Merkatuak asteari begira

Inflazioaren eta prezioen gorakadak Txinako neurrien eta Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren harira; euroaren beherakada; konfiantza indizeak. Horiek dira aste honetako finantza merkatuko gakoetako batzuk

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Txina

Merkatuek Asiara begira hasiko dute astea. Koronabirusari aurre egiteko Txinako gobernuak hartutako neurri zorrotzek Shangairi eragin diote. Ekonomikoki eskualderik garrantzitsuena da, eta pisu handia du Txinako BPGn. Murrizketek, gainera, Txinako portu nagusienei eragin diete, eta honek hornidura kateetan kalteak eragin ditzake. Materialen eskasiak prezioen garestitzea ekar lezake, inflazioaren ondorioak are gehiago okertuz.

Errusia/Ukraina

Errusiak bere zorraren defaulta saihestu du. Apirilaren 6an mugaeguna zuten bonoak ordainditu ditu dolarretan (649 milioi dolar). Denbora irabazi du Errusiak, baina hurrengo ordainketei nola egingo dien aurre ikusteko dago.

Bestalde, merkatuak kezkatuta daude Ukrainako gerrarekin. Denboran luzatu ahala, ondorio ekonomikoak geroz eta okerragoak izango dira. Lehengaien eta erregaien prezioetan eragina nabaria da, eta inflazioa da horren isla. 

Europak Errusiarekiko menpekotasun energetikoa murriztu nahi du, eta isunak ezarri dizkio Errusiari. Dagoeneko Putinek erregaien hornidura eteteko mehatxua mahai gainean jarri du. Gas hornidura bermatuta ez izatea eta horrek Europako ekonomiak izan dezakeen eragina dira merkatuen kezka nagusiak.

USD/EUR

AEBetako Erreserba Federalak interes-tasak igotzeak dolarraren garestitzea ekarri du. Euroa azken bost urteotako preziorik baxuenean dago. Horrek Europako esportazioei laguntzen die, baina inportazioak kaltetu egiten ditu. Energia erosketak dolarretan negoziatzen dira nagusiki, eta horrek Europan inflazioa gehiago mehatxatu lezake.

Adierazleak

Aste honetan adierazle ekonomiko nagusiak ezagutuko ditugu. Alde batetik, Alemaniako txikizkako salmenten datua ezagutuko dugu gaur, baita Europako herrialde nagusien manufaktura-indizeak ere. Bestalde Europako Konfiantza indizeak ezagutuko ditugu: enpresenak eta kontsumitzaileenak. Ekonomiaren bilakaera neurtzeko erreferentziazko adierazleak dira. Asteazkenean Alemaniako balantza komertziala ezagutuko dugu. Alemania Europako lehen ekonomia da, euskal esportazioen jomuga nagusietakoa da.

Era berean, Frantzia eta Espainiako zor publikoaren enkante berriak daude. Arrisku saria igo da azken hilabeteotan, eta adierazle ona izango da aste honetako jaulkipena nola doan ikustea inbertsoreen konfiantza neurtzeko. Bihar Espainiaren hamabi hileko altxor-letren enkantea da. Ostegunean Espainia eta Frantziako hamar urteko bonuen enkantea izango da.

Asteazkenean Espainiako enplegu datuak ezagutuko ditugu.

Bilerak

Europako Banku Zentralak asteazkenean bilera du. Ez dute moneta politikari buruzko erabakirik hartuko.

Erreserba Federala asteazkenean bilduko da, eta interes-tasen igoerei buruzko erabakia jakinaraziko dute. Interes-tasak 50 puntu igotzea espero da.

OPEP petrolio ekoizleen bilera izango da ostegunean. Produkzioa handitzea erabaki dezakete.

Emaitzen aurkezpena

Ostegunean Siemens Gamesak bere bigarren hiruhilekoaren emaitzak aurkeztuko ditu (urrian hasi ohi du bere ekitaldia). Ikusmina dago emango dituzten emaitzak ezagutzeko. Aurreko hiruhilekoan 403 milioiko galerak izan zituen eta bere fakturazioa % 20,3 jaitsi egin zen. Azkeneko bi urte eta erdiko epean 2.000 milioi euro galdu du. Hiruhileko honetan ere emaitza txarrak izatea espero da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK