
One Big Beautiful Bill Act (itzulita: Handi eta Ederra den Kontu Bakarraren Legea) alderdi errepublikarraren lege-proiektu bat da. Ordezkarien Ganbaran onartu ostean, Senatuan eztabaidatu dute. Hiru helburu ditu: gobernuak lehenesten dituen politikei heldu, abuztuaren bukaeran espero den ordainketa-etendura ekidin, zorraren sabaia igoz eta urriaren 1ean hasiko den datorren urterako aurrekontua onartu. Anekdota bezala, One Big Beautiful Bill Trumpek berak bere izenean erregistratu duen marka da. Lege-proiektu hori esanguratsua da bai sinbolikoki eta bai ideologikoki; zergetan murrizpen zabalak eta gizarte segurantza babes-sarearen finantzaketan beherapenak konbinatzen ditu, eta hedapen handiko ondorio politikoak izango ditu AEBen.
“Trump Kontuak”
Proiektu honek arlo fiskalean seme bakoitzeko 2.500 dolarretaraino kreditu fiskala handituko luke, langileek jasotzen dituzten eskupeko (ohikoa AEBen) eta ordu estren irabaziei kenkari berriak ezarriko lieke eta estatuko eta tokiko zergen gaineko kenkariak handituko lituzke. One Beatiful Big Bill honetako zatirik interesgarriena hemen kokatzen da: “Trump Kontuak” (izena MAGA -Money Accounts for Growth and Investment edo Trump Accounts- izendapenaren ordezkoa da). Zer dira "Trump Kontuak"? AEBeko ume jaioberri bakoitzak 1.000 dolar jasoko lituzke zerga onura duten funts indexatu batetan inbertituta eta diru hori ezingo lukete atera 18 urte izan arte. Egitasmo guztiei Trumpek bere izena jartzeko duen jokabide ahalguztidunak sor dezakeen gaitzespenaz aparte, ideia zentzuzkoa da.
Interes Konposatuaren Boterea
1.000 dolarretako kopurua sinbolikoa da, baina 18 urtetan gazteei bere bizi proiektua garatzeko lagunduko liekeen diru kopuru bateraino handitu daiteke. 18 urtetako epean ikaragarri gertagarria da S&P500 indizeak errentagarritasuna emango lukeelaren emaitza positiboa, eta diru hori denbora luzez ikutu ezina izatearen disziplinak bizitzarako irakaskuntza garrantzitsua da.
1989tik hasita Trump kontuek ez zuketen inoiz dirurik galduko euren titularrak adin-nagusi izatera heltzen zirenerako eta kasu guztietan, gutxienez, %150eko irabaziak emango lizkieke. Ordainketa paga batean egiteak egiturazko arazoak ditu (emaitza oso ezberdinak emango lituzke noiz egiten den arabera). Ondorengo grafikoan ikusi daiteke 18 urtetako epetan S&P500 indizeak eman dituen etekinak 1989tik hasita gaur arte, urte laurden bakoitzean inbertsioa egin balitz.

2008ko amaieran edo 2009ko hastapenetan jaiotakoen hasierako kopuruei lortutako balio handitzeak ikaragarriak lirateke. Historiak erakusten du itxaroten dakiten haiek emaitza hobeak lortzen dituztela. 1987ko Astelehen Beltza eta 90. hamarkadan merkatuak goia jo zuen tartean erosiko zuketenen gaur arteko irabaziak (ez 18 urte bakarrik) ondorengo grafikoan ikusi daitezke.

Zenbat eta denbora gehiago akzioen merkatuetan dirua inbertituta izan, etekin handiagoak lortzen dira; pazientzia eta interes konposatuaren boterea.
Desabantailak…
Egitasmo hori indarrean jartzearen desabantailak bestelakoa dira (ideia ona da). Funtsen kudeaketaren kostuak merke mantentzeko kudeaketa “pasiboa” izan beharko litzateke, hau da, indizea jarraitzea duena helburu bakar bezala, eta funts indexatuek, jadanik, merkatuetan sortzen duten distortsioa areagotuko luke. AEBen inbertitzeko pizgarri bat ere izango litzateke, beste toki batzuetan inbertsioak egitea errentarriagoa den momentu batetan; desglobalizazio edo nazio kapitalismoa bultzatzen duen mugimendua indartuko luke.
Historian aurrekariak
Historiak erakusten du halako neurri bat aurrera eramateak duen zailtasuna: diru publikoa balio du. Erresuma Batuan Tony Blairek antzeko egitasmoa martxan jarri zuen 2002 eta 2010 bitartean: Child Trust Fund izenekoa (ez zen “Blair Kontuak” bezala bataiatu). Erresuma Batuko programak, Trumpenak ez bezala, inguru zaurgarrienetan jaiotakoentzat diru gehiago jartzen zuen (AEBen kopuru bera da guztientzat). Programa hori krisi finantzieroaren biktima izan zen, geroz eta diru gutxiago jarriz 2011n gobernu kontserbadoreak baztertu zuen arte. "Trump kontuek" ere etorkizun berdina izan lezakete.
Alde positiboarekin gelditzearren, badu zentzua umeei erosteak eta mantentzeak onurak ematen dituela irakasteak, eta ez gaur egun gertatzen den gisan, nerabeei trading kontuak (erosi eta saltzeko appak) eskuetan jartzea.