Madrilgo burtsako instalazioak
Madrilgo burtsako instalazioak

Merkatuak ezkor Erreserba Federalaren erabakiaren atarian

Ekonomiaren bilakaera ezagutzeko aste erabakiorra da hau. Aurreko asteko jaitsieren ostean atzo Erresuma Batuko BPGak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen termometro ekonomikoak atzera egiteak ezkor utzi ditu merkatuak

Ez da giro finantza merkatuetan. Aurreko astean Europako Banku Zentralak hartutako erabakiak urduri utzi zituen finantza merkatuak. Esperotako neurria izanda ere, kezka zabaldu zen eta burtsa nagusiek beheranzko joera hartu zuten. Errenta finko eta zor publikoaren merkatuan ere bilakaera ez zen ona izan.

Atzo Erresuma Batua izan zen protagonista. Bere ekonomiaren datuak ezagutu genituen eta aurreikusi baino okerragoak izan ziren. Esperotakoa baino gehiago uzkurtu zen ekonomia britaniarra, apirilean % 0,3 atzera eginez. Bigarren hilabetez Barne Produktu Gordinaren  portaera negatiboa izan da. Txikia eta ahula bazen ere, hazkundea espero zuten merkatuek apirilerako. Ekonomia britaniarraren susperraldia hauspoa galtzen ari zela gauza jakina zen, baina atzera egiteak atzeraldiaren mamua berpiztu du. Hiru hilekoaren aurreikuspenari dagokionez datua,oraindik, positiboa da. Aurreikusitakoaren erdia da, baina positiboa, hori bai. Joera, ordea, aldatzen ari dela ematen du.

Erresuma Batuko produkzio industrialaren datua ere ezagutu genuen atzo. % 0,2 atzera egitea espero zen baina datua okerragoa izan da, hiru aldiz okerragoa. % 0,6 atzera egin du. Europako bigarren ekonomia nagusia da Erresuma Batua eta bere bilakaera tentuz aztertzen dute merkatuek.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) argitaratzen duen CLI adierazle liderren indize konposatua ere ezagutu genuen atzo. Ez du portaera onik izan. Indize hau ekonomiaren termometro bezala erabiltzen du, joerak identifikatzeko. Mendebaldeko ekonomia nagusien susperraldiaren galera aurreratu du apirileko datuak. Horrela, ELGEk adierazi duen bezala  "adierazleek, inflazio altuak eta kontsumitzaileen konfiantza baxuak bultzatuta, eurogunean oro har hazkunde-bultzada galtzea adierazten dute, Alemania, Frantzia eta Italia barne, baita Erresuma Batuan eta Kanadan ere". Espainiari dagokionez, indizeak egonkortasuna aurreikusten du. 

Burtsa merkatuak gorriz

Atzeraldi baten atarian egotearen beldurrak indarra hartu zuen aurreko ostiralean AEBetako inflazioaren datua ezagutu eta gero. % 8,6 egin zuten gora prezioek, erregaiek eraginda. Aste honetan Europako inflazioaren txanda izango da. Ikusteko dago datuek ezkortasuna are gehiago hedatuko duten.

Ibexak aurreko astean % 3,8 galdu zuen. Atzo % 2,47 jaitsi zen. Europako indize nagusiek ere gorriz itxi zuten atzo. Frantziako CAC 40 % 2,67 jaitsi zan eta Eurostoxx 50 % 2,69.

Txinako koronabirusaren agerraldi berriak izan dira merkatuaren beste kezka iturri nagusia. Azken asteotan egoera baretzen hasia zela ematen bazuen ere, aurreko astean egoera berriro okertu zen. Portu eta eskualde nagusiak ixteak are gehiago moteldu dezake munduko merkataritza eta horrek inflazioan isla izan dezake. Albiste negatiboen oldeak gorriz jantzi zituen merkatuak aurreko astean eta jarioa ez da eten. IBEX-35 indizeak % 3,8 galdu zuen aurreko astean. Atzo,aldiz, jaitsiera % 2,47koa izan zen. Europako gainerako indize nagusiek ere gorriz itxi zuten atzo. Frantziako CAC 40 % 2,67 jaitsi zan eta Eurostoxx 50 % 2,69.

Aurreko astean Europako Banku Zentralak hartutako erabakiak "sute txikiak" piztu zituen merkatuetan. Zor publikoarena sute horietako bat da. Interes tasen igoerak Europako hainbat herrialdetan izango duen eragina ez dago argi. Pandemiari aurre egiteko zorpetzea handitu dute estatu askok eta interes tasek gora egiteak hainbat herrialde interesei aurre egiteko arazotan jartzeko izua dago. Arrisku-saria horren adibide da. Espainiakoak esaterako, 130 puntutako langa gainditu du, pandemia garaiko maximoetara helduz. Espainiako bonuaren prezioak ere gora egin du, % 2,99ra heldu da. 2014tik egon den mailarik altuena. Italia da Europako herrialdeen artean kezka handien sortu duen herrialdea bere arrisku saria 243 puntutara heltzen ari delako.

Aste erabakiorra

Ekonomiak hainbat hitzordu nagusi ditu aste honetan. Alde batetik Europako motorra den Alemaniari so egingo diote merkatuek. Aste honetan bertako inflazioaren datua ezagutuko dugu eta baita inbertsiogileen konfiantza neurtzen duen ZEW indizea ere. Alemaniakoaz gain Europako konfiantza ere ezagutuko dugu, produkzio industrialaren indizearekin batera. Ekonomiaren osasunaren adierazle ona dira bi adierazle horiek. Bilakaeraz gain joera ere ematen dutelako. Txina ere adi egon beharreko beste merkatua da. Bertako produkzio industrialaren erreferentzia ere ezagutuko dugu.

Banku Zentralen astea ere izango da. Ingalaterrako Bankuak eta Erreserba Federalak bilera egingo dute. Tasen igoera azkartzeko aukera mahai gainean dago

Banku Zentralen astea ere izango da. Ingalaterrako Bankuak bilera egingo du eta tasak igotzeko aukera mahai gainean dago. Atzo ezagututako ekonomia britaniarraren datuak erronka handia dira moneta politika definitzeko orduan. Bere dibisak atzera egin zuen Euroa eta Dolarraren aurrean eta ikusteko dago interes-tasen igoera erritmoari eutsiko dion bertako banku zentralak. Egun % 1ean daude tasak eta % 0,25 igotzea espero da.

Estatu Batuetako Erreserba Federalaren bilera ere hitzordu nagusia da. Aurreko astean ezagututako inflazioaren datuak esperotako aurreikuspenak gailendu zituen eta Erreserba Federalak jarrerak gogortzearen beldur dira merkatuak. S&P 500 indizeak urteko maximoekiko % 20 galdu du eta Altxor bonuen prezioek gora egin dute. 2 urterako bonua % 3,2ra igo da, 2007tik ikusi gabeko maila. Oreka lanak egin beharko ditu Erreserba Federalak interes-tasen igoera gogor batek ekonomia ez ahultzeko. 

Interes tasak igotzeak dolarraren sendotzea ekarri du eta, hortaz, euroaren ahultzea. Europako Banku Zentralak hartutako neurriak euroaren beheranzko joerari buelta eman bazion ere, AEBko Erreserba Federalak hartu dezakeen erabakiak parekotasunaren bidean jarri du euroa berriro ere. Euroa ahultzeak Euroguneko inflazio datua okertzea suposatu dezake, erregaien erreferentzia nagusiak dolarretan negoziatzen direlako. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK