Pellok hanka bihurritua zeukan, eta bazekien urte horretan ezin zuela korrika atera. Donibane Lohizunera iristen zenerako bide bazterrean itxaron zuen, beste ehunka pertsonarekin batera, noiz iritsiko, harro dagoen aitaren ilusioarekin. Baina bere alaba Korrikaren lekukoa eskuetan iristen ikusi zuenean, musika eta oihuen olatuek harrapatu zutenean, ia konturatzeke bere oinak korrika hasi ziren, eta hantxe zegoen multzo grinatsuaren erdian, korrika egiten hasita. Minak gogorarazi zion ezin zuela, eta bere keinua telebistan ikusi zuten ingurukoek.
Duela hamarkada bateko Korrikako edizioko pasadizoa kontatzen entzun diot egunotan bere emazteari, eta oso ulergarria egin zait. “Ez nuen pentsatzen, baina eraman egin nau”. Urduritasuna, ilusioa, alaitasuna… gorputzean sartu zaizkidala sumatu dut maiz, eta kideen artean zerbait esplikaezina bezala izendatu izan dugu Korrikan gertatzen zaiguna. Talde, proiektu, enpresa eta eskola ezberdinetako kilometroetan atera izan naiz korrika, eta sartu bezain laster gorputz bakarraren mugimendu gisa sumatu izan dut. Ehunka pertsona batera korrika, eta, hala ere, bat izango bagina bezala.
Aurtengo edizioan 3.436 lekuko aldaketa egongo omen dira. 11 egunez segidan minutu guztietan norbait korrika ari da 460 herrietatik zehar. Martxoaren 19an abiatu ziren lehenengoek 29an amaituko duten azkenengoetara, ekimen bat. Eta denok dakigu zertan eta zertarako ari garen. Pentsatzen dugu eta sentitzen dugu. Ez zait bururatzen Peter Druckerrek adimen kolektiboaren maila zehazteko egiten zuen definizioa baino adibide hoberik: “Gauza egokiak ongi egiteko taldeak duen gaitasuna”.
Helburu egokiak Korrikaren kasuan bi geruza ditu. Batetik, xede handia, euskararen alde jartzen gaituena, sentsibilizazioa alegia. Aurtengo leloak argitasun handiz ekarri digu: “Euskara gara”. Denok biltzen gaitu, parte egiten gaitu. Bestetik, xede zehatz eta operatiboa. Laguntza ekonomikoa lortzea euskaltegietan euskara irakatsi eta ikasteko lana bideragarri egiteko, euskaradun gehiago izan gaitezen baliabideak eskainiz. Zehatz-mehatz dakigu Korrikalagun gisa jartzen dugun dirua, erosten dugun kilometro bakoitzeko ekarpen ekonomikoa eta inguruan antolatzen diren ekimenetako irabaziak helburu horretara hurbiltzeko bidea direla.
Eta horrek lotura dauka “ongi egiteko” Druckerrek aipatzen dituen eraginkortasun eta parte hartzeko aukeren baldintzekin. Prozesu eraginkor bezain atxikitzaileek osatzen dute Korrikaren arkitektura. Antolaketa moduak bakoitzak “bere modura” parte hartzeko, korrika egiteko aukera ematen du, nork bere kontrolpeko ardura hartzen du bakoitzak, antolatzaileek (AEK kasu honetan) jarritako muga eta baldintzekin: ibilbidea, denborak, banaketa.
Eta informazio jario zehatz bezain olioztatuekin gertatzen denez, prozesuak afektiboak ere badira. Informazioa daukagu: nola izena eman, nola egin ekarpena, nora jo, zeintzuk diren kontaktuak, nondik nora sar gaitezkeen korrika egitera… Mapa oso bat dugu, egiteko. Milaka ekintza txiki, ekimen handi bilakatzen direnak arkitektura bizi honetan. Eta uneoro dakigu gure ekimen honetan non ari den norbait egiten. Gu egiten ari ez garenean ere. Taupadak entzuten ditugu.
Exekuzio anitz hau, ordea, erabaki gutxi eta argietan dago ardaztua, prozesu ibiltari honetako palanketan oinarritutakoak. Sistema konplexuek erabaki enfokatuak eskatzen dituzte, eta horrek urte osoan lanean diharduen buru bat, lantalde gidari trinko bat erakusten du. Gobernantza misto bat erakusten du, zentzu horretan, Korrikaren inteligentzia kolektiboaren erritmoak. Erabakitzen duen eta informazio jarioa jasotzen duen buru bat, eta milaka ekintza koordinaturi bidea egiten dion egituratzea.
Atharratzetik Bilbora entzun, jaso, agurtu eta mugituko dugun gorputzaren oinarri operatibo honen osasun aldagaiak nola daude gure eguneroko egitasmoetan ordea? Zenbateko argitasunez elkarbanatzen ditugu helburu sakon edota zehatzak? Egokiak dira, onura dakarte? Zer nolako aukera eta mekanismoak jartzen ditugu parte hartzerako, ekintzarako, eta nola informatzen dugu? Feedbacka jasotzeko zein bide ezagun eta argi ezartzen ditugu, eta nola egokitzen dugu prozesua horien arabera?
Ez gara korrika hasiko agian, baina jakingo dugu gure lana zer, zertarako eta zer prozesuren baitan kokatzen den. Eta ez da oilo-ipurdia izango agian, baina konpromisoa izan daiteke.
