Atzo Estatu Batuetako Erreserba Federalaren Moneta Politikarako Batzordeak bi eguneko bilera hasi zuen. Ingurune ekonomiko zail batean bildu eta litekeena da interes-tasak igotzea. AEBko ekonomiak % 1,4 egin du atzera urte honetako lehen hiruhilekoan eta inflazioa % 8,5era igo zen martxoan, 1991etik egon den tasarik altuena.
2022ko martxoak Erreserba Federalak tasak igo zituen. Lehen aldia izan da 2018tik geroztik. Igoera xumea izan zen, 25 puntutakoa, interes-tasak % 0,25 eta % 0,50 bitartean finkatuz. Martxoko bileran osteko agerraldian aurten tasak gehiago igoko zituela iragarri zuen Erreserba Federalak. Jerome Powell presidenteak prezioak egonkortzea eta tasak igotzea ezinbestekotzat jo zuen. Izan ere atzo hasitako bileran 50 puntutako igoera mahai gainean dagoela adierazi du. Merkatuek ekaineko hurrengo bileran beste igoera bat ere aurreikusten dute.
Erreserba Federalaren erronka nagusia inflazioa kontrolatzea da ekonomian atzeraldia eragin barik. Enplegu tasa ona dute Estatu Batuek eta une honetako kezka nagusia bigarren hiru hilekoan Barne Produktu Gordinaren bilakaera da. Atzera egingo balu atzeraldi teknikoan sartuko litzateke.
Dibisen merkatuek duela hilabete batzuk aurreikusi zuten tasen igoera eta euroak balio-alera izan du dolarrarekiko. Azken hilabetean % 4,7 egin du atzera euroak, % 8,5 urtea hasi zenetik.
Dolarra garestitzea gure ekonomiari zuzenean eragingo dio. Inportazioak garestituko ditu, batez ere erregaiena. Errusiarekiko menpekotasun energetikoa saihestu nahian Espainiak gas gehiago inportatu du Estatu Batuetatik. Euroa ahultzeak gasaren prezioa garestituko du, energiaren prezioan eraginez.
Hego Euskal Herriko inportazio nagusiak Europatik badatoz ere, Txinako eta AEBko inportazioek pisu handia dute eta zenbait kasutan eurotan beharrean dolarretan egiten dira. Esportazioei dagokienez, aldiz, AEB dira gure esportazioen hirugarren jomuga nagusia. Euro merkeago batek Europatik kanpoko esportazioei lagunduko die.
Bi hamarkada eta gero Euroa Dolarrarekiko paritatera hurbiltzen ari da berriro. Euroaren hondoratzeak, hortaz, bi ondorio izango ditu gure ekonomian: inflazio altuagoa, energiaren inportazioengatik eta dinamismo gehiago esportazioetan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta