Azken urteetako udako opor goiztiarrenak izan ditut 2026 honetan. Abuztuaren 10erako beharrean nintzen berriz ere, eta ondorioz, ahaztu xamarra nuen fenomeno baten lekuko izan naiz: zer den urteko zortzigarren hilabetean lan egitea.
Inoiz egokitu ez bazaizu, esaten dutena egia da, irakurle: mundua geratu egiten da geurean. Badira salbuespenak, zenbait sektorerentzat inoiz baino lan gehiago dagoen unea delako, turismoarentzat, adibidez. Edota kanpoko merkatuetan aritzen direnentzat, beste zenbait herrialdeetan ez delako halako etenaldirik suertatzen. Baina oro har lan munduaren erritmoa geldotu egiten dela ukaezina da, enpresa asko itxita daudelako, langile ugari oporretan, eta lanean ari direnetatik udako ordutegia dutenak asko direlako.
Hori guztia abiapuntu hartuta, han eta hemen irakurri daiteke abuztua ekoizkortasun gutxieneko hilabetea dela. Bada, baieztapen horrekin zeharo desados nago. Edo, gutxienez, ez dut uste egia borobila denik. Zure esku ez dagoen lan gehiena aurrera ateratzea zailago suertatzen da —gure kasuan, erreportaje baterako hitzordua ixtea, kasu—. Baina gizarte batean, zeina kexu den egunerokoak jan egiten duela, abuztuan lan egiteak aukera eskaintzen du garrantzitsuak diren eta etengabe heldu beharreko zerrendan dauden gai horiei heltzeko. Desordenatuta zeuden zenbait elementu ordenatzeko. Eta, noski, pentsatzeko: norabideaz, ondo egiten ari zarena hobeto egiteko moduaz, gaizki egiten ari zarenari erantzun aproposenak emateko formaz, eta abarrez.
Egindakoari berriro begiratzeko parada ere ematen du. Miryam Artola aholkulari estrategikoak orain aste batzuk LinkedInen eginiko post batean zera zioen: "Kafeari edo ardoari posoa geratzen zaien bezalaxe, lan-urteak ere uzten du berea. Eta sedimentu hori —ikasitako guztia, itxitako atalak, zintzilik geratutakoak— hurrengo ikasturteko Estrategia eraikitzeko lehengaia da. Zarata jaisten denean agertzen da, eta, azkenean, argiago ikus dezakezu". Ondo baino hobeto azalduta dagoela iruditzen zait.
Irailean sartu berritan, abiadura bizkortzen joango dela sentituko dugu. Guk geuk ere bultzatuko dugu, modu kontziente edo inkontzienteagoan, abiada hartze hori. Baina puntu horretan sartu aurretik, ikasturte berriari begira abuztuak emandako begirada ez galtzea aldarrikatu nahiko nuke. Ez naiz soilik ari lanean hausnartutakoa txertatzeaz; arnasa hartzeko tartea bilatzeaz, desordenatutakoa ordenatzeaz, pentsatzeko uneak topatzeaz ere ari naiz. Munduak erritmoa modu naturalean jaisten duenean, hori egiteak errazagoa dirudi. Zurrunbiloaren erdian, bila dezagun modua une batzuetan abuztura itzultzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta