Nola finantza liteke film bat?

Behin gidoia osatuta, finantzazioa ezinbesteko elementua izan ohi da produkzioarekin aurrera jarraitu ahal izateko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euskal filmek 24 izendapen lortu dituzte Goya Sarietan. Besteak beste, filmik, zuzendaririk, aktorerik edota gidoirik onenak sarituko dituzte larunbatean Sevillan izango den ekitaldian. Sormen handiko lanak guztiak ere, baina, bada ikus-entzunezko produkzio handi orok atzean duen funtsezko elementu bat ere, askotan oharkabean pasa litekeena: finantzazioa. Zalantza ugari sorrarazten dituen pausoa da, izan ere, zenbatek dakite nola finantza daitekeen film bat, eta zeintzuk diren finantzazio iturri ohikoenak? Zalantzak argitu asmoz, euskal filmentzat egoki izan litezkeen aukerak bildu ditugu.

Filmak egiteko dirulaguntza bat baino gehiago jaso litezke, izan plataformaren batenak, telebista kateren batenak, estatuarenak, zein inbertsoreen eskutik jasotakoak. Ohikoa izaten da, ordea, dirulaguntzak berehala ez iristea, hau da, denboran zehar jaso beharrekoak izatea. Produkzio luzeen kasuetan, urteetan luza liteke grabazioa eta dirulaguntzak ere pixkanaka iristen dira. Proiektuarekin aurrera jarraitzeko, ordea, berehala behar izaten da diru kantitate bat, askotan falta izaten dena. “Lehen mailako produkzio batek milioi bat eta 200 mila eurotik gorako aurrekontua izaten du. Zenbateko oso altua izaten da eta guk aurreratu egiten diegu diru kantitate hori, dirulaguntza osoa jasotzen duten arte. Bestela ezingo lukete askotan proiektuarekin aurrera jarraitu”, adierazi du Amaia Jugo Elkargiko Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde zuzendariak. Hala ere, argi dio norbere beharrak aztertzen dituztela lehenbizi, ondoren horietara moldatu eta finantzazio aukerarik onena eskaintzeko.

Amaia Jugo: “Lehen mailako produkzio batek milioi bat eta 200 mila eurotik gorako aurrekontua izaten du. Zenbateko oso altua izaten da eta guk aurreratu egiten diegu diru kantitate hori, dirulaguntza osoa jasotzen duten arte. Bestela ezingo lukete askotan proiektuarekin aurrera jarraitu”

Elkargi bezalaxe, Luzaro da finantzazio aurrerapenak eskuratzeko egokia izan litekeen beste elkarteetako bat. Carmen Fuentes bertako zuzendariak adierazitakoaren arabera, 2005ean hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin, ikus-entzunezkoen finantzaketa lerroa araututa, beraien ekoizpena sustatu asmoz. Hitzarmena 2013. urtera arte egon zen indarrean, eta finantzaketari eutsi zioten 2015era arte. “Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren babesean, 44 mailegu formalizatu genituen ikus-entzunezko ekoizpen elkarte ezberdinekin, guztira 11.491 milioi eurokoak”, adierazi du Luzaroko zuzendariak. Tartean izan ziren, Irusoin eta Alokatu ekoiztetxeen Aupa Etxebeste! bezalako euskarazko ekoizpenak; Zine 1en Frío sol de invierno bezalako gaztelerazkoak; Dibulitoon Studio eta Irusoinen Cristobal Molón animaziozko film luzea; edota Alicia Productorren Zer duzu kapelaren azpian? izeneko dokumentala. Gainera, ekoizpen horietako batzuek ikus-entzunezko zenbait sari ere jaso dituzte.

Carmen Fuentes: “Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren babesean, 44 mailegu formalizatu genituen ikus-entzunezko ekoizpen elkarte ezberdinekin, guztira 11.491 milioi eurokoak”

Behin hitzarmena amaituta, ondorengo filmen finantzazioak Luzaroren ohiko finantzaketa hitzarmenaren barruan egin direla jakinarazi du Fuentesek, hau da, Finantza Lankidetzako Hitzarmenaren barruan. Hala finantzatu zituzten, esaterako, Nora (Gariza Produkzioak) edota Akelarre (Sorgin Films) pelikulak.

Hala ere, bi finantza elkarteen jarduna gehienbat industria enpresen beharrak asetzera bideratuta egon da. Gauzak horrela, eta ikus-entzunezkoen sektoreari bultzada handiagoa eman asmoz, prestakuntza eskaini die Elkargik elkarteko zenbait langileri, produkzioak behar bezala aztertu ahal izateko: “Industrian bezalaxe, ikus-entzunezkoen sektorean ere galera irabazien kontuak oso konkretuak izaten dira eta bere lengoaia ulertzea nahi dugu, bidelagun izan nahi baitugu".

“Euskal Autonomia Erkidegoan gutxi gorabehera hamar film egiten dira urtean, eta horiei telesailak gehitu behar zaizkie. Asko ari dira igotzen eta horrekin batera baita ematen ari garen finantzazioa ere”

Horri lotuta, aipatu beharrekoa, pandemiaz geroztik nabarmen igo dela kultura proiektuetara bideratu duten zenbatekoa, 2022an 7 milioi euro ingurukoa izanik. “Euskal Autonomia Erkidegoan gutxi gorabehera hamar film egiten dira urtean, eta horiei telesailak gehitu behar zaizkie. Asko ari dira igotzen eta horrekin batera baita ematen ari garen finantzazioa ere. Aurreko urteetan inolaz ere ez ginen finantzazio zifra horietara iristen”, nabarmendu du Jugok. Luzaroko zuzendariak, bere aldetik, ikus-entzunezkoen industriarako berariazko hitzarmen baten beharra aldarrikatu du.

Plataformen nagusitasuna lagungarri

Pandemia ostean produkzioak igo izanaren arrazoietako bat plataformek lorturiko nagusitasuna izan dela uste du Amaia Jugo Elkargiko lurralde arduradunak. Telesail eta filmak eguneratuta izatea, eta etxetik edozein unetan ikusteko aukera izatea aberasgarria dela dio. Horrek, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoari lurralde bezala ere asko lagundu diola uste du: “NetflixAmazon Prime eta antzeko plataformak orain arte Madrilen ibiltzen ziren, baina, antza, guk lortu dugun fiskalitatea dela eta, Bilbora edo Bizkaia aldera etortzeko interesa dutenaren zurrumurrua zabaldu da. Hala bada, horrek are gehiago bultzatuko du sektorea”.

Momentuz, film euskaldunak finantzatu nahi dituztela azaldu du, baina iritsi daitekeenari ateak zabalik daudela dio, kultura industriari bultzadatxoa ematen jarraitu nahi dutelako.

Eskuragarri dauden dirulaguntzak

“Film bat finantzatzea zaila izaten da, dirulaguntzak egon badaude baina horiek lortzeko lan asko egin behar izaten da eta urteak igarotzen dira laguntzak iristen hasi bitarte. Ez da jakiten, gainera, %100ean finantzatzeko aukerarik izango ote den”, jakinarazi du Miren Berasategi IBAIAko zuzendaritza batzordeko kideak. Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea da IBAIA, ekoiztetxe askoz osatua. Sektorean hasiberriak direnentzat, finantzazio bideak zeintzuk diren jakitea are zailagoa dela adierazi du. Hala, eman beharreko pausoak azaldu ditu: “Sormena izaten da lehen pausoa, eta jarraian etortzen da gidoiaren osaketa, (kontuan izan behar da gidoia ere ordaindu egin behar izaten zaiola gidoilariari), eta hirugarren pausoa izaten da finantzaketa bilatzeko prozesuarena”. Horri lotuta, filma %100ean Euskal Herrian egin daitekeela jakinarazi du, bertako dirulaguntzekin, edota beste herrialde batean, hango dirulaguntzak ere jasoz. Edozein zalantza izanda ere, ekoizleen elkartea dutela azaldu du, finantzazioa lortzeko bidea errazten laguntzen diena.   

Miren Berasategi: “Egun dagoen produktu fiskal onenetarikoa da guretzat, inbertsore pribatuek euskarazko proiektuetan diru pribatua sartuz gero, %45eko zerga kenkaria lortzen dutelako Gipuzkoan, eta, zenbait kasutan,%70erainokoa Bizkaian. Lorpen garrantzitsua da gure proiektuentzat”

Euskal Herriaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza bat baino gehiago ematen ditu, Berasategik adierazitakoaren arabera: “Gidoia idazteko, proiektuaren garapen prozesurako eta ekoizpenerako laguntzak eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretaz gain, Espainiako Kultura Ministerioak ere zenbait laguntza eskaintzen ditu”. Baina, inbertsio pribatuetan jarri nahi izan du azpimarra: “Egun dagoen produktu fiskal onenetarikoa da guretzat, inbertsore pribatuek euskarazko proiektuetan diru pribatua sartuz gero, %45eko zerga kenkaria lortzen dutelako Gipuzkoan, eta, zenbait kasutan, %70erainokoa Bizkaian. Lorpen garrantzitsua da gure proiektuentzat”. Bestelakoan, telebistek emandako dirulaguntzak ere aipatu ditu, hemen Euskal Telebistarenak, eta Espainian TVErenak. “Hortik aurrera, plataformetara edo munduko telebista kate ezberdinetara ere salmentak egin daitezke, pelikulak finantzatu ahal izateko”, gaineratu du.

Hala ere, dirulaguntza horiek pixkanaka iristen direnez, finantzazio elkarteen laguntza ezinbestekotzat jo du: “Dirulaguntzak lauzpabost zatitan iristen zaizkigu, baina filmean parte hartu duten langileei ordaindu egin behar izaten zaie, eta ezin izaten da laguntzak iritsi arte egon. Elkargi edo Luzaro bezalako elkarteek aurreratzen diguten kopurua ezinbestekoa da guretzat, segurtasunarekin batera, aurrera jarraitzeko bidea irekitzen digulako”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK