Administrazio publikoa eraldatu behar da

Azken hilabeteotan Herbeheretan nabil, bertako unibertsitate batean egonaldi bat egiten. Behin hara iritsita, lehen astean bertako zerbitzuek nire eskuetan jarri zituzten ordenagailu eramangarria, posta elektroniko kontu berria (bitxia egiten zait nire kontu bat .nl atzizkiarekin izatea), bertako irakaskuntza plataforman sartzeko eskubidea eta (garrantzitsuena) kafea doan ateratzeko txartela. Esperientzia honengandik konklusio azkar bat atera beharko banu, azpimarratuko nituzke hango prozeduraren erraztasuna eta erabiltzailearekiko konfiantza. Gure artean, prozesuak konplexuak dira oso eta kontrol sarbidez josiak daude: norbaitek kontrolatu behar du kontrolatzailea beti. Eta erabiltzailearekiko (eta hiritarrarekiko) enpatia animalia mitologikoa bihurtzen da.

Horrek guztak, gure gizarteak daukan beste mito baino, sinismen batengana eramaten gaitu: administrazio publikoaren eraginkortasun eza. Prozedura administratiboaren inguruan, gutako edonork ikusi du inoiz bere burua harrapatuta bukle bukaezinetan. Administrazio publikoen edozein erreforma prozeduren sinplifikazioan oinarrituta izan beharko lirateke, baina aspaldidanik aurkako ibilbidea daramagula nabarmena da. Transizioren hasieratik gaur egun arte, Espainian milioi erdi arau onartu dira. Iaz bakarrik, estatu eta erkidego autonomo guztien buletinek 1.300.000 orri baino gehiago argitaratu zituzten (2021 baino %22 gehiago). Gehiegizko araugintza horrek baditu bere ondorio ekonomikoak, lanpostuetan eta BPGaren puntuetan. Espainiako Bankuko ikerketa baten arabera, sektore bateko legedian %10eko hazkundea ematen baldin bada, enplegua sektore horretan %0,5ean murriztu egiten da. Modu paraleloan, bazirudien digitalizazioak tramite askori arintasuna ekarriko ziela, baina tamalez, ilusio horiek protokolo antzuen labirintoetan desagertu dira. Administrazio digitalarekin topo egin duen edonork badaki zertaz ari naizen.

Tamalez, arau ekoizpen hori ez da administrazioaren gaitasunaren hedapenarekin batera eman. Gure gizarteak dituen aurre egin beharreko arazo aurrean, erakunde publikoek bere gabeziak agerian uzten dituzte. Erronka horiek derrigorrezkoa egiten dute goi mailako teknikariak eta egiturak edukitzea administrazioaren baitan, baina ez da horrelakorik. Funtzio publikoaren eta administrazioko langileen aukeraketa XIX. mendeko parametroetan murgiltzen da oraindik. Bitartean, eta beste hainbat esparruetan bezala, konplexutasunaren kudeaketa kanpora eramaten da. Rosie Coningtonek eta Mariana Mazzucatok bere azken liburuan salatu duten bezala, aholkularitza enpresa handiak bihurtu dira herrialde askoren administrazioaren sostengu, bai proiektu nagusienak aurrera eramateko orduan (Obamaren lehendaritza garaiko Medicare, adibidez), bai egunerokotasuneko beharrezkoak diren funtzioetan ere (adibide nagusia, lehen aipatutako digitalizazioarekin lotuta dauden zerbitzuak). Balioaren sorkuntzaren aitzakia erabiliz, aholkularitza enpresek administrazioaren giza deskapitalizazioa eragin dute, gobernuak infantilizatuz eta bere kudeaketa gaitasuna ahulduz.

Aldaketa klimatikoa, transizio ekologikoa, populazioaren zaharkitzea eta etorkizunak ekar diezagukeen beste erronka mardulei (akordatzen testuinguru BANI batean murgilduta gaudela aipatzen nuenean?) aurre egiteko, gizarte zibilak eta enpresek ondoan administrazio indartsu bat behar dute, ongizate amankomuna zainduko duena. Baina indar hori bere teknikarien prestakutzak, bere egituren sendotasunak eta bere prozeduren malgutasunak emango diote. Horretarako, gure administrazioek erreforma sakonak behar dituzte. Ez buletinetan argitaratutako arau zerrenda amaigabeak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK