1980ko hamarkadako Bilbo

Askotan irudimenean zehar bidaiatu dut Guggenheim aurretiko Bilbora, industria-birmoldaketaren ondorioak pairatzen aspaldi hasia zen hiri itsusi eta kutsatu hartara. Gaur egungo Bilbao modernoarekiko kontrastea hain da handia non hiri hura existitu zenik ere ezinezkoa dirudien. Den-dena, ordea, ez zen Bizkaiko Labe Garaiek sortutako ugerra; lantzean behin, lore ederren bat aurki genezakeen hainbeste lokatz eta zikinkeriaren artetik: Eskorbuto, La Otxoa eta Zarama, esaterako; edo Joan Baezek Laboaren Txoria txori abestu zuenekoa Vistalegre zezen-plazan; edo Oteizak eta Saenz de Oizak diseinatu zuten Alondegiko kristalezko kuboaren amets zapuztua; edo Euskalduna ontziolako bataila; edo Athleticek irabazitako azken errege kopa.

1977an jaioa izanik, aipatutako 1980ko hamarkadako gertakizun horiek guztiak ez nituen bertatik bertara bizi. Kontatu didatenagatik, irakurri edo artxiboetan ikusi dudanagatik ezagutzen ditut, eta izan dudan jardun profesionalari esker, garai horiek dokumentaletan (ber)bizitzeko aukera izan dut. Eta zerbait ikasi badut, zera da: Bilboko ‘miraria’ deitzen dioten hori (hau da, hiri industrialetik zerbitzuetako hirira nolabaiteko arrakastaz iragan ahal izatearen miraria) gehiago dela aldez aurretik planifikatutako estrategia baten emaitza (hala metroaren eraikuntzari, nola Ibaizabal ibaiaren garbiketari ekitea), Guggenheim museoaren zorizko sorkuntza baino.

Azkenaldian, berriz, 1960ko urteetara 'bidaiatzen' dut. Baserri bakan batzuez osatutako Deustuko goiherri deiturikoa Elorrietako San Ignazio auzune sindikal bihurtu zeneko egunetara. Hamarkada bat iraun zuten bai etxebizitzak bai erdigune den futbol zelaia burutzeko lanek. Bost altuera eta lorategi pribatua zuten eraikin-bloke linealeko etxebizitzak, denak orientazio berari jarraituz. Lehen sektoreko ekonomiatik bigarrenera aldaketa, beraz: ireki berria zen Deustuko kanaleko industria-enpresa gehienak garai horretakoak ziren.

Franco diktadorea bera Obra Sindical del Hogar egituraren baitako langile-auzo berria inauguratzera etorri zen. Saniko lagun batek kontatu zidan hori, ahopean kontatu ere, akaso oraindik auzoaren memorian txertatua dagoen bizipen traumatikoa izaten jarraitzen duelako. Izan ere, industria sektoreko langileak ez ezik, sindikatu bertikaleko kideak eta polizia frankista ere etxebizitza berri horien jabe egin ziren. Egun, belaunaldi aitzindari hura ia desagertua dagoenean, San Ignazio auzoaren egitura soziologikoa guztiz aldatu da, kale-izendategia barne: 1980ko hamarkadan, besteak beste, Avenida del Ejército Agirre lehendakariaren etorbide bihurtu zen eta Levante plazako polizia nazionalaren komisaldegia auzoko liburutegi.

Gaur egun esaten da orain arte Bilbon ibaiari bizkarra emanda bizi izan garela, gure iragan industriala ezeztatzeak turistak erakarriko dituelakoan-edo. Astakeria handiagorik. Nola ote da posible gizarte honen egitura sozioekonomikoaren erdigunean dagoen eta horrenbeste onura ekarri digun ibai honi bizkarra ematen bizitzea?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK