Bozka batek erabaki baten parte egiten gaitu. Baita ez bozkatzeak ere. Erabakimen kolektibo eta sozialari forma emateko moduetako bat dugu, besterik ez, munduaren alde honetako hauteskunde-sistema. Herritarren ekintza batek, bozkak alegia, pisu eta eragin handia du, eta beste erabakitzeko, parte izateko beste modu batzuek, erabakiak ebaluatzeko hausnarketa-batzarrek, edota ordezkari-hautatuen erabakien inguruko gardentasun eta informazio bideek batere ez. Ez dira sistemaren parte, gehienetan.
Azken garaian Arabako kontzejuen sisteman parte hartzeko aukera izan dut, bizitzako aldaketak medio, eta arreta hartu dit beste herrialde batzuetan jada desagertu den molde honen erraztasunak (baita konplexutasunak ere), balioak, eta herriko aferen inguruko erabakimenaren parte zuzena izateak zer baldintza behar dituen jabetzeak. Irizpidea izateko informazioa elkarbanatzea, gertutasunaren eragina eta herri-irizpideari eusteko erronka… Zerrenda amaigabea izan daiteke.
Ez baita gauza bera erabakiko dutenak hautatzea, eta erabakitzea bera.
Urrun geratzen zait Madril, baina badakit azaroaren 30ean gure bizitza eta lanaren baldintzak aldatu daitezkeela. Baldintzak, joko-arauak, langaiak eta eskubideak. Prozesua bera ere jada bada aldaketa. Biloben legearen bidez naziotasuna lortu zuten 163.000 pertsona horiek errondan sartu ala ez, jada erabaki bat da. Estruktura, sistema, eta bozkaren joko-arauek berek ere esangura dute, ez dira neutroak. 1931tik atzera emakumeok ez genuen bozkatzeko aukerarik Hego Euskal Herrian, eta 1945ean bozkatu genuen Ipar Euskal Herrikoek lehenengoz. Eta ez zen bide erraza izan.
Eta zein da herritarren zeregin eta aukera, azaroaren 30etik aurrera, hautagaien erabakiekiko? Ezin dut saihestu hauteskunde garaiok botere begiradatik aztertzea, pribilegioen multzokatze, egikaritze eta jarioaren forma gorpuzten den gertakari gisa. Gauza bat baita ordezkaritza postuak eskuratzea herritarren bozkarekin, eta kanpainan asmoen inguruko informazioa eskainiz, horrela deitu badaiteke. Eta oso bestelako zerbait, ordezkaritzaren botere horrekin zer erabilpen egiten den.
Gure historia sozial eta organizatiboak botere abusuz gainezka daude, galdetu iezaiozu ondokoari zenbatetan sentitu den gutxietsia, ez aintzat hartua, zapaldua autoritate figura baten aldetik. Instituzio eta antolakunde gertuko ala urrun, botere formal posizioek eragina dakarte. Eta eragin honen erabilpen kaltegarri ala onuragarria. Bai, boterea aldatzeko, hobetzeko, elkarrekin sortzeko, edota ahalmena handitzeko baliatu dezakegu. Eta baita pribilegioa gure postu formalaren funtzioetatik at baliatzeko ere.
Dacher Keltnerrek boterearen paradoxaren bitartez azaldu zuen nola hautagaiek zuten entzute eta enpatia gaitasuna ahuldu egiten zela boterea lortzean, posizioak berak jarreran eragina duela, alegia. Identitate sozialaren teoriatik aldiz, beste ikerlari batzuek, Reicher eta Haslamek esaterako, eraikitzen den “gu” edo talde identitate horrek markatzen duela boterearen erabilpena ikertu zuten. Talde batekin identifikatzen garen heinean joera tiraniko edo erresistenteak hartzen ditugula alegia, ez hainbeste rolaren arabera.
Bai, hautagai batzuei abusatzaile izaera nabarmena hartuko diegu, eta hori izango da ekuazioaren parte bat. Baina ahaztu gabe boterearen erabilpen formalari aldamio zehatza ezarri eta baliatu gabe, borondate pertsonaletan kokatzen dugula bizipen eta egituratze demokratiko baten geruza funtsezkoetakoa: pribilegio formalak denon onurarako baliatzea, hain zuzen ere desorekak orekarantz ekartzeko.
Eta hori ez da intentzio-titular bat, jokamolde-mugak, baliabideen eta informazioen inguruko gardentasuna, erabakien jarraipena, azterketa eta ondorioak zehatz-mehatz marraztuko dituen sistema jostea baizik. Eta agerian jartzea, eraikin bat egiten dugunean lehen hezurdurak ikusten diren bezala. Eta pertsonek osatzen ditugun antolaketa-espazio guztietan, dela gure erabakimen-politiko sistema, zein helburu sozialak lortzeko elkarteak, edota lanerako egituratzen ditugun enpresak. Finean, gure karguak eraikin horretan denboraldi baterako okupatzen dugun gela besterik ez baitira. Denon etxean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta