ziola jakin dugun egunean iritsi da EBZren erabakia. Eurostaten arabera, urte osoan %0,7ko hazkundea izan da eurogunean eta %0,8koa Europako Batasunean. Ezusteko datua izan da azken hiruhilekoko hazkunde eza, izan ere, merkatuko adituek ekonomia %0,1 haziko zela aurreikusten zuten. Euroguneko ekonomiaren hozte hau EBZk hurrengo bileran (matxoaren 6an) tasen jaitsierarekin jarraitzeko beste arrazoi bat izan daiteke.
“Interes-tasen azken murrizketak enpresa eta etxeentzako mailegu berriak merkatzen ari dira. Aldi berean, finantzaketa-baldintzak estuak izaten jarraitzen dute, gure moneta-politikak murriztailea izaten jarraitzen duelako”, adierazi du Christine Lagarde EBZko presidenteak.
Maiatzekoa bosgarren jaitsiera izango litzateke, baina Lagardek ohartarazi du datuei begira jarraituko dutela, eta datozen hilabeteetako ekonomiaren bilakaerak zehaztuko duela hurrengo bileran hartu beharreko erabakia.