Bilera hasi da. Mahaiaren bueltan zaudete, proiektu garrantzitsu bat aurrera nola eraman erabakitzen. Denek hitz egiten dute, ideiak mahai gainean jartzen dira, tonu ona dago. “Nik uste…”, “Agian egin genezake…”, “Ikusi beharko dugu nola…”.
Denak parte hartzen ari zaretela dirudi. Baina ordu erdi pasa da, eta ez dago argi zer erabaki den, nork egingo duen, ezta noizko ere. Bilera amaitzean, sentsazio arraro bat geratzen da: mugimendua egon da elkarrizketan, baina ez aurrerapenik.
Eta hurrengo egunean norbaitek, beti norbaitek, hartzen du ardura, inork eskatu gabe. Ez da, ez, konpromiso falta, ezta gaitasun falta ere.
Azken urteotan inork izendatu gabeko mitoa ikusi dut, bereziki eredu kolaboratiboago edota kooperatiboagoetan dihardugun enpresa eta elkarteetan: “hemen ez dago botererik” dioena. Eta horrekin batera indarrean dagoen sinismena: “lideratzea inposatzea da”.
Ez da modu agerikoan aipatzen, eta maiz gainera kontzientea ere ez da, besterik gabe ez diogulako horri arreta jarri. Baina nabarmena da jokamoldeetan. Egunero kultura egiten duten gertakarietan: erabakiak hartzea saihesten, norabidea markatzea atzeratzen, edota eskaera edo agindu argiak ez egiten.
Boterea desagerrarazten dute jokamolde horiek? Ez noski, ezkutatu besterik ez da egiten. Izan ere, modu informalean ere beti dago botere jarioa. Komunikazio gaitasun hobea edota gehiago hitz egiten duenaren eragina handitzen da; gehiago egiten duenak lantaldean duen prestigioa areagotzen du, edota inork hartu nahi ez duena bere gain hartzen duenaren boterea agerian jartzen da. Aginte makila hor dago, erre egingo baligu bezala, eta norbaitek hartu egiten du.
Desorekak hor hasten dira, ezkutukoa den horretan, eta kolektiboa izanda ere hartzen ez den lidergoaren kostuaz hitz egiten digute. Lantaldeak edota antolakundeak ordaintzen du bakoitzak bere lekua ez hartzea: erabaki amaigabeetan, gatazka isiletan, lan-karga desorekatuetan, “ados gaude” faltsuetan.
Izan ere, kanpotik armonia dirudiena barruan blokeoa izan baitaiteke. Boterea saihesteak ez du bidezkoago egiten sistema, ikusezinago egiten du.
Zerk eragozten digu organizaziorako gure ardurak (dela lantalde baten arduradun izatea, proiektu batena edota sail baten erantzukizun berezia izatea) eta gure erabaki eremuak hartzea? Erantzuna maiz oso emozionala da, aipaturiko mito horien oihartzuna: “Hau esaten badut, gehiegi izango da?”, “Inposatzen ari naiz?”, “Bestea deseroso jarriko dut?”. Nire ibilbidean horiek oso ezagunak zaizkit, eta eremu profesionalean bezala familiar edo sozialean ere kuku egiten dute.
Pizten diren barne zalantza horiek gure komunikazio jardueran sumatzen dira kanpotik, eskaera lausotuetan, esaldi bigun eta ez argietan edota erantzukizunik gabeko adostasunetan. Eta konturatzerako gatazka saihestu baino, atzeratu eta handitu egin dugu.
Aginduak ematea, eskaera eraginkorrak egitea eta akordiorako bidea egitea ezinbestekoak ditugu aginte makila horiek, taldean bada ere, heldu eta modu eraginkorrean eraman ahal izateko.
Ez badugu agindurik ematen (batzuetan erabakiak gure arduraren parte dira, eta besteen zereginei eragiten diete), agindua teorian desagertu egiten da, baina ez praktikan. Norbaitek bere kabuz erabakiko duelako (zereginak tira egingo du), edota beti pertsona beraren esku geratuko delako.
Eskaerak egitea benetako tresna kolaboratiboagoa dugu, giltzarri izan daitekeena. Zer behar den, noizko eta zertarako argi adieraziz gero, argitasun eta konfiantza handia ekartzen dugu. Baina bereziki gaitasun osasuntsu batean entrenatzen gaitu: bestearen ezezkoa jasotzeko gaitasuna. Eta ezetz esatekoa. Ze ez bazaude prest eskatu edota galdetu duzun horri ematen dioten erantzuna jasotzeko, ezezko horiek onartzeko alegia, agindu ezkutua ematen ari zara. Etxekoek asko gogorarazten didate hau, kontraesanak agertzen direnean.
Baina zer egingo dugu ezezkoarekin, eta nola egin aurrera? Akordioak egiteko bideak praktikatu eta probatu. Ze ez da gauza bera zerbaitez hitz egitea edota hori adostasun bat izatea. Akordiorik gabe ez dago ez engaiamendu, ezta erantzukizunik ere, eta prozesu amaigabeen jira-bueltan gal ditzakegu gure denbora eta baliabideak.
Esparru kooperatibo eta kolaboratiboetan lidergoek kontrolatzearekin, aginduekin edota inposatzearekin baino, norabidea sostengatu, argitasuna eman eta deserosoa dena izendatzearekin daukate zerikusia. Harremana ere zaintzen baitugu egia ezkutatzen ez dugunean.
Izan ere, harremanaren eta emaitzaren arteko tentsio hori eustea baita lideratzea. “Hau itxi behar dugu” esanez lekua hartuz; lausotu gabe eskaera argiak eginez; desadostasunei lekua irekiz eta akordio zehatzak itxiz. Parte hartzea hitza hartzea baino zerbait gehiago baita, erantzukizuna partekatzea alegia.
Aginte makila ez da arazoa. Nola erabiltzen dugun da gakoa.
