Tik-tak, tik-tak, tik-tak. Amaitzen ari da abendua, amaitzen ari da urtea, eta badirudi minutuen erritmoa aldatzen ari dela, korrika doazkigula denbora zenbatu eta ordenatzeko gizakiok asmatu ditugun neurriok. Urtea amaitu aurretik egin behar diren bilkura eta ekitaldiak, urteko kontuak ongi ixteko sortu eta bideratu beharreko fakturak, egin beharreko ordainketak.
Egunotako elkarrizketetan “ezinbestean” hilabetea amaitu aurretik egin beharreko horien zerrenda eta gure agendetan libre dauden orduak bat egiten ez dutela aipatzen dugu. Etsipenez batzuek, estres tonuarekin besteek. Atzerako kontagailuaren tonuak markatzen digu erritmoa, egutegi gregorianoaren mugarri honek zerbait amaituko balu bezala. Tik-tak horren arabera dantzatzeari uzteak kanpo utziko bagintu bezala.
Denbora eskasiaren itolarri horretan, orduen negoziazio merkatua bilakatzen zaizkigu neguaren atariko egunok. Lan eremuetan, bizitzako beste batzuetan bezala, denboren antolaketa, agenden kudeaketa, besteenarekin batera egiten dugu. Adimen artifiziala gurekin lanean ari baldin bada ere, gure presentzia eskatzen duten zereginak baititugu. Elkarrekin. Hornitzaileekin, bezeroekin, kolaboratzaileekin. Hitzordu bat jartzen dugunean elkarrizketan jartzen ditugu agendak.
Baina badira agendak kudeatzeko kultura ezberdinak, tentsioan edo jarioan, adierazi gabeko estuasun edota erraztasunetan sumatzen direnak. Ikusi izan dut irekitasunean mugitzen den agenda-kultura. Besteen agendan aukera ba ote dagoen galdetzen duena, egokitasun irizpideez arakatzen duena, bere agenda propioa malgutasunez egokitzeko saiakera egiten duena. Erreka kultura deitzen diot, moldagarritasunez jarioan.
Harrizko agenda-kulturak ere topatu ditu, ordea. Idi-dematan nola, indarrak tira eginda mugitzen direnak, parean topatzen dutena bultzatuz. Agenda propioan fokua duena, eta besteenak horretara egokitzeko tira eta tira egingo duena. Galderarik ez, erabakiak eta eskaerak baizik.
Bai, gris asko dago bi molde horien artean, eta topatuko dugu geure burua batetik bestera dantzan egoeren arabera, baina presio egoeretan, “denboraren amaiera” kasu, muturretarantz sumatu ditut hartueman profesional, enpresarial eta sozialak ere. Agian estuasuna geratu zaizu “datorren astean ezin dugu” bigarrenez erantzun duzun horren ostean, edo etsipena telefonoz bestalde gauza bera entzun duzun horrek. Harremanen soka beretan tiraka. Hartzen eta ematen.
Erraza da ezetz esatea, agenda propioen kudeaketan ere asertibo izatea. Zailagoa, ordea, horren ondorioei eustea. Geure buruari iruzur egin diezaiokegu geuk erabakitzen dugula esanez, baina egonezinak adierazten digu baietz, botere harremanek tira egiten dutela gure lan denboren kudeaketan ere.
Eta agenda guztiek ez dutela berdin balio.
