Merkatuak, bankuen emaitzei begira

Lehen hiruhilekoko emaitzak aurkeztuko dituzte aste honetan banku nagusiek, tartean BBVAk eta Kutxabankek. Banku sistema dardarka utzi duten ezustekoz jositako hiruhilekoa izan da. Zerga berria, gordailuen ihesa eta negozioaren moteltzearen eraginaren erakusle izango dira emaitzak

BBVAko egoitza, Madrilen | Argazkia: iStock BBVAko egoitza, Madrilen | Argazkia: iStock

Urteko lehen banku emaitzak ezagutzeko astea da apirilaren azkenekoa. Inbertitzaileak xehe aztertzen dituzte Ibex-35eko finantza erakunde nagusiek aurkezten dituzten datuak. Bankinter izan zen emaitzen berri eman zuen lehena. Banco Santanderren txanda da gaur, eta ostegunean merkatuek eta analistek, BBVA eta Sabadell aztertuko dituzte. Burtsan kotizatzen ez badu ere, Kutxabankek ere ostegunean lehen hiruhilekoko jardunaren berri emango du. Caixabankek astebete itxarongo du bere galdu-irabazi kontua aurkezteko, maiatzaren 5ean. Laboral Kutxak sei hilerik behin baino ez ditu emaitzak aurkezten.

Hegazkortasun handiko garaia izan da urtearen hasiera bankuen alorrerako. AEBtako SVB eta Signature Banken porrotek, eta Europako Crédit Suissen hondamendiak gorabeheraz jantzi zituzten merkatuak. Testuinguru ekonomikoa ere ez dute alde finantza erakundeek; interes-tasen gorakadak ekonomia geldotu du, eta bankuen jardunak moteltze hori nabarmen pairatu du. Krisiaren ondorioei aurre egiteko Pedro Sanchezen gobernuak ezarritako zerga ere islatuko dute kreditu erakundeen emaitzek.

Ohi bezala analisi etxe nagusiek bankuek izango dituzten mozkinei buruzko aurreikuspenak kaleratu dituzte egun hauetan eta, oro har, bat datoz negozioaren moteltzearen inguruan. Ziurgabetasun handiko urtea izango dela uste dute, inflazioaren hazkundea menderatzeko Europako Banku Zentralak hartutako moneta-politikak baldintzatua. Interes-tasen igoera malkartsuak bankuen sarrerak handituko baditu ere, ekonomia uzkurtzeko arriskua dago, kreditu eskaria murriztuz. Hauek dira bankuen jardunaren nondik norakoak ulertzeko gako nagusiak:

Maiatzaren 5ean, Lagarden zain

Aste erabakiorra izango da hurrengoa moneta politikaren norabidea ezagutzeko. Asteartean AEBetako Erreserba Federalak bi eguneko topaketa abiatuko du, eta moneta-politika izango dute hizpide. Ostegunean EBZri emango dio lekukoa. Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak interes-tasen igoerari buruzko erabakia mahai gainean du.

Inflazioa kontrolatzeko agindu irmoa du banku zentralak baina zorrotzegi jokatzeak ekonomian izan dezakeen eragina oharkabean pasa barik. % 6,9ko urtearteko inflazioa izan du euroguneak martxoan, otsailekoa (% 8,5) baino baxuagoa, baina EBZren % 2ko helburutik oso urrun. Lagardek tasak  % 3,5ean finkatu zituen martxoko bileran eta hurrengo erabakiak unean uneko datuen arabera hartuko zituela agindu zuen.

Inflazioa moteldu da baina EBZren helburuetatik urrun dago eta hazkunde aurreikuspenak espero baino hobeak dira. Merkatuek Lagardek tasak % 0,5 igotzea aurreikusten dute.

Zalantza nagusia hazkundearen portaera da. Azken aurreikuspenek, baina, euroguneko ekonomiak oraindik hazteko indarra duela diote. Europako Batzordeko udazkeneko aurrikuspenen kutsu negatiboari buelta eman diete otsailekoek: euroguneak % 0,9 haztea aurreikusten du batzordeak, udazkenean baino 6 puntu gehiago. Kezka iturri nagusia zen Alemaniako ekonomiak ere ezkortasunari aurre egin (2023rako % 0,4ko atzeraldia espero zen) eta % 0,3ko aurreikuspena egin dute herrialdeko institutu ekonomiko nagusiek.

EBZk tasak % 0,5ean igotzea espero da. Merkatuek, halere, igoeren gailurra gertu ikusten dute. Horren isla da Euriborra: Bankuarteko bi urterako erreferentzia urtebetekoa baino baxuago dago.

Kreditu eskaria, makal

Interes-tasen gorakadak finantza erakundeen mozkinak hauspotu zituzten 2022an bi aldetatik. Alde batetik, gordailuetan bezeroek metatutako aurrezkiari etekin gehiago atera zioten bankuek. Bestetik, tasa aldakorreko maileguak zituzten familia eta enpresek interes altuagoak ordaindu zituzten, bankuen sarrerak handituz.

Egoerak, berriz, baditu albo kalteak finantza erakundeentzat. Interesen gorakadaren ondorioz maileguen kuotei aurre egin ezinda, berankortasunaren igoeraren beldur dira bankuak eta finantziazioa emateko irizpideak zorroztu dituzte. EBZk otsailean kaleratutako txosten batek bankuen % 51k enpresentzako maileguen baldintzak gogortu dituztela nabarmentzen zuen.

Interesen gorakadaren ondorioz maileguen kuotei aurre egin ezinda, berankortasunaren igoeraren beldur dira bankuak eta finantziazioa emateko irizpideak zorroztu dituzte

Familien kasuan ere, zailagoa da oraingoan hipoteka eskuratzea. Hala, bankuen hipotekak alderatu eta merkaturatzen dituen Trioteca plataforma digitalak biltzen duenez, etxebizitzarako maileguen ukapena % 22,7 handitu da 2023an.

Eskaintza ez ezik, eskaria ere gogor moteldu dela diote bankuetako arduradunek. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxebizitzaren behatokiak emandako datuen arabera, familiek hipoteka ordaintzeko egin beharreko esfortzuak % 2 egin zuen gora iaz. Joera areagotu da 2023an eta maileguen eskaria asko moteldu da. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, finantza erakundeek sinatutako maileguen zenbatekoak % 15,88 egin zuen behera aurreko urteko datuekin alderatuta.

Bezeroak errentagarritasun altuagoen bila ihesi

Inflazio altuari euriborraren gorakada gehitu zaie familia askori, euren erosahalmena murriztuz. Pandemiaren garaian aurrezkia handitu zuten familiek nabarmen, eta 2022an kontsumoari eusteko erabili dituzte pilatutako sosak.

Egoera, baina, aldatzen ari da. Espainiako Bankuak familien aberastasun garbia neurtzen du, eta 2022an % 0,2 murriztu egin zen. Beherakada oso apala bada ere, norabide aldaketa adierazgarria da, 2008tik ematen den lehen jaitsiera delako.

Bankuek gordailuetan pilatutakoa ordaindu ez eta familiek bestelako produktuen bila jo zuten

Bankuek gordailuetan pilatutakoa ordaindu ez eta familiek bestelako produktuen bila jo zuten. Historikoki inbertitzaile korporatiboek nagusiki erosten zuten zor publikoaren merkatua begiz jo zuten aurreztaile txiki askok, eta inoiz ikusi gabeko ilarak ikusi genituen Espainiako Bankuak Euskal Herrian duen egoitza bakarrean, Bilbon. Altxor letren zaletasunaren adierazle dira banku zentralak emandako datuak: familiek 2.176 milioi euro zuten altxor letretan inbertitua 2022an. Urtebete arinago, ordea, 145 milioi euro baino ez. Familiek joera horri heldu zioten 2023an.

Bankuek, ihesa gelditu nahian, zor publikoan oinarritutako inbertsio funtsen gama oparoa eskaini zuten, eta gordailuak ordaindu barik izateagatik lortutako irabaziei uko egin zieten, galdu-irabazien kontuan eraginez. Inbertsio funtsen kudeaketa komisioek ordezkatu zituzten, neurri txikiago batean, galdutako sarrera horiek.

Pasiboaren gerra, hastear

Gordailuen gerra edo pasiboaren gerra esaten zaio finantza erakundeek bezeroen aurrezkiak eskuratzeko burutzen duten merkatal eskaintza multzoari. Krisi garaietan izaten dute finantza-erakundeek likideziaren beharra. Horrela gertatu zen 2011 eta 2012an. Bankuarteko merkatua idortu zen, erakundeen arteko mesfidantzak bultzatuta. Nazioarteko merkatuetan finantzaketa lortzea zaila eta garestia zen eta bankuek oso eskaintza erasokorrak egin zizkieten bezeroei, euren sosak erakarri nahian.

Oraingo egoera erabat ezberdina da. Inflazioa baxuari hasiera batean eta, geroago, pandemia eta Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko moneta politika hedakorra abiatu zuen Europako Banku Zentralak. Diruaren prezioa inoiz ezagutu gabeko mailara merketu zuen, eta bankuei likidezia tasa oso baxuetan, negatiboan ere bai, eskaini zien. Finantza erakundeak, hortaz, kolko bete diru aurre egin diote interes-tasen gorakadari. Agintariek ezarritako likidezia baldintzak errez betetzen zituzten eta ez zuten bezeroen aurrezkia ordaintzeko beharrik.

Victor Iglesias (Ibercaja): "Bankuak gordailuengatik hiru hileko honetan ordaintzen hasiko dira"

Aldiz, egoera aldatzen hasia da. EBZtik eskuratutako likidezia merkea itzultzen hasi dira, eta aktiboen erosketaren mugaegunak heldu ahala, likidezia gehigarria lortu beharko dute, bezeroengana jo. EBZko agintariek aspaldi eskatu diete bankuei bezeroen aurrezkiak ordaintzeko, baina momentuz bankariak entzungor ibili dira, orain arte. Estatuko bankuek munizioa prest dute pasiboaren gerrari hasiera emateko, eta elkarri begira daude, lehen erasoa nork egingo zain.

Aurreko astean Victor Iglesias Ibercajako zuzendari ordezkariak data jarri zion erasoari: "Bankuak gordailuengatik hiruhileko honetan ordaintzen hasiko direla" esan zuen. Oreka topatu beharko dute, hortaz, erakundeak. Likidezia beharrizanak betetzeko errentagarritasunik galdu behar. 

Lehen emaitzak bankuen zerga eta gero

Inflazioaren gorakadari aurre egiteko onartu zituen Espainiako gobernuak enpresa energetikoen eta bankuen mozkinen gaineko zergak. Babes zabala lortu zuen neurriak kongresuak. Enpresen artean, ordea, jarrera kontrakoa izan. Bankuen patronalak eta finantza erakunde nagusiak aurka agertu eta auzitegietara jotzea erabaki zuten.

2022 eta 2023ko ezohiko mozkinak zergatzea du helburu lege berriak, eta otsailaren 20a baino lehenago ordaindu behar zuten urte osoari dagokion kuotaren erdia. 637,1 milioi euro ordaindu zuten, gobernuak aurreikusitakoa, gutxi gora behera. 

2022 eta 2023ko ezohiko mozkinak zergatzea du helburu [bankuen zergaren] lege berriak, eta otsailaren 20a baino lehenago ordaindu behar zuten urte osoari dagokion kuotaren erdia

Bankinter izan da lehen hiru hileko emaitzen berri eman duen lehen bankua eta 77 milioi euro ordaindu ditu zerga berriagatik. Dolores Dancausak zuzentzen duen erakundearen interes marjinak % 60 egin duen gora, interes-tasen gorakadak bultzatuta. Bankinterrek 184,7 milioi euro irabazi ditu martxoa bitartean, iaz baino % 19,7 gehiago. Dancausaren esanetan bankuaren mozkina % 60koa izango zen gobernuak ezarritako zerga gabe.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK