Administrazioaren eraldaketa, orain

Egun, mundu guztiak jartzen ditu ahalegin handienak berrikuntzan, ideia, proposamen eta aukera berri horiek guztiak txertatzeko planteamendu berriak aurrera ateratzen laguntzen. Horretarako ideia berriak behar dira, baina, batez ere, ideia horiek aurrera ateratzeko gai den talentua eta hori posible egingo duten ingurune-baldintzak: antolakuntza-eredua, inbertsioa, arriskua, konfiantza eta laguntzak, arintasuna, aliantzak, hazkunde-erritmoa, anbizioa..., ingurune ekintzailea deritzoguna. Sektore gehienetan egoera hauek konplitzen ari dira, baina GovTech sektorearen absentzia kezkagarria da oso.

Administrazioa enpresekin uztartzeko mekanismoak behar dira, sektore pribatuan garatzen ari den berrikuntza aprobetxatu eta zerbitzu publikoen beharrak asebetetzeko. Punta-puntako teknologiak erabiltzeko aukera erraztu behar dugu, elkar ezagutzeko espazioak eraiki, kontratazio prozesuak arindu, aliantzak indartu eta sektore publiko-pribatuaren arteko sinbiosia sustatu. Betiko arazoei betiko formulekin irtenbidea bilatzeari utzi behar diote gobernuek. Herritarren premien aurrean, funtsak gizarte-programak eta gastu arruntak ordaintzeko erabili behar izaten dituzte, eta erabaki horrek murriztu egiten du talentu oso espezializatu eta berritzailearen gaitasuna eragiteko, erakartzeko eta atxikitzeko. Dirurik ez bada, ez da talenturik, eta hartara, ez da berrikuntzarik.

Testuinguru horretan, erakunde publikoen eta eragile pribatuen arteko lankidetzak gobernuak lagundu ditzake XXI. mendeko paradigma berrira egokitzeko duten oztopoa gainditzen. Ikuspegi berri horietako bat GovTech da: adimen artifizialarekin, merkataritza elektronikoarekin edo azken miliako garraioarekin lotutako enpresez gain, negozio-eredua gobernuaren arloan oinarritu duten enpresak ere badira. Hauek, mundu osoko gobernuen erronka handiei irtenbidea ematen saiatzen ari dira, hala nola eskola jazarpena saihestea, ospitaleetan gaixoen esperientzia hobetzea, hirien kudeaketa eta funtzionamendua erraztea edota pertsona ororentzat administrazioaren zerbitzu guztietan irisgarritasun teknologikoa bermatzea. Sortu diren GovTech sektoreko enpresa gehienak jaio dira zerbitzuen hornidura (% 37) eta kudeaketa publikoa (% 31) hobetzeko, herritarrari ematen zaion zerbitzuaren “azken milia” hobetu, eta langile publikoen eguneroko jardunean eta erabakiak hartzeko prozesua errazteko, besteak beste.

Gaur egun, oraindik ere Business to Government (B2G) edota gobernuei produktu edo zerbitzuak eskaintzen dizkieten enpresei mesfidantzaz begiratzen zaie. Instituzio publikoei zerbitzua eskaintzea ez omen da hain sexya, arazoak nonahi baitaude: enpresaren lehen pausuak emateko edo martxan jartzeko zailtasunak, bezeroen kontratazio denbora amaigabeak, finantzazioa lortzeko aukera eskasa, arintasun eza, burokrazia prozesuak… Eta arrazoi hauek guztiek ez dute egoera hobetzen uzten. GovTech ekosistemek beren nortasuna berbideratu behar dute. Govtech ez da beste jarduera soil bat, negozio-mota bakar bat edo testuinguru bat bakarrik. Bere potentzial maximoa lortzeko, mugimendu sistemikotzat hartu behar da, sektore publiko osoan egiturazko aldaketa sortzeko gai dena. Onartu dezagun gobernuen eskariak eta enpresen eskaintzak elkarrekiko beharra dutela egungo kontsumitzailearen eskakizunei aurre egin eta erantzuteko. Euskal Herrian jada badira berau sustatzen duten espazio, plataforma edo ekitaldi batzuk, baina administrazioaren benetako eraldaketa nahi badugu, aldaketak sistemikoa beharko du izan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK