• FINANTZAK
  • Zazpi Bikainen istorioa; hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan

Zazpi Bikainen istorioa; hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan

Zazpi Bikainek diru gastu izugarriak egin dituzte, eta, ondorioz, merkatuan aldaketak sumatzen hasi dira...

Zazpi Bikainak | Argazkia: EnpresaBIDEA
Zazpi Bikainak | Argazkia: EnpresaBIDEA
axier garate azpitarte
Finantza aholkularia. Bankoa-Abancako agentea
2026ko abuztuaren 6a - 05:30

Merkatuak narratibetan zentratzen dira; ezinezkoa da orain gertatzen dena azaltzea istorio baten bitartez ez bada. Kontaketa hastera doa:

 

Inbertitzeko era bi (gehiago ere badaude baina hauek dira jarraituenak)

Momentum edo Momentu faktorea kontuan hartuz: praktika bat da, non inbertitzaileek akzio irabazleak erosten dituzten duela gutxiko galtzaileen aurka apustu egiten duten bitartean (akzio galtzaileak saltzen dituztela, alegia). Bestea, Value edo Balore faktorea kontuan hartuz inbertitzea da; praktika horretan, ostera, akzio merkeak erosten dituzte garestienak saltzen dituzten bitartean. Kasu horretan, akzioak merkeak dira irudikatzen dituzten negozioen emaitzen oinarriekin alderatuz. Azken hiru urteetan Momentu faktorea gailendu ondoren, azken bi hilabetean Balore faktorearekiko hamar puntutako jaitsiera izan du. Istorio batek gauzak urrutiegi eraman dituenean eta inbertitzaileak ez direnean jada merkatu hori gidatzen duen istorioaz fidatzen, Momentu praktikak bat-bateko lehengoratzeekin funtzionatzen du gehienetan (jauzia eta aurreko egoerara bueltatu).

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Momentuak funtzionatu izan duen bi oldarraldi

Munduko finantza krisiaz geroztik, bi Momentu praktikaren oldarraldi luze izan dira. Lehena 2017tik pandemiara arte. FAANG akronimoaz ezagutu izan zena (Facebook, Amazon, Apple, Netflix eta Google ziren); bertan biltzen ziren Interneteko txokoak menperatzen zituzten eta dirua inprimatzeko lizentzia bihurtu ziren enpresak. Bigarrena, Covidaren ondoren, 2022ko ChatGPTren merkaturatzeak “Zazpi Bikainak” hipereskalatzaileak jarri zituen martxan (Apple, Amazon, Alphabet, Meta, Microsoft, Nvidia eta Tesla). Zazpi horiez gain, beste batzuk ere gehitzen dira, batez ere Broadcom eta Oracle. Istorio berri horrek kontatzen du adimen artifizialak (AAk) mundua konkistatuko duela eta ezarritako erraldoi teknologikoek euren eskala erabil dezaketela mundua menderatzeko. FAANG eta Zazpi Bikainen istorioen bilakaeren arteko antzekotasuna nabarmena da.

 

Azken 24 hilabetetan Zazpi Bikainen eta merkatuaren gainerako aktoreen arteko arrakala itxi eta berdindu egin da.

Zazpi Bikainen istorio honek urte hasieran azpi-istorio edo subtrama zirraragarri bati bide eman zion: hipereskalatzaile horiek kapital-gastu izugarriak egiten ari zirela, gastu horiek txip-fabrikatzaile gutxi batzuei bideratuko zitzaizkiela, eta txip-fabrikatzaileek nahi duten prezioan saltzeko gaitasuna zutela. Beraz, urte hasieratik gastu honen onuradunek, erdieroaleek eta memoria txipek, gidatu dituzte merkatuan igoerak. Bitartean, Zazpi Bikainak nabarmen merkeago bihurtu dira; Microsoftek esaterako, orain gutxi, batez beste aurreikusten diren irabaziak baino 19 aldiz gehiago kotizatzen zuen; azken hamarkadan, aldiz, 27 aldiz gehiago kotizatu izan du, hau da, egungo batezbestekoa oso azpitik dago.

Metak, ostera, azken hamar urteko batezbestekoaren arabera, 20 aldiz gehiago kotizatu ostean, egun 14 aldiz gehiago kotizatzen du. Aurreko astean aurkeztutako negozio emaitzek erakusten dute enpresa horien oinarrizko negozioetan ez dela jaitsierarik izan eta abagune interesgarriak egon daitezkeela balorazioak gehien jaitsi diren lekuetan. AAerako konputazio ahalmena oraindik eskariaren azpitik izanda nabarmen, hipereskalatzaileek defenda dezakete kapital inbertsio masiboak justifikatuta daudela. AAean inbertitutako euro/dolar bakoitza proposamen honetan oinarritzen da: potentzia informatikoaren eskaria bizkortzen jarraituko duela. Istorio honen trama orokorra zera zen: enpresa handi hauek (Zazpi Bikainek) hondorik gabeko poltsikoak zituztela eta teknologia berri eta zirraragarria menderatzeko behar zena gastatuko zutela.

Txinak AAan izan duen aurrerapen azkarrak kapitalean oso intentsiboak diren negozio-ereduak behar ote diren planteatzen du

Azken bi hilabetetan, ostera, inbertitzaileek kapital gastu ikaragarri horien arriskuen kontzientzia hartu dute: efizientziaren erronka, modeloaren merkantilizazioa, edo enpresek AA uste baino motelago hartatzea eta, beraz, eskaria egun eraikitzen ari den gaitasunaren oso azpitik gelditzea, berehala gutxiago balioko duen gehiegizko azpiegitura batekin utziz industria. Beste arrisku bat ere badago: Txinak AAan izan duen aurrerapen azkarrak kapitalean oso intentsiboak diren negozio-ereduak behar ote diren planteatzen du.

Zazpi Bikainek gauzak urrunegi eraman dituztela dioen narratiba babesten duen azalpen teknikoago bat akzioen eskaintza areagotzean dago. Akzioen eskaintza handiago batek, gainerako guztiak maila berean mantenduz, akzioen prezioak beherantz bultzatzen ditu. Orain arte enpresek euren akzio kopurua jaisten joan dira etengabe; akzioak berrerosi dituzte, baina enpresen bat egiteak eta eskuraketak zituzten diru-fluxuekin. Horrek bultzatu du hainbaten merkatua. Barclays inbertsio bankuko adar espezializatuak erakusten duenez, 2026 urtea kapital eskaintza handitzen den lehen urtea izan daiteke hamarkadetan. Hipereskalatzeileek dirua behar dute beren kapital-gastuak finantzatzeko, eta merkatuetan haien akzioak multiplo eskuzabaletan negoziatzen zaizkienez, zorra emititzearen ordez merkeagoa zaie finantzaketa kapital soziala bilduz lortzea.

Azken hilabeteko jaitsieraren aurretik, Elon Musken Spacexen Hasierako Eskaintza Publikoaz gain (enpresa pribatu batek bere akzioak lehen aldiz publikoari saltzen dizkion prozesua da, balore burtsan kotizatzeko), beste eskaintza (HEP) gehiago espero ziren, bereziki, OpenAIrena (ChatGPTren sortzaileak) eta Antropic PBCrena. Orain, inbestitzaileak gosea galtzen ari dira, eta horrek enpresa eraman dezake burtsara joateko denbora gehiago itxarotera.

Zazpi Bikainen istorioa azken kapitulura iritsi dela dirudi, edo agian lehen denboraldiaren bukaera da…

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain