Honezkero jakin beharko zenuke, irakurle: pertsuadituak izaten ari gara. Inoiz baino pertsuadituagoak. Propagandaz bonbardatzen gaituzte, edonon eta etengabe, historian inoiz gertatu ez den moduan. Eta hori gutxi balitz, “esperimentu” sozial horrek 20 urte eskas ditu. Ondorioak hurrengo belaunaldietan ikusiko omen ditugu, gure seme-alaben aitona-amonek, mundu fisikoaren azken bizilagunek, hitzez eta ez Whatsappeko mezu bidez, “agur” esaten digutenean.
Zer gertatzen ari da? Bada, komunikazioa lantzen duten fakultateetan pertsuasioaren gaia lehen mailako ikerketa lerro izatetik zerrendaren azken postuetara igaro dela. Sintomatikoa. Interesa galdu du, komunikabide tradizionalek pisua galdu duten heinean. Informazioa, aktualitatea, iritzi publikoa eta publikatua, azken ordukoa, framinga, agenda settinga… hitz gako horiek zentralitatea eta prestigioa galdu dute. Horrek esan gura du komunikabideen esposizioaren ondorioz gertatzen den pertsuasioa lozorroan dagoela? Ez, ba.
Gure garunek inoiz baino komunikazio inpaktu edo interakzio gehiago jasotzen dituzte, eta horiek guztiek gure pentsamolde, bizitza-estilo eta harremanetan eragiten dute. Masa komunikazioaren garaitik komunikazio fragmentatu eta hipersegmentatura pasatu gara. Eta, egia da, horrek zaildu egiten du komunikazio sozialaren paradigma berria aztertu eta ulertzea. Baina merezi du irakurleari azaltzea nork eta nola pertsuaditzen gaituen mundu garaikidean.
Randolph Hearstek prentsa-horiari zuku ikaragarria atera zion (XIX. mende bukaeran eta XX. hasieran), Goebbelsek propaganda aparatu handia izan zuen bere zerbitzura (XX. mendeko 1930eko eta 1940ko hamarkadetan), eta Berlusconik inperio mediatiko baten bitartez kontrolatzen zuen iritzi publikatua (XX. mendeko azken hamarkadetan). Bakoitzak bere garaiko erregistro eta bitartekoekin, ekosistema mediatikoa kontrolpean zuten.
Nor da gaur egun komunikazioaren magnate erraldoiena? Elon Musk. Muskek X (garai bateko Twitter, aktibisten eta iraultzaileen gotorleku) erosi zuenean filantropo inuzentetzat jo zuten askok. Gero esparru politikora jauzi egin zuen, adimen artifizial sortzailea sortu zuen — Grok—, txip neuronalak burmuinean sartzen dituen enpresa bat garatu du —Neuralink—, eta gaur egun beste hainbat proiektu ditu bidean, bere bisio partikularra (ideologikoa, politikoa…) egikaritzeko sortuak (ikus: Tesla, SpaceX, The Boring Company, xAI, Starlink, Grokipedia…). Gizakiaren human behaviour delakoa integralki kontrolatzeko saiakera bisionarioa, hain justu.
Eta nola lortzen dute gaur egungo magnate horiek gu pertsuaditzea? Ez da Grok, ezta TikTok, X edo Instagram ere. Algoritmoa da, inozo (neure buruari esaten diot). Algoritmoen lanketa eta kontrola hain da fina, ezen Teknofeudalismoaren garai honetan (Varoufakis, 2024), Big Tech enpresentzat “nekazari digital” sotilak garen. Informazioa eta bitartekoak dituzte, eta guk gure aztarna digitalaren bitartez gure burua merke saltzen dugu, ideologizazio eta kulturizazio prozesuak oparituta.
Zer egingo diogu ba? Bada, euskaldunok eskura dauzkagun sozializazio eta kulturizazio esparru originalei eutsi behar diegu. Gure birraitona-amonek, gure gurasoei utzi zizkietenak balioan jarri, eta seme-alabei oinordetzan oparitu. Pantaila ahaztu eta joan antzerkira, erromerian dantza egin, erosi paperezko egunkaria, tabernan kotilleatu, gailu analogikoan irratiaren doinua entzun, amarekin bazkaldu, saskibaloi taldeko edo dantza taldeko kide egin, perretxikoak batu larunbatean, txosnetan lagunekin tragoa edan, kontzentraziora hurbildu, asanbladan parte-hartu, auzokideari nola dagoen galdetu, sindikatuaren eskuorria hartu eta ondokoari pasatu… modu kolektiboan urtez urte eraiki diren pertsuasiorako esparru analogiko, tradizional eta humano horiek prestigiatu.
Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Julen Orbegozo Terradillos Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateako irakasle eta ikertzaileak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.