Santander eta BBVA irabazirik handienak izan dituzten Europako lau bankuen artean kokatu dira

BNP Paribas frantziarra dago lehen postuan, Santander bigarrenean, Crédit Agricole frantziarrak jarraitzen dio, eta BBVAk lortu du laugarren postua

BBVAren bankuetako bat | Argazkia: iStock BBVAren bankuetako bat | Argazkia: iStock

Banco Santanderrek eta BBVAk inoizko mozkinik handienak lortu zituzten 2022an. Bien artean 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituzten iaz, aurreko urtean baino ia 3.000 milioi gehiago. Hori dela eta, azken ekitaldian etekinik handienak izan dituzten Europar Batasuneko bankuen zerrendan sartu dira. BNP Paribas frantziarra dago lehen postuan, 10.200 milioi euroko irabaziekin; Santanderrek jarraitzen dio 9.600 milioikoekin; Crédit Agricole frantziarra dago hirugarren postuan 8.100 milioiko irabaziekin; eta BBVA ondoren, 6.400 miloi eurokoekin. CaixaBank da zerrendan ordezkatuta dagoen Espainiako beste bankua, eta hamabigarren postuan kokatu da, 3.100 milioi euroko irabaziekin.

Zerrenda horrek mozkin handienak izan dituzten Europako 15 banku baino ez ditu kontuan hartzen. Santander hirugarren postutik bigarrenera pasa da, eta BBVAk seigarren postutik laugarrenera egin du jauzi.

Frantziak bakarrik ditu Espainiak baino banku gehiago irabazi handieneko erakundeen zerrenda horretan. Erresuma Batua EBtik atera zenetik, Frantziako banku sistema nabarmentzen da gainerakoen gainetik, eta herrialdeko bost erakunde daude mozkinik handienak dituzten hamabosten artean.

Interes tasei lotuta, Espainiako bankuak izan dira hauen igoeraren onura gehien jaso dituztenak. Horren arrazoia da hipoteka zorraren ehuneko handia tasa aldakorrekin lotuta dagoela. Azken urteotan bankuek hipoteka finkoak sinatzeari eman diote lehentasuna, baina kalkuluen arabera, etxebizitzengatik duten zorraren hiru laurden inguru euriborrari lotuta dago, eta indize hori etengabe hazi da azken hamabi hilabeteetan. Ondorioz, mailegu aldakorrekin duen lotura handiagatik, bankuak beren kredituen prezioak igo ditzakete, eta, beraz, interesen araberako diru sarrerak hobetu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK