Merkatuak zoruaren bila…

Mende honetako aurreko krisiekiko eta bestelako finantza-estres egoerekiko egungo errealitatea ezberdina da: ez AEBetako Erreserba Federala, ezta zorraren merkatua ere ez dira salbatzaile izango. Finantza munduan aktibo dauden gutxik dute gaur egungoa bezalako egoera batean esperientziarik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Merkatuak merke daude, bai, baina merkeagoak bilakatu daitezkeela ere bai! Akzioak aukeratzerakoan bi aldagai hartzen dira kontutan: konpainia horrek etorkizunean espero dituen etekinak, eta, akzio hori erosterakoan, inbertitzaileak zenbat aldiz etekin horren anizkoitza ordaintzeko prest dauden. Hori akzioen prezioen “balioespen” osagaia da.

Historikoki konparatuz, balioespen ikuspegitik, S&P500 AEBetako indizea, 2000ko Dot.com burbuila gertatu zenetik gaur eguneraino, batez bestekoaren erdigunean dago. Hau da, aurreko hilabeteetako gehiegizko balorazioa zuzendu dela esan daiteke.

Akzio merkatuetan izan den salmenta balorazioen osagaiaren aldetik etorri dira, nolabait, 2020. urtean pandemiari aurre egiteko diru uholdearen ondorioz inoiz izan den prezio/etekin multiplo igoera bizkorrenaren ondorio bezala.

Badirudi argi dagoela etekinak beherantz joango direla: produktuen prezio igoerek eskaria gutxituko dute, tipo igoerek finantziazio kostuak igo, eta soldata igoerek enpresen mozkinak estutuko dituzte.

Akzioen prezioen beste aldagaia da espero diren etekinak. Zuzenak dira? Egungo itxaropenak baikorregiak badira, orduan aurreikuspenak ebaki egin behar dira, eta beraz, akzioen prezioak gehiago jaitsi daitezke. Badirudi argi dagoela etekinak beherantz joango direla: produktuen prezio igoerek eskaria gutxituko dute, tipo igoerek finantziazio kostuak igo, eta soldata igoerek enpresen mozkinak estutuko dituzte. Baina sinesgaitza badirudi ere, S&P500 indizearen irabazien itxaropena 2022rako % 3 igo da. Egiari zor batez ere energia konpainien emaitzei esker izan da. Hori kenduta, pixka bat beheranzkoa da joera. Konpainiek pricing power edo bezeroak euren produktuen prezio igoera jasateko ahalmena baldin badute, urrea diamantearekin! (etekinen itxaropen baikorrak mantentzeko behinik behin).

Bestalde, dolarraren igoerak AEBetako enpresen etekinen gain-kezka sortzen du. S&P500eko enpresa handiek euren irabazien zati handi bat atzerrian lortzen dute, beraz, atzerriko monetan. Dolar indartsuago batekin irabazi horiek txikiagoak dira. Gainera, mundu mailako irabazien jaitsiera ere badakar dolar garesti batek: presio handiagoa jasan behar dute lehengaiak eta petrolioa dolarretan erosi behar dutenek eta euren zorra dolarretan ordaindu behar dutenek.

Badira bestelako iritziak ere: JPMorgan Chase & Co. enpresak bull market edo akzioen igoeraren joeraren aldeko iritzia plazaratu du. Aktibo arriskutsuak mantentzeko gomendatzen du, merkatuek urte amaierarako urteko galerak errekuperatu eta hasi ziren bezala bukatuko dutela aurreikusita. Argudioen artean ondoko hauek: "momentu honetan balorazioak baxu daude. AEBeko kontsumitzaileen sostenguaren ondorioz ez da atzeraldirik izango, oraindik COVID-19 osteko berrirekitzea martxan dagoela —ekonomia ez dagoela % 100ean, alegia—, baita Txinaren estimulu eta susperraldia". Europa ekialdeko gudari buruz, Errusiaren indar egoeraren ondorioz "akordiozko ebazpena" posiblea dela dio.

Iritziak iritzi, onartua da gehienetan akzioek gora egiten dutela denboran zehar, eta prezioek beheranzkoa egiten dutenean erosteko momenturik hoberena dela

Iritziak iritzi, onartua da gehienetan akzioek gora egiten dutela denboran zehar, eta prezioek beheranzkoa egiten dutenean erosteko momenturik hoberena dela. Horrek ez du esan nahi momentu honetan prezioek behera ezin dutenik egin.2008aren urriko esperientzia hor dago, 2009ko martxora arte behera egin zuena. Luzaro itxaron ahal izanez gero, orain, lehen bezala, gomendagarria izaten jarraitzen du epeka-epeka diru bat merkatuan sartzeak.

“Monetarismoari ere arrazoia eman beharko zaio”

Onartzen da, orokorrean, AEBeko Erreserba Federalak inflazioaren eragile asko kontrolpean dituela, edo behintzat balitu bezala jarduten duela, eta petrolioa eta bestelako lehengaiak Ukrainako gudaren eta Txinak COVID-19aren aurrean emandako erantzunaren eraginpean daudela. Hori guztia horrela izanda ere, monetarismoari ere arrazoia eman beharko zaio. Milton Freedmanek inflazioa beti eta edozein tokitan gertakari monetarioa dela zioen. Pandemia arindu zuen politika fiskal eta monetarioen ondorioz, inguruan ohi baino diru gehiago dago; jendeak banketxeetako gordailuetan diru gehiago dauka eta normala da aurreikustea gastua egingo duela eta horrek inflazio handiagoa eragingo duela.

Iturria: Bloomberg

Iturria: Bloomberg

Nahigabeak alkoholean ito

AEBetan, eta ondoren Europan, merkatuen jaitsiera ekarri zuen ekainaren 9ko inflazio datu txarretatik bat ona izan zen, bai behintzat nahigabeak alkoholean ito nahi dituztenentzat: edari destilatuen inflazioa %1,4 erori zen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK