• FINANTZAK
  • Zuzendaritza karguak berritu ditu Kutxabankek

Zuzendaritza karguak berritu ditu Kutxabankek

“Aro berri baterako talde berria” aurkeztu du finantza-erakundeak, eta Eduardo Ruiz de Gordejuela izendatu du kontseilu delegatu bezala. Era berean, Fernando del Hoyok hartuko du Handizkako Negozioaren Zuzendari nagusiaren kargua eta Aitor Aramburu Olabarrik Txikizkako Negozioarena

Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela
Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela
2023eko ekainaren 29a
Eg. 2023eko ekainaren 29a

Kutxabanken Administrazio Kontseiluak gaur egindako ohiko bilkuran zuzendaritzako izendapen berriak onartu ditu, eta Eduardo Ruiz de Gordejuelari eman diote finantza-erakundeko kontseilari delegatu berriaren kargua. Ruiz de Gordejuelak “etxeko pertsonek osatutako talde baten alde” egin dutela azaldu du, baita ildo exekutiboan belaunaldi aldaketa prozesuarekin jarraitzen dutela ere, “oreka bilatuz, egitura horizontalagoarekin eta ikuspegi profesionaletik edota ezagutzari dagokionez aberastasun handiagoa bilatuz”.

 

Era berean, Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak zera esan du: “hazteko, errentagarritasuna hobetzeko eta banku honen berezitasuna mantentzeko aukera handiko egoera batean gaude, horiek baitira etorkizuneko gako estrategikoak".

Egitura berriari dagokionez, kontseilari delegatuaren menpe egongo dira Fernando Martinez Jorcanok gidatuko duen Bitartekoen Zuzendaritza Nagusia, Aitor Aranburu buru izango duen Txikizkako Negozioa, Fernando del Hoyo zuzenduko duen Handizkako Negozioa eta Arriskuen Zuzendaritza Nagusia, Fernando Irigoyen buru duela.

 

Beste sau sailek Presidentziaren menpe jarraituko dute zuzenean: José Antonio de Tomás Estrategiako zuzendari nagusia izango da, Fernando López de Eguilaz Jasangarritasun arlo berri eta indartuaren zuzendaria, Francisco Paniagua eta Xabier Notario Zuzendaritza Juridikoko eta Gobernu Organoen Idazkaritza Teknikoko arduradunak, eta Endika Ruiz de Zarate Komunikazioko zuzendaria.

Presidentziaren esparruan, Ismael Reciok Arriskuen Kontrol Globaleko arduradun bezala jarraituko du, Isabel Gomez Arautegiaren Betetzea eta Talde Kontrola arloko arduraduna izango da eta Roberto Moll Barne Ikuskaritza ataleko burua.

Horrez gain, Ander Ezkurrak hartuko du Pertsonen Zuzendaritza Saileko arduradun kargua, Iker Arteagabeitiak Finantza Zuzendaritzakoa, Ignacio Martin-Muñiok Merkatu eta Diruzaintza Sailekoa eta Jose Luis Bastarricak Partaidetzen sailekoa.

Azkenik, CEO kabinete batek, Bezeroaren Esperientzia Sailak eta Digitalizazio Sailak osatutako laguntza-taldea izango du kontsailari delegatuak, eta horien buruak Sabin Izagirre, Ainhoa ​​​​Arruabarrena eta Amaia Ayastuy izango dira, hurrenez hurren. Joseba Barrenak Cajasurreko kontseilari delegatu eta Kutxabank Seguroseko presidente izaten jarraituko du eta Alicia Vivancok Norbolsako presidente karguari eutsiko dio.