• IRITZIA
  • Aitortzaren kultura lantzen. Primeran!
Sormen eta berrikuntza aholkularia

Aitortzaren kultura lantzen. Primeran!

2025eko azaroaren 7a
Miren Laurizika   Silvia Oselka Fotografia  2 15

Euskal munduan, lan kultura tradizionalki ez da aitortzan oinarritu. Ez duzu ikasi bestearen lanaren errekonozimendua ikusarazten. Ematen du betidanik gure lan kultura apal-apal horretan ez dagoela espaziorik eskerrak emateko, laudorioetarako. “Lana ondo baino hobeto egin ezazu, baina ez dadila nabaritu”.

 

Baina bestearen lana ikusaraztea, goraipatzea, inoiz baino beharrezkoagoa da orain. Gure lanaren testuingurua lehortzen ari delako: burokrazia geroz eta gehiago, batzuk etxetik lan egiten, besteak aurrez aurre. Kafea hartzeak dakarren interakzio emozional horretarako denbora gutxi. Denok presaka, “mesedez bidali hau lehenbailehen” lelopean mugitzen garelako azken boladan. Arnasgune gutxi, elkarrekin lasai pentsatzeko denbora murritzak. Adimen artifizialak ere badu honetan erantzukizuna: gauzak bat-batean eta modu automatikoan egitera ohitu al gaitu?

Lan arloan norbaiten lana edo ekarpena aitortzea gutxitan egiten duzu. Uste duzu besteak zerbait ondo egin duela esatean, bestea erlaxatuko dela. Ematen du norbaiten lana goraipatzen baduzu, besteak mezu kontrajarria jaso dezakeela. Zure mezua mesfidantzaz entzun dezakeenaren beldur zara, “honek niregandik zerbait nahi du. Pelota hutsa” pentsa dezakeela.

 

Kendu ditzagun aurreiritzi horiek. Beste norbaiti esaten badiozu bere lana ondo egiten ari dela, ikusia sentituko da. Esker onez jasoko du. “Ikusten zaitut, zure lana baloratzen dut”.  

Horretarako, feedback positiboa ematen jakitea ere funtsezkoa da. Ez da berdina “oso ondo egin duzu” esatea, edo “aurkezpena nola egin duzun gustatu zait, xehetasunak eman dituzulako eta ekintza-plana lasaitasunez azaldu duzulako”. Bigarrenak askoz gehiago laguntzen du: pertsonak hobeto ulertzen du besteek zergatik estimatzen duten bere lana, eta saihestu egiten da laudorio orokor horien sentsazio lauso eta hutsala.

Adimen artifizialaren erabiltzailea bazara, hartu kontuan: egunean zehar eskerrak ematen dizkizun bakarra, zure lanari laudorioak eskaintzen dizkion bakarra Chat GPT baldin bada, zer eragin du horrek gure egunerokotasunean?

Aitortu ezazu besteen lana. Datorren bileran, datorren telefono deian.

Bestela, askok usteko dute “ez naute ikusten, ez naute baloratzen,  ez naiz existitzen lan munduan, nire nomina eta goizeko fitxaketaz harago”. Kontuz: erreta egotearen ataria da hori.

Motibazioak bi alor ditu: barnekoa eta kanpokoa. Bien arteko oreka behar da, izan ere, berezko motibazio hutsak ez du asetzen, baina barne-motibazio hutsa ere ez da nahikoa.

Eskertzea eta aitortzea beharrezkoak dira kanpo-motibazioa pizteko. Azken batean, lan-ingurune batean aitortua sentitzea da aurrera egiteko eta konpromisoa mantentzeko bideetako bat. Eta bai, oso erraza da negatiboan jartzea arreta: zer falta den, zer hobetu daitekeen… baina horrek ez dio besteari erakutsiko zer egiten duen ondo.

Horregatik, gonbidapena luzatu nahi dizut: egin dezagun elkar aitortzen eta eskertzen dakien jendearen “armada” txiki bat.

Pentsa, hurrengo pertsona horri —bileran, pasilloan edo mezu batean— nola eskertu diezaiokezun egiten ari den lana. Eta gogoan izan, era zehatzean bada, hobe.