Euskara irakaslea

25 urteko bidaia

2025eko ekainaren 19a
Sin título

Sortze beretik proiektu batekiko lotura profesionala egon denean eta atxikimendu emozionala hain handia denean, zaila izaten da berari buruz hitz egitea. Bai Euskarari ziurtagiriak 25 urte bete ditu, eta bizi izandako oroitzapenak eta esperientziak metatzen zaizkit oroimenean. Gogoan al dituzue Kontseiluak sustatu zituen Bai Euskarari kanpaina, Bai Euskarari Akordioaren prozesua edo Plan Estrategikoa? Bada, ingurumari horretan garrantzi sozial handiko ekimen bat abiatu zen, gizarteari euskararen aldeko alternatiba erakargarri bat eskaintzeko helburuarekin. Proiektu horrek, neurri eta konpromiso zehatzen bidez, euskararen erabilera handitu nahi zuen sektore guztietako edozein motatako entitateen artean, beti ere erakunde bakoitzaren egoerara egokitzeko aukera eskainiz.

 

"120.000 lagun konpromisoan elkarturik, euskarak bizi behar duelako, euskaraz bizi nahi dugulako. Gauza batzuk Euskal Herrian baino ez dira gertatzen... Euskararentzat XXI. mendea 1998ko abenduaren 26an hasi zen...". Horrela zioen 1998ko Bai Euskarari ekitaldiaren berri emateko bideoaren hasierak. Ekitaldiaren ondoren, milatik gora erakundek, 21 lantaldetan banatuta, bakoitzak bere sektorean euskarak zuen egoeraren diagnostikoa landu zuten, ondoren helburuak eta neurri zehatzak proposatzeko... Horrenbestez, Bai Euskarari ziurtagiria abian jartzeko erabakia plan horretan parte hartzen ari ziren gizarte-eragileek eginiko eskariaren ondotik etorri zen, Kontseiluari proposatu baitzioten planean gomendaturiko neurriak borondatez hartu eta abian jarri izana kreditatzeko sistema sortzeko. Entitateen iritziz, eragin nabarmena izan behar zuen konpromisoak hartzeak ziurtagiri baten bidez publikoki saritua izatera eraman ahal zezakeela jakiteak.

2000ko ekainaren 13an banatu zen ziurtagiria lehendabiziko aldiz. Bai Euskarari ziurtagiria aitzindaria izan zen, hizkuntza kudeaketarekin lotutako lehenengo ziurtagiri sistema baita, beste hizkuntza komunitate batzuetan eredu bezala erabili dutena. Konpromisoaren ikurra da. Bidean eraikitzen joan da proiektua, hasierako helburuei eutsiz, baina ziurtagiria duten entitateen eskariei erantzuteko metodologikoki aldaketa nabarmenak erantsi dira etengabe. Horri esker, bere bilakaera oso esanguratsua izan da, beti saiatu izan baita entitateei ahalik eta erraztasun handienak eskaintzen, hizkuntzen kudeaketan laguntzeko. 25 urte hauetan, sektore guztietako milaka erakunde, saltoki eta enpresa batu dira euskaraz bizi, lan egin edo-eta zerbitzuak zein produktuak euskaraz baliatu nahi dituztenen komunitatera. Ziurtagiria ez da inoiz argazki estatiko bat izan, Bai Euskarari ziurtagiria urtez urte berritzen den konpromisoaren ikurra da, eragitea bilatzen duena, beti egongo baitira eman beharreko urrats berriak.

 

2007an, lan munduan euskararen erabilera areagotzen eragiteko, proiektua partekatzeko eta Bai Euskarari Elkartea sortzeko erabakia hartu zuen Kontseiluak eta, horrela, euskalgintzatik kanpoko erakundeak ere inplikatu ziren proiektuaren kudeaketan. Oztopoak gorabehera, proiektu bideragarria eraikitzea lortu du elkarteak eta, ziurtagiridunen beharretatik abiatuta, lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektu berriak sortu ditu urte hauetan guztietan: Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, Lazarraga Sariak, ‘Elkarrengandik Ikasiz’ solasaldiak... eta elkarlanean aritzen da beste zenbait enpresa zein erakunderekin hainbat proiektutan.

25 urte hauetan, lorpenak ugariak izan dira. Euskara gero eta presenteago dago lan munduan, nahiz eta urrun egon orduan amesten genuen egoeratik. Eta hori guztia, Bai Euskarari ziurtagiria duten erakundeen konpromisoari esker. Haiek izan dira bidegile eta eredu, erakutsiz posible dela euskaraz lan egitea, kalitatez eta profesionaltasunez. Horregatik, uste dut urte hauetan proiektuan lan egin dutenek eta orain lantaldea osatzen dutenek oso harro egon behar dutela eraiki dutenarekin, eta landu dituzten proiektu eta lankidetza guztiekin.

Ziurtagiriaren 25. urteurrena ospatzea ez da soilik iraganeko lana aitortzea; etorkizunari begira jartzeko unea ere izan behar da. Eta horretarako, ezinbestekoa da komunitate sendo bat izatea, elkarrekin ikasten eta elkarri bidea errazten jarraituko duena. Ziur naiz Bai Euskarari Elkarteak babesa, baliabideak eta ilusioa eskaintzen jarraituko duela, euskararen aldeko hautua errazagoa izan dadin. Etorkizunak ekarriko dizkigun erronka ugarien aurrean ere prest egon beharko du. Eta erronkak askotarikoak dira: erabilera-eremuak zabaltzea, aldaketa demografikoak eta migrazio prozesuak aukera bihurtzea, adimen artifiziala eta hizkuntza teknologia aliatu bilakatzea, horiek guztiak aintzat hartuta garatuko diren hizkuntza politikak lantzea eta aplikatzea, etab. XXI. mendearen hasieran salto handi bat eman genuen bezala, mendearen bigarren laurdena hasiko dugun honetan, beste jauzi baten beharrean gaude, datozen hamarkadetan euskara lan munduan zabaltzen joan dadin.

Pieza guztiak norabide berean ondo kokatu behar ditugu eta ondo zehaztu behar dugu bakoitzak zer funtzio duen eta zer egin behar duen. Epe luzera begirako ikuspegia behar da erreferentzia egokiak eskaintzeko eta lan munduan euskararen presentzia bermatzeko. Administrazioa, euskalgintza, enpresak, sindikatuak, hezkuntza munduko eragileak... Denon artean landu behar da etorkizuneko ikuspegia euskaraz ere lan egiteko aukera zabalagoa izateko. Bai Euskarari elkartea beti izan da eragile aktibo bat eta aurrera begira ere izango da. Beraz, ospatu dezagun ziurtagiriaren urteurrena. Baina bihartik hasita, egin dezagun modua 25 urte barru lan munduaren egoera askoz aldekoagoa izan dadin.

Zorionak, bihotzez, eta mila esker egindako lan eskergarengatik eta urte hauetan guztietan eman duzuen guztiagatik. Eta eskerrik asko abentura honetan parte hartzeko ohorea eta aukera eskaintzeagatik.