• FINANTZAK
  • Zerbitzuen sektorean eginiko apustuak inoizko emaitza onenak lortzera eraman du Elkargi

Zerbitzuen sektorean eginiko apustuak inoizko emaitza onenak lortzera eraman du Elkargi

480 milioi euroko jarduera finantzariotik erdia dagokio zerbitzuei, baina hazkundea izan du oro har industrian, merkataritzan edo eraikuntzan ere

Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusia, eta Lander Arteche presidentea, atzoko agerraldian | Argazkia: Europa Press
Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusia, eta Lander Arteche presidentea, atzoko agerraldian | Argazkia: Europa Press
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026eko otsailaren 19a - 05:30

"Esan al daiteke emaitza historikoa dela 2025ekoa Elkargirentzat?", galdetu zien kazetari batek Elkargiko presidente Lander Artecheri eta zuzendari nagusi Zenon Vazquezi atzo eginiko agerraldian. COVID-19ko "urte berezia" albo batera utzita, inoiz baino finantzazio gehiago eskaini zuen entitateak 2025ean: 525 milioi euro izan ziren, 480 milioi eragiketa estandarretan —horren %40 inbertsio jardueretara bideratua—, eta beste 45 milioi Findustria funtsaren bitartez. %15,5eko hazkundea da denera, 4.000 operazio itxita. Bestela esanda, 2018an eskainitako finantzazioa bikoiztu egin du —250 milioikoa izan zen orduan—, eta %17ren bueltako kaudimena izan du, 10 milioitik gorako balioa sortu ostean. "Espainiako Bankuak eskatzen duen %8ko kaudimen mailaren bikoitza dugu, alegia". Eta zifra hori ez da aurtengoa soilik: 2024ean %16,6koa izan zen. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Emaitza ona izanik ere, urteko gorabeherak ere sumatu ditu Elkargik 2025ean: "lehen seihilekoa oso indartsua izan zen, eta uda ostean beherakada ikusi genuen inbertsio beharretan. Dena den, urte amaieran berreskuratu egin da, eta 2026ko urtarrilean dagoeneko 48 milioi euroko finantzazioaz ari gara", azaldu zuen Vazquezek. 2026an gertatuko dena baieztatzeko goizegi bada ere, bai aipatu daiteke azken urteetan gako izaten ari dela Elkargirentzat zerbitzuen sektoreari loturiko finantzazioa: 2019an guztizkoaren %23 izatetik, %50ekoa izatera igaro zen 2024ean, 200 milioi euroko langa gaindituz lehen aldiz. 2025ean joera horri eutsi diotela dirudi: 480 milioi euroko jardueratik 220 milioi euro izan dira zerbitzuei loturikoak. Esan beharra dago, halaber, merkataritzari loturiko bolumena bikoiztu egin duela Elkargik iaz, %4raino, eta eraikuntzan, ostalaritzan, garraioan eta lehen sektorean ere hazkunde txiki bat izan duela. Guztizkoaren %11, %6, %2 eta %1 dira, hurrenez hurren.

%15,5eko hazkundea da denera operazioetan, 4.000 operazio itxita

Industriari erreparatuta, %29ko pisua izan du, BPGaren pisuaren bueltan dagoen zifra alegia. 2019ko %30eko zifratik gertu dago, eta 2024ko 112 milioi eurotik 139 milioi eurora igaro da, oraindik 2023ko 179 milioi eurora iritsi ez bada ere. "Ez gara zailtasunak ikusten ari ordaintzeko, are zorra txikitzen ari dira zenbait enpresa", esan zuen Artechek. 

 

Horrek ez du esan nahi enpresa industrialek bizi duten egoerarekiko kezkari azaldu ez dutenik presidente eta zuzendari nagusiak. "Industria aurrera doa, baina presio geroz eta handiagoa du". Adegi, Cebek eta SEA patronalen irakurketak mahai gainean jarri ditu Artechek, zeinetan enpresetan dualtasun egoera antzematen den. Askok balizko "atzeraldia" ikusten dute, oro har 2026an eskaera zorroan etor litekeen beherakada dela medio. Gainera, zuzendari nagusiak esan duenez, enpresen marjinak txikitzen ari dira, bai geopolitikak —Trumpen politikek— eta lehiakortasun arazoek —Txinako enpresen politikak, Europako erregulazioak— bultzatuta, bai enpresen egiturazko erronkak —absentismoa, talentu falta, kostuen igoera...— direla eta. "Enpresen dimentsionatzea zaindu egin behar dugu", adierazi zuen Artechek. "Enpresen tamaina inportantea da", baieztatu zuen Vazquezek. 

Berrikuntzaren aldeko apustua

Tamainaz gain, dibertsifikazioa eta kultura finantzarioa gakotzat jo ditu Vazquezek enpresek aurrera egingo badute. "Geopolitika ez dago enpresen esku; kultura finantzarioa areagotzea bai, eta horrek euren lehiakortasuna hobetzen lagundu dezake", azpimarratu du. "Diagnostikoa partekatzen dugu, baina soluzioaren parte izan nahi dugu", gaineratu du Artechek.

Ildo horretatik, proiektu berritzaileak finantzatzeko eskainitako produktuen bilakaera nabarmendu du zuzendari nagusiak, besteak beste Elkargiren Zorrerako Funts berria, 50 milioi eurokoa. "Lehen operazioak aurki sinatuko dira", kontatu zuen. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera Berrikuntza Funtsa jarri dute martxan, zeinetan 5 milioi euro formalizatu diren %3,04ko interesarekin. Lehendik 70 milioi euroko beste funts bat zuen entitateak funtzio horretarako. Bestalde, start-upetara 14 milioi euro bideratu dira jasangarritasunari, zibersegurtasunari, mugikortasunari edo adimen artifizialari loturiko proiektuak bultzatu asmoz.

Zenon Vazquez: "Geopolitika ez dago enpresen esku; kultura finantzarioa areagotzea bai, eta horrek euren lehiakortasuna hobetzen lagundu dezake"

Finantzazio tresnez harago, kultura finantzarioa sustatzeko azken urteetan formakuntza eta aholkularitza zerbitzuak indartu nahi izan ditu Elkargik, baita emaitzak lortu ere. Zehazki, 1.500 lagun baino gehiago igaro dira entitateak antolatutako formazio saioetatik, gehienak elkarlanean bultzaturikoak izanik. Oinarrizko finantzak zein aurreratuak, AAren erabilera... izan dituzte hizpide horietan. Aholkularitza finantzarioari erreparatuta, 200 proiektu baino gehiagotan parte hartu dute elkarrekiko berme sozietateko profesionalek. 

Bizkaian gora, Gipuzkoan behera

2026an Espainiako zenbait lurraldetan duen presentziari bultzada eman nahi dio entitateak, zehazki, Errioxari eta Kantabriari. Gaur-gaurkoz, Gipuzkoan egiten ditu operazioen %36, nahiz eta lurralde horretan 149 milioi eurotik 139 milioi eurora igaro bada ere. Bizkaian 174 milioi eurora iritsi da 2025ean Elkargi, %24,79ekin, eta denaren %34 da dagoeneko. Araban ere hazi egin baita, %16, eta 66 milioitik 74 milioira igaro da. Gauza bera gertatu da Nafarroan, non hazkundea %11koa izan den, 37 milioitik 55 milioira igarota. 

Lander Arteche: "Enpresen dimentsionatzea zaindu egin behar dugu"

Urteko emaitzak aurkeztuta, hitzordu garrantzitsua du entitateak martxoaren 4ean, Donostiako Kursaalen, orduan egingo baitu urtero antolatu ohi duen topaketa enpresariala, munduko ordena ekonomiko berrian fokua jarrita. Iazko edizioan parte hartu zuten Jose Manuel García-Margallo eta Josep Borrell izango dira aurten ere, eta Ana Palacio eta Arancha Gonzalez Laya Kanpo Harremanetarako ministro ohiak batuko zaizkie solasaldira. Carlos Torres BBVAko presidentea ere izango du topaketak, zeina hizketan arituko den Jose Manuel Campa Europako Bankuen Elkarteko presidente ohiarekin. Bai Artechek, bai Vazquezek gaurko hitzordua baliatu dute bertaratzeko gonbidapena luzatzeko.