Bigarren Hezkuntzako irakaslea

A ala B

2023ko apirilaren 19a - 05:30
Amaia Oleaga

Udaberria garai nahasia izaten da Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, are gehiago Batxilergoa dutenetan. Ikasturteari amaiera usaina dario, eta urtea zein azkar igaro den ohartzeak bertigoa sortzen digu denoi. Erabakiak hartu beharra dago, zirt edo zart, A ala B, Willis Drummonden abestiak esan bezala.

 

Haien ikasketa ibilbidea erabakita duten ikasleentzako batez besteko notak, Unibertsitateen edo Lanbide Heziketako zentzuen hautua, plaza lortzea edota kanpora joan beharraren urduritasuna izan ohi dira burukomin iturri nagusiak. Oraindik haien bidea argi ez dutenak, titulazio eta aukeren zurrunbiloan galduta egon ohi dira. Kasurik txarrenean, urduritasunetik apatiara igarotzen dira batzuk.

Eskas daude plazak unibertsitate publikoetako titulazio askotan, eta ondorioz sarbide notak oso altu. Eskari eta eskaintza kontua. Eta eskasia hori presio bilakatzen da ikasle, familia eta irakasleon gorputzetan lurreratzen denean. Notak, hautuak, zentro publikoetan sartu ezin izan diren ikasleen matrikulen kostuak…

 

Horietako ertz bakoitzaz luze idatzi liteke, baina azken aste hauetan beste elkarrizketa bat atera dugu mahai gainera ekonomiako klasean: zenbateraino baldintzatzen dute gure aurreikuspen ekonomikoek ikasketa ibilbidearen hautua? Eta nondik dator baldintza hori? Norberak ezartzen ote dio bere buruari? Familietatik dator? Airean dagoen zerbait ote da?

Zaila da 16-17 urteko ikasleei ekonomiak haien bizitzan duen inpaktuaren dimentsioa ulerraraztea, baina elkarrizketa gai horrekin toka jo genuen bete-betean.

Denetariko arrazoiak agertu ziren: "gurasoek esan didate X hautatzea hobe dela niri gustatzen zaidana baino", "ikasgai mota hauetan trebea naiz", "arlo honetan ongi ordaindutako lana dago", "ez daukat argi, baina gustatuko zaidala uste dut"...

Etxe bakoitzak bere errealitatea du, pertsona bakoitzak bere bidea duen bezalaxe. Diru-sarrera baxuagoko etxeetan lan aukeren faktorea erdigunean egon ohi da. Egoera egonkorragoa dutenetan espektatibek berebiziko pisua izaten dute. Unibertsitate ikasketak dituzten guraso askorentzako atzera pausoa da haien seme-alabek Lanbide Heziketako bidea hartzea. Aurreiritzi eta gutxiespen handia sumatzen da zenbait ibilbiderekiko: Lanbide Heziketako ziklioekiko, hizkuntzen inguruko ikasketekiko edota giza zientziei lotutako ikasketekiko, besteak beste. Ez dakit hala ere esaten, edo aurrekoaren ondorio zuzena ote den, baina ironikoki horietako profil askoren eskasia dago, eta beraz lan aukerak ere egon badaude. Akaso ez dira, ordea, etorkizuneko lanpostuen inguruan irakurtzen ditugun zerrendetan agertuko, ez baitituzte titulu politak osatzen.

Galdetzen hasita, guztiok izango ditugu gure esperientziak, beldurrak, kezkak, etorkizunarekiko aurreikuspenak, esparru ezagun eta ezezagunagoak nahiz balio-iritziak. Denok dugu zerbait haien ibilbidea hautatzera doazen gazteekin partekatzeko, baina norberaren kargak, ahal den neurrian, norberaren motxiletan atxikitzea beharrezko baldintza dugu, bidelagun onak izango bagara. Geure esperientzia partekatu dezakegu ikuspegi bat gehiago eskaintzeko umiltasunez, jakina, baina beste pertsona baten bideaz ari garela ahantzi gabe, iritziak sententzia bilakatu gabe. Izan ere, gure begi-bistatik kanpo ere hamaika ardatzek zeharkatzen dituzte nerabeak. Horietatik bat, izugarri garrantzitsua, ardatz ekonomikoa da, eta gaur-gaurkoz espero dezaketenak ez die urduritasuna arintzen.