Agur musukoari; kaixo 'normaltasunerako' egokitzapenari

Astebete igaro da maskarei agur esan genienetik ia esparru guztietan. Horrekin batera etorri da normaltasun berrira bueltatzeko aukera, eta oraindik egokitzapen prozesuan gaudela esan daiteke. Musukoak gure irribarrea ezkutatzeaz gain, beste zenbait gauza ere ekarri ditu: gure ohiturak, beharrak eta harremantzeko moduak aldatu dira; langileok interakzio baxuko espazioetara ohitu gara, eta bakoitza bere etxetik jardun dugun bitartean, askotariko maniak garatu ditugu. Hori gutxi balitz, pandemiaren bi aurpegiei ere aurre egin behar diegu: badira oraindik birusa zurruntasunez begiratzen dutenak, eta badira COVID-19a katarro batekin alderatzen dutenak ere. Gatazka izango da seguru, osagai guzti hauek ez badira ondo kudeatzen. Hitz gutxitan, enpresek ez dute lan makala normaltasun berri honi aurre egiteko. Izan ere, azken urte erdian trantsizio hori jorratzeko aukera izan dugu, baina betiere zenbait arau eduki ditugu eta horrek egokitzapena mugatu du.

Egoerarekin bat egiteko, aldaketa ez da materiala; lan taldearen oinarrira jo behar da. Berriz elkartu, konektatu eta talde izaera indartzean datza gakoa. Hain handia izan da enpresetan izan duen inpaktua, non enpresa askok lanpostu espezifikoak sortu dituzten telelanak eta egoera pandemikoak ekarritako gabeziak konpontzeko. Horren adibide batzuk: telelaneko arduraduna, etxetik lan egiten ari diren langile guztiak kudeatzen dituena, enpresaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko; lan-inguruneetako arkitektoa, bulego kolaboratiboagoak eta funtzionalagoak sortu ditzakeen aditua, lan-ingurune praktikoagoak eta inklusiboagoak diseinatzeko; edo ongizate zuzendaria, langileen osasun emozionala, fisikoa eta mentala hobetzeaz arduratzen dena, frogatuta baitago mentalki osasuntsu dagoen langile motibatu bat askoz ere eraginkorragoa dela, egoera horretan ez dagoen langile bat baino.

Ez dut esango, enpresaren tamainaren arabera, aldaketa horiek gainbegiratzeaz eta dinamizatzeaz arduratuko den pertsona bat edukitzea eraginkorra denik. Baina, irmoki uste dut egokitzapen hori pertsonetatik abiatu behar dela, hau da, jatorrira bueltatzea dela gakoa. Giza taldetik abiatu behar da, talde sentimendua berreraikita, beharrezko testuinguruak eta elementuak erraztuz. Prozesuen fazilitatzaile gisa, normaltasunera itzultzeko emango nukeen aholkua da lankideak entzutea eta guztia behatzea. Ariketa honek taldekide zein egoeraren inguruko informazio gakoa emango digu, ekintzara pasa aurretik. Horrekin batera, bilatu konexio bat edozein gai edo aldaketa landu aurretik. Azkenik, errespetatu denborak, ez behartu ezer. Normaltasun berria denek eraiki eta onartu behar dute eta. Eta zu nola sentitzen zara normaltasun berri honen aurrean?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK