Legezkotasun itxura duten webguneen bidez egindako iruzurrak areagotu egin direla ohartarazi du EKAk

Azken asteetan bi salaketaren berri izan du Euskal Herriko Kontsumitzaileen Alkarteak, 70.000 eta 65.000 euroko inbertsioak egin eta iruzur egin izanagatik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Itxura batean legezkoak diruditen baina inbertitzaileari ahalik eta diru gehien lapurtzeko baliatzen dituzten webguneak ugaritu egin direla ohartarazi du Euskal Herriko Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA). Azken asteetan bi salaketaren berri izan dute, 70.000 eta 65.000 euroko bi inbertsio egin eta pertsona ospetsuekin egindako publizitate bannerrak erabilita iruzur egin izanagatik. Egoeraren larritasunaren aurrean, kontu handiz ibiltzeko eskatu nahi die EKAk herritarrei, finantza produktuetan edo kriptomonetetan egindako inbertsioei lotuta ezjakintasun handia dagoelako.

Kriptomonetetan goranzko joera hauteman dutela jakinarazi dute, 2021ean bere erabileraren kopurua bikoiztu egin zela eta. Iruzurgileek fikziozko aukerak sustatzen dituztela ohartarazi dute, itxuraz legezkoak diren webguneak eratuz, etekin handiak eskaintzearen truke.

Nola egiten dute iruzur?

Helburua inbertitzailearen konfiantza irabaztea dela diote EKAko kideek, profesionaltasun eta sinesgarritasun ikuspegia emanez, erabiltzaileak kopuru handiagoa jarri dezan. Bezero-kontu bat sortzen diote, kontratuak formalizatzen dituzte, eta arreta pertsonalizatua ematen diote, euren burua inbertsio zerbitzuak eskaintzeko baimendutako enpresa baten izenean aurkeztuz.

Ustezko biktimak banku-transferentzia tradizionalen bidez igortzen ditu funtsak, normalean atzerriko herrialdetako kontuetan edo kriptomoneten salerosketa plataformetara egindako ekarpenen bidez. Inbertitzaileak operatibo horietan esperientziarik ez duenez, ustezko aholkulariek biktima konbentzitzen dute urruneko mahaigaineko aplikazio bat instala dezan. Horrela, iruzurgilea, bere gailutik, biktimaren terminala kontrolatzeko gai da, erabiltzailea balitz moduan jokatzeko. Hala, erosketa-eragiketak eta ondorengo transakzioak egiten dituzte, kriptomoneten kasuan, biktimaren diru-zorro birtualetik beste batera, kopuru zatikatuetan. Hori dela eta, jarraipen zehatza egitea ia ezinezkoa da.

Iruzurra zehazten da, inbertitzaileak bere dirua berreskuratu nahirik, ustezko aholkulariak zenbateko handiagoak eskatzen dizkionean, hura berreskuratzeko kontuak legeztatzearen beharra adierazita edo komisio baten ordainketa aitzakiatzat hartuta. Iruzurgileek biktimari diru gehiago aterako ez diotela detektatzen dutenean, analistarekiko kontaktua desagertu egiten da eta ez ditu inoiz agindutako deposituak jasotzen.

Zer egin hori ekiditeko?

Inbertitu aurretik, ezinbestekotzat jo dute EKAn Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalaren webgunean kontsulta egitea enpresak inbertsio zerbitzuak eskaintzeko baimenduta ote dauden egiaztatzeko. Atzerriko enpresa bada, webgunea arretaz ikertu, letra txikian arreta jarri eta enpresaren izenarekin Interneten berari buruzko informazioaren bilaketa egiteko gomendioa luzatu dute.  

Jada prozesuan inplikatuta daudenentzako gomendioen artean leudeke, pasahitzen inguruko informaziorik ez ematea, eta iruzurgileak urruneko kontrolerako aplikazioaren deskarga proposamen oro baztertzea.

Eta, iruzur egin digutela konturatu direnen kasuan, norbere bankuarekin harremanetan jartzea litzateke egokiena, bankuan online jardute sarbide gakoak aldatu edo baliogabetu behar ote diren jakiteko. Bestetik, iruzurra ere salatu egin beharko litzateke. Hori bai, EKAren arabera, behin barruan egonda dirua berreskuratzeko aukerak oso urriak lirateke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK