Aititeri ikasitakoak

Aititeren historia liburu bat idazteko modukoa da, bere garaian bizitako gizon eta emakumeena bezala. Amari askotan entzun izan diot Durangoko Andra Marin eliz mutil zegoela bonbak erori zirenean. Izeko, bere arreba, Gernika ondoko herri batean maistra zegoen bonbaz betetako hegazkinak pasa zirenean. Azoka eguna zen Gernikan eta bertan produktuak saltzen ari ziren baserritarren umeak zaintzen ari zen. Horik gutxira Ingalaterrara joan zen gerrako umeak zaintzera. Aititek ez zuen gerrako pasarte horietaz askotan berba egiten. Damu dut horren inguruan gehiagotan galdetu ez izana.

Gerra pasata, Aititek lanpara denda bat ireki zuen Zazpi Kaleetan. Hasieran, anaiarekin batera ibili zen. Beranduago, bere kabuz hasi zen Artekale kaleko denda batean. Lanparak eta gailu elektrikoak saltzen zituen. Bederatzi seme-alabeko sendia aurrera eraman behar zuen, eta dendarena ogibide egin zuen. Ez zen ona zenbakiekin. Dislexikoa zen, eta kalkuluetan trabatu egiten zen. Amak lagundu zion dendako kontuak ateratzen.

Zenbakiekin txarra, baina oso azkarra zen Aitite. Segituan hartu zion negozioari traza. Ekintzailea izan zen, berak ez bazekien ere. Ura berotzeko lehen aparatoak saltzen hasi zirenean, gas-bonbona bidezkoak, negozio aukera ona ikusi zuen. Besteengandik bereizteko marka propioa sortu zuen. Ekoizleei markarik gabeko gailuak erosi, eta Urberua marka jarri zien. Euskal Herriko maparen forma zuten metalezko txapak jarri zituen ura berotzeko gailuetan, Urberua berbarekin. 

Asmatu egin zuen. Bezero guztiek nahi zituzten Urberua berogailu ospetsuak. Gerora, hamarkadak pasata, saltoki handiak marka zuria eta marka propioak garatzen hasi ziren. Aititek, ordea, urte askotako aurrea hartu zien. Aitzindaria.

Aititeri ikasi nion ekonomia balioetan oinarritu behar zela. Ez zituen gehiegikeriak ondo ikusten. Kasu askotan SA letrek Sociedad Anónima beharrean Sociedad sin Alma esan nahi zutela esaten zigun. Justizia sozialean zintzo sinesten zuen. Kooperatibismoaren hastapenetan hartu-eman handiak izan zituen bere sortzaileekin. Bere balioekin bat zetozen.

Aititeri euskararen aldeko hautua ere ikasi nion. Francoren garaian Bilboko Zazpi Kaleetako giro abertzalean murgilduta zegoen. Bere dendan lan egiteko euskaraz zekiten langileak baino ez zituen hartzen, euskara bizirik mantentzeko. Horretan ere aitzindari. Herrietako bezeroek bazekiten bere dendan euskaraz egin ahal zutela. Arnasgunea. Diktaduraren azken hamarkadan bere dendan "Se habla vascuence" kartela jarri zuen. Kartela erdaraz zegoenez, poliziarekin arazorik ez izateko. Behin Franco hilda kartela euskara hutsez jarri zuen.

Aitite oso harro zegoen nik, kordobar baten semeak, euskeraz egiteaz. Nirekin, baina, euskeraz egitera ez zen ausartzen. Bere euskera itsusia zela esaten zidan. Itsusia erabiltzen ez den euskera baino ez da, gainontzekoak politak dira. Eta seguru nago nire Aititerena benetan ederra zela.

Aititeri ikasi nion, beraz, euskara eta ekonomia justuaren aldeko hautua. Eta horixek dira EnpresaBIDEA proiektu honetan bildu nahi ditugun bi ezaugarriak: informazio ekonomikoa, euskaraz egina eta lurraldean errotua.

Gogoan dut Aititeri galdetu niola behin zergatik Bilboko alde zaharrari Zapi Kaleak esaten zaion, zazpi baino gehiago badaude. Aititek azaldu zidan hasiera batean zazpi kale baino ez zirela, baina Bilbo txiki gelditu zela eta hedatzeko beharra izan zuela. Harresiak bota eta kale berriak egin zituztela. Bilbotarrek Zazpi Kaleak esaten jarraitu zuten, izandakoaz harro zirelako. Kale eta bide berriak zabaldu zituen Bilbok. Bidebarrieta izena ere garai horretatik dator.

Guk ere bide berria zabaldu nahi diogu euskarari: EnpresaBIDEA. Gure aurrekoek egindakoa aintzat hartzen. Izan zirelako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK