Ez da spoilerra esatea etxebizitza, pertsonen bizilekua bermatzeko ondasun eta oinarrizko eskubide behar lukeenak, merkatuko ondasun eta aberastasuna metatzeko bide bat dela. Gauza ezaguna da etxebizitza premia asetzea dela, gaurko gizartean, koste ekonomiko handiena sorrarazten duen beharrizana. Gazteen emantzipazioa trabatzen duena, zaharren pentsioak kimatzen dituena, familien diru-sarrerak xurgatzen dituena. Herritarraren oinarrizko premia honen kontura aberasteko, tradizionalki ezagutu ditugun etxejabe errentatzaileez gain, azken urteetan inbertsio funtsak agertu dira. Funts horiek, aberastasun azkarra helburu, aurpegirik bako, etxebizitza kopuru handien jabe dira eta alogeraren merkatuan leku finkoa hartu dute, guztia etxebizitza errenteroen kontratuen bizkar. Kontratu luzeak, errenteroarentzako obligazio eta zigor ekonomiko amaigabe zerrendatzen dituztenak, deabruari arima saltzea merke uzten dutenak.
Berriki Bartzelonako Lehen Auzialdiko Epaitegi batek lehen aldiz baliogabe deklaratu ditu funts baten eta maizter baten arteko alogera kontratuaren bederatzi klausula. Klausulak, dio epaiak, kontratazioko baldintza orokor dira. Ez ziren banaka negoziatu, desoreka sortzen dute etxejabe eta errenteroaren artean, eta kontsumitzaileen eskubideak mugatzen zituzten. Etxejabearen argudioak, maizterrak abusuzko klausulen baliogabetze eskaeraren aurrean, hitzarmenak egiteko askatasun aldarrikapena eta maizterrak baldintzen edukina ezagutzen zuela.
Maizterrak eskatzen zituen hamar klausuletatik bederatzi baliogabetu ditu epaiak. Honako hauek dira baliogabetutako klausula esanguratsuenak:
Etxejabeak bere egiten zuen eskubidea fiantza osoa atxikitzeko edozein balizko matxura edo hondatzearen aurrean.
Etxejabearen eskubidea errenta ikaragarri igotzeko: deigarria da nola zegoen jasota klausula hori. Errenta urtean KPI baino gehiago igotzea debekatuta dagoenez legez, arau horri muzin egiteko, errenta ikaragarri altua ezartzen da kontratuan, eta lehen hiru urteetan errentak “hobari” bat duela jasotzen da. Horrela lehen urteetan, 690 euro ordaintzen ziren, eta hirugarrenetik aurrera 1.100 euro.
Etxejabearen eskubidea behin kontratua bukatuta maizterra etxetik ateratzen ez den egun bakoitzeko errenta % 300ean igotzeko.
Etxejabearen eskubidea alokatutako etxean aldizka sartu ahal izateko etxearen egoera konprobatu ahal izateko.
Maizterraren obligazioa errentak ez ordaintzeagatiko asegurua ordaintzeko.
Esan bezala, epaia Lehen Auzialdiko epaitegi batek emana da, beraz, momentuz, ez du jurisprudentziarik egiten, ez du doktrinarik ezartzen. Epaia, gainera, ez da irmoa, alderdi galtzaileak, alegia, funtsak, oraindik Bartzelonako Lurralde Auzitegian apelazio errekurtsoa aurkez dezakeelako. Hala ere, epaia aintzindaria da eta garrantzitsua gerta liteke kasu beretsuan dauden errentero guztientzako. Gogora ekar ditzakegu hemen bankuen kontratu eta maileguen aurkako demandak nola hasi ziren, baita pertsona bakar baten eskaerarekin ere, eta nola ekarri duen banketxeen abusuzko klausulen baliogabetze sistema oso bat eta auzi doktrina oso bat.
Kontua da, baina, etxebizitza premia moduko oinarrizko ondasun baten kasuan herritar norbanakoari ote dagokion funts baten kontrako auzibidea, horrek dakartzan koste pertsonal eta ekonomikoarekin. Izan daiteke maizterren elkarte bat edo talde bat auzitan jar ditzakeena abusuzko klausulak dauzkaten kontratuak. Baina, hala ere, funtsen neurrigabeko eskubideen kontra, etxebizitzaren kontura diru asko eta azkar egitea helburu baino ez duten erraldoien kontra, herritar soilak egin behar ote duen borroka. Ala, ostera, gobernuak eta parlamentuak ez ote duten mugatu behar funtsek jarduteko daukaten joko-zelaia, etxebizitza eskubidea lehenetsi herritarren tamaina gabeko estutzearen aldean, eta, funtsean, legez galerazi herritar maizterrak eduki beharko lituzkeen oinarrizko eskubideak urra daitezela.