Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Abenduaren tirania

2024eko abenduaren 9a
xabi murua 2022

Abendua iristearekin batera, ohikoa da lan-eremu gehienetan presioak eta estresak gora egitea. Fakturak ixtea, proiektuak bukatzea, helburuak betetzea… dena amaitu eta itxi behar dela dirudi, urtea amaitzera doa eta. Eguneroko lan-karga handitzen da eta denboraren pertzepzioa estutu egiten zaigu, psikosi batean murgildu bagina bezala. Baina, zergatik? Zergatik da abendua urteko hilabeterik kaotikoena? Zergatik gaude “topera” dena amaitzeko?

 

Urte amaiera beti izan ohi da mugarri. Gehienontzat, ikasturteko egutegia dutenak kenduta, hilabete honetan dena amaitzeko presioa dago, itxiera “sinboliko” bat. Askotan, lan egiteko modua ez da urtean zehar planifikatzean sortzen, baizik eta azken momentuan, urte amaieran, sortzen diren “larrialdi” eta behar faltsuek sorturiko lana da. Zergatik ezin dira helburuak denboran hobeto banatu? Zergatik izaten da azken momentuko erabaki eta eginkizunen pilaketa hau? Nork esan du urtea laburtzeko txosten famatu horiek abenduaren erdian hasi behar ditugunik?

Egutegia eta norberaren arteko lehia galdu izan bagenu bezala jokatzen dugu, urtarrilaren 1ean dena “hutsetik” hasiko bagenu bezala. Enpresek, gobernuek eta bestelako erakundeek ere urteko emaitza ekonomikoak aurkezteko beharra izaten dutela argi dago, baina hainbestekoa al da lan-karga? Nik abenduan “topera nabilela” esaldia esan behar dudala barneratu dut, baina ez dakit nik maiatzeko edo urriko hileekin alderatuta benetako alderik dagoen. Produktibitatearen ideiari lotuta bizi gara, baina produktibitate hori askotan erritmo azeleratuekin eta lan-karga neurrigabeekin soilik lortzen dugu. Gutxi eta ondo egiteak, kalitateak, ez al du lekurik hemen?

 

Ez dezagun ahaztu urte amaierak lanetik harago doan zama emozional eta soziala ere baduela. Familiarekin afariak, Gabonetako ospakizunak antolatu eta erosketa zerrenda amaigabeak bete beharrean ibiltzen garela. Ez da harritzekoa abendua urteko hilabeterik nekezena izatea. “Urtarrilean atseden hartuko dugu”, baina atseden hori urte amaierako gehiegikeriak konpentsatzeko egingo al duzu?

Konturatuko zinen honezkero lehenengo lau paragrafoak galdera batekin bukatu ditudala, eta erantzunik ez. Ezinbestean, alternatibak planteatzea tokatzen zait, eta halaxe egingo dut: lehenik eta behin, planifikazio hobea behar dut(gu). Urte amaiera ez dugu larrialdi edo azken momentuko estres gune bat bilakatu behar, eta helburuak eta egutegiak era errealistan eta banatuan planteatu beharko ditugu. Bigarrenik, enpresa eta erakundeen aldetik langileen lan-karga jasangarria izan dadin, helburu errealistak ezartzea eta azken momentuko lan-pilaketak saihestea ezinbestekoa izango da; eta azkenik, gure ikuspegia moldatzea: urtea amaitzen da, baina bizitzak aurrera darrai. Ez da ezer gertatzen abenduan dena amaitzen ez bada, urtarrila ere hortxe dugu lanarekin jarraitzeko.

Urte amaiera gertu dugun honetan, gogoeta bat: zein puntutaraino gaude denbora eta produktibitatearen tiraniapean? Agian, badugu momentua urte amaiera bere balio sinbolikoan birkokatu eta eginbeharren bat —errebeldia ekintza gisa— urtarrilera atzeratzeko. Beno, hau esanda banoa, “topera nabil eta!”