Espainiar Estatuan, gaur egun, bi finantzaketa sistema daude autonomia-erkidegoentzat. Lehena, eta gurea, Eskubide Historikoetan oinarritutakoa da eta Foru Lurraldeek (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Lurralde Historikoek —Euskal Autonomia Erkidegoak— eta Nafarroako Foru Komunitateak), hurrenez hurren, Ekonomia Itunaren eta Ekonomia Hitzarmenaren bidez arautzen dituzte beraien finantza ereduak. Aldiz, Lurralde Erkidean (Estatuko beste lurralde guztiak barnebiltzen dituena), eredua guztiz ezberdina da, eta horrek urteetan gatazka politikoak zein juridikoak sortu izan ditu autonomia-erkidegoen artean eta Espainiako Gobernuaren artean.
Espainiako Konstituzioaren 156. artikuluak dio autonomia-erkidegoek finantza autonomia daukatela. Horren bidez, beraien sarrerak eta gastuak zehaztu ditzakete, eta aldi berean, Estatuaren laguntzaile izan daitezke azken horren tributuak, bildu, kudeatu eta likidatzerakoan. Hori horrela, gehienbat, eta irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoa eta abenduaren 18ko 22/2009 Legea kontuan hartuz, Lurralde Erkideko autonomia-erkidegoek Estatuak aurretiaz bildu dituen zergetatik jasotzen dituzte beraien diru-sarrera nagusienak.
Sistema ezarri zenetik, egoera horrek gatazkak eragin ditu, autonomia-erkidego guztiek beraien gastu publikoei aurre egiteko funts gehiago eskatzen dituztelako
Espainiako Gobernuak, ondoren, diru-sarrera horiek Lurralde Erkideko autonomia-erkidegoei transferitzeko orduan, besteak beste, biztanleria, azalera, zahartzea, dispertsioa eta bestelako parametro batzuk kontuan hartzen ditu, eta ez horiek aurretiaz sistemari egin dioten ekarpena. Hori horrela, autonomia- erkidego aberatsenek sistemari ekarpen handiagoa egiten diote jasotzen duten funts kopurua baino, lurralde txiroagoen mesedetan.
Sistema ezarri zenetik, egoera horrek gatazkak eragin ditu, autonomia-erkidego guztiek beraien gastu publikoei aurre egiteko funts gehiago eskatzen dituztelako. Ekarpen handiena egiten dutenek ulertzen dute gehiago nahi eta behar dutela beraien gastu publikoari aurre egiteko, eta aldiz, gutxiago jartzen dutenek ere gehiago eskatzen dute, ulertzen dutelako solidaritate-printzipioaren bidez gehiago nahi eta behar dutela.
Eredu berri bat
Sistemari ekarpen handienetarikoa egiten dion autonomia-erkidegoetakoa da Katalunia, eta 2024ko abuztuan Generalitateko presidentea aukeratzeko orduan PSC eta ERCk lortutako akordioaren arabera, Kataluniak Euskal Autonomia Erkidegoko ereduaren antzeko tributu-sistema izatea erdietsi zuten ordinaltasun- printzipioa oinarri izanda.
Finantzaketa autonomikoaren ordinaltasun-printzipioak bermatzen du autonomia-erkidegoek beren posizio erlatiboa mantenduko dutela biztanleko baliabideen rankingean funtsen birbanaketaren aurretik eta ondoren. Hori horrela, printzipio hori aplikatzeak finantzaketa-ereduaren aldaketa ekarriko luke, izan ere, orain artekoan ez delako printzipio hau kontuan hartzen (Espainiako Konstituzioak ez dio ezer honen inguruan) eta Kataluniari diru sarrera gehiago bermatuko litzaizkioke.
2026ko urtarrilean Espainiako Ogasun Ministerioak finantzaketa-eredu berri bat proposatu du, 2027an 20.975 milioi gehiago emango dizkiena autonomia-erkidegoei
Espainiako Gobernuak, bere aldetik ere, eta erdietsitako akordio hori kontuan hartuz (ez dezagun ahaztu Espainiako Gobernuko presidentea PSOEkoa dela eta ERCren bozkak beharrezkoak dituela bere lege jardunekin aurrera jarraitzeko zein Gobernuan mantentzeko), 2026ko urtarrilean Espainiako Ogasun Ministerioak finantzaketa-eredu berri bat proposatu du, 2027an 20.975 milioi gehiago emango dizkiena autonomia-erkidegoei.
Momentuz ez dago akordiorik eta Estatuko Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan kontrakotasuna agertu dute autonomia-erkidego guztiek, salbu Kataluniak (Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako foru komunitateak ez dute bertan parte hartzen).
Autonomia-erkidegoek funts gehiago izateak aldi berean Espainiako Gobernuak gutxiago izatea dakar
Oraindik ez dago argi nola bukatuko den kontua, izan ere, eredu berria ezartzeko bozketa eta adostasuna, besteak beste, Espainiako Diputatuen Kongresuan eman behar delako. Gaur egun dauden gehiengoak ikusita, dena den, ematen du ez dela aurrera aterako proposamen berria.
Horren guztiaren aurrean ere ikusi beharko da zer nolako finantza ondorioak dituen Estatuarentzat, autonomia-erkidegoek funts gehiago izateak aldi berean Espainiako Gobernuak gutxiago izatea dakarrelako.
Bukatzeko, aipatu behar da, finantzaketa-eredu berria aurrera aterako balitz, eragin zuzena izango lukeela Foru lurraldeentzat, besteak beste, Ekonomia Ituna eta Ekonomia Hitzarmena izategatik ordaindu behar den urteko kupoak ere gorabeherak izango lituzkeelako.