400 kaleratze: albiste bat baino gehiago

Nafarroan dagoen Volkswagen (VW) lantegiak adierazi duenez 400 langile kaleratzera doaz, eta horrek izugarrizko oihartzuna eragin du hedabide zein sindikatuetan. Multinazional baten eskema globalean uskeria hutsa dirudien arren, kopuru horrek esanahi sakona hartzen du euskal industriak egituratu duen eskualde baten bizitzan.

Klima-aldaketaren kontrako neurriak eta berrikuntza teknologiko azkarrak direla eta, ibilgailu elektrikoetan eta teknologia garbietan apustu egitera behartuta ikusi dira enpresa guztiak, baita VW ere; izan ere, kotxe-elektrikoen proportzioa oso azkar hazten ari da multinazional alemaniarrean: 2020an %2,5etik 2021ean %5,1era igaro da, eta iaz %6,9ra. Aurtengo helburua —enpresaren esanetan— auto elektrikoen produkzio kuota %11 ingurukoa izatea da. Aldaketa horiek, zalantzarik gabe, beharrezkoak dira planetaren eta sektorearen etorkizunerako, baina sakrifizio, erabaki eta inpaktu-sozial zailak eragiten ari dira dagoeneko fabriken berregituratzeetan eta lan-gaitasun berrietara egokitzean. Are gehiago nabarituko dugu datozen urteetan hain industria tradizionala sustatu den Euskal Herrian dauden enpresa ertain eta multinazionaletan, teknologia berrien heziketan eta formakuntza ez bada gehiago indartzen.

Horren adibide garbia da Nafarroako Volkswagenen gertatzen ari dena. 400 kaleratze izango direla aurreikusten da, baina horrelako erabaki batek eragiten duen domino-efektuak duen eragina ere kalkulatu al da? Horrelako jendetza kaleratzeak aldaketa estruktural bat planteatzen du, muntaketa-kate aldaketa, material aldaketa, mekanika aldaketa, etab. Honek tokiko hornitzaileak, merkataritza eta eskualdeko bestelako agente-ekonomiko ugari kolpatuko ditu, eta egiturazko aldaketak egitera behartu.

Ekonomia jasangarria lortzeko trantsizioak, sakrifizioak, moldagarritasuna eta epe luzeko ikuspegia eskatzen du, nahiz eta egungo erronkek ez dituzten etorkizuneko aukerak eklipsatu behar. Funtsezkoa da gobernua, gizarte zibila eta sektore pribatua elkarlanean aritzea trantsizioa modu jasangarriago batean egiteko; izan ere, enpresek erabaki estrategikoak hartzeko eskubidea eta, batzuetan, beharra duten bitartean, haien erantzukizun soziala ere onartu behar dute. Gero eta interkonexio handiagoa duen mundu honetan, herri bateko multinazional baten ekintzek adarkatze globalak izan ditzakete irudiari eta erantzukizunari dagokienez. Nahitaezkoa dute VW bezalako enpresek beren erabakien eragin sozial negatiboa minimizatzeko moduak bilatzea, izan gaikuntza-programen bidez, barne-birkokatzeen bidez edota toki-erakundeekiko aliantzen bidez. Ez dugu oraindik halakorik ikusi, ordea.

Birziklatze profesionaleko programa intentsiboa bultzatu beharko lirateke, teknologian edota garapen iraunkorra bezalako sektoreetan lanpostuak sortzeko. Gobernuak pizgarri eta aukera berriak eskain behar ditu eta politika egokien laguntzarekin, laneratzeko bidean lagundu. Volkswagenek Nafarroan 400 langile kaleratzea albiste bat baino gehiago da: gogoeta, elkartasun eta ekintza bateraturako deia da, aurrerapen teknologikoa eta justizia soziala eskutik eramango dituen etorkizuna ziurtatzeko. Krisi klimatikoak, teknologia berriek eta automatizazioranzko hiruko-trantsizio honetan, inpaktu hirukoitzeko jasangarritasunaren xerka etengabean jardun behar gara guztiok: ingurumen-inpaktua, inpaktu soziala eta inpaktu ekonomikoa. Ez da eraldaketa eta trantsizio justurik izango hiruak era berean eta behar duen zaintzarekin lantzen ez badira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK