TACO: Trump beti kikildu egiten da

Edo hori uste dute merkatuek, behintzat

    Donald Trump, auto baten | Argazkia: iStock
    Donald Trump, auto baten | Argazkia: iStock
    axier garate azpitarte
    Finantza aholkularia. Bankoa-Abancako agentea
    2025eko ekainaren 3a
    Eg. 2025eko ekainaren 3a

    “Trumps Always Chicken Out” edo TACO akronimoa gailentzen ari da merkatuetan: Liberation day egunean argitaratu ziren muga zergen ezarpena 90 egunez atzeratzea erabaki zuen; Jerome Powell, Erreserba Federaleko burua, kargutik kentzeko mehatxua egun batzuen ostean baztertu zuen; Txinarekiko muga zergetan hainbat kontzesio egin ditu; Europar Batasunarekiko argitaratutako %50eko zergen proposamena egun gutxitan deuseztatu zuen eta hurrengo 24 orduetan epaileek Liberation dayko muga zergak geldiaraztea agindu zioten. Aurreko asteko asteazkenetik aurrera altzairuaren inportazioari ezarritako muga zergak bikoiztu egin ditu. Proposatutako aurrekontuen lege egitasmoak itxura hartu duenean, merkatuek ikusi dute ez duela politika fiskala gehigi estutzen eta, hori gutxi balitz, noraezean zebilen Elon Musk kaleratu du.

     
    taco grafikoa
    Muga zergen bilakaera jarraitzeko grafikoa

     

    AEBek EBrekiko ezinikusi berezia

    Trumpek EBtik bilatzen duena kalteordaina jasotzea da. Bere ustez EBk ezarri duen lehen helburua da AEBz aprobetxatzea. Begi bistakoak diren AEBen aurkako neurriez (berez muga zerga ez direnak) kexatzeko zerrenda bat bete du. Ondorengoak dira: lehena, muga zerga kondiziorik ez duten barrerak (zenbait ikerketen arabera %5 eta %13aren barrera suposatuko lukete); bigarrena, geroz eta zabalagoa den EB eta AEBen arteko merkatal desoreka (lehenengoaren alde) nahiz eta Trumpen lehen agintaldian akordio bat izenpetu zuten zuten europarrek AEBeko produktu gehiago erosi zitzaten; hirugarrena, EBk zerbitzu digitalen gain ezarritako zergak, AEBeko teknologia konpainientzat kalte handia suposatzen duen sarreren gaineko %3, alegia; laugarrena eta azkena, AEBeko produktuei erregulazioa aplikatzeagatik EBk egiten dien jarraipen zorrotza.

     

    Bien arteko merkatal harremanaren ezaugarriak ere bultzatzen du AEB europarekiko oldarkor agertzea, AEBek bere produktuak ekoizteko ez duelako menpekotasun handirik EBtik inportatzen dituen produktuekiko. Izan ere, EBk esportatzen dituenak kalitate handiko eta bukatutako produktuak direlako, automobilak, esateko. Akordio eza epe luzeagoz mantentzea ahalmentzen dio AEBri. BEZa ere muga zerga ez den merkaritzarako barreratzat jotzen du, nahiz eta zerga horrek EBeko produktuak era berdinean zergapetzen dituen.

    EBk egin ditzazkeen kontzesioak ez dira berez merkataritzazkoak; AEBei gas natural likido gehiago erosteko konpromisoa hartu dezake edo babes militarrerako aurrekontutik AEBko hornitzaileengana bideratu diru zati bat

    Gauzak hala, baina, Trumpek atzerantz egin zuen EBri %50eko muga zergak ezartzeko hartutako erabakian. Esan behar da %50eko muga zergek Europako ekonomia era larrian kaltetuko luketeela. EBk egin ditzazkeen kontzesioak ez dira berez merkataritzazkoak; AEBei gas natural likido gehiago erosteko konpromisoa hartu dezake edo babes militarrerako aurrekontutik AEBko hornitzaileengana bideratu diru zati bat.

    Nahiz eta Trumpek egitasmoan atzera egin, uztailaren 9tik aurrera plana mantenduko balu, EBeko produktuei Txinakoei baino muga zerga handiagoak ezarriko lizkieke. Horrek ez luke Txina isolatuko. Eta esan behar da apirileko mehatxuen ostean, Asiako erraldoiak bezero berriak bilatzeari ekin diola esportatzeko. Are gehiago, AEBera esportaturikoak jaitsita ere, Txinako esportazio kopurua inoizko altuena da osotasuna aintzat hartuta.

    Merkatuetan eragina

    Merkatuetan Liberation dayk bildurra sorrarazi zuen. Aldiz, momentu honetan merkatuetako aldakortasuna jaitsi dela ikustean, argi gelditu da guztiek TACOn sinesten dutela. Alegia, Trump kikiltzen ari dela. 

    Absolute Strategy Research etxeak egindako azken lau hileko inkestaren arabera, triloika dolarren arduradun diren aktibo kudeatzaileek euren posizioak arrisku eremuan antolatuta dituzte, nahiz eta, ustez, mundu mailako merkataritzan aro baten aldaketan murgilduta egon. Baikortasun horren barruan kokatu daiteke dolarraren jaitsiera espero dela urte bukaerarako, eta AEBeko inflazioa igo egingo dela. Horrek, baina, ez luke interes tasak gora egitea suposatuko. Hori dolarrarentzat ez da ona; bai ostera akzio merkatuentzat.

    Muga zergak ez dira aplikatzen ari, eta Trump administrazioak epe laburreko hazkundea sustatzen duen edozer egingo duela uste dute inbestitzaileek

    Merkatuek Trump oso serio hartu zuten Liberation day osteko astebete edo bitan. Orain, beste aldarte baten ari dira mutzen: haren mehatxuak kontuan ez hartzekoan, hain zuzen. Muga zergak ez dira aplikatzen ari, eta Trump administrazioak epe laburreko hazkundea sustatzen duen edozer egingo duela uste dute inbestitzaileek. Trump protekzionista izan da beti, eta hala jarraituko du. Kontua da, merkatuen eragina ikusita, ez diola balio izan mehatxua erabiltzea negoziazio taktika bezala. Negozioetarako posizio sendoa mantendu nahi balu, berandu baino lehen sinesgarria agertu behar du…eta hor dago benetako mehatxua.