Eibarko Lan Epaitegiak lehenik eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Aretoak ondoren, ezezkoa eman diote alarguntasun pentsioa jasotzeko eskaera egin zuen gizon bati, nahiz eta andre bikotekidearekin bizi izan zen gutxienez 2010eko apirilaren 12tik andrearen heriotzera arte, 2024ko ekainaren 23ra arte.
Demandaren egitateak, hauexek: Indalecio eta Benita (epaia argitaratzerakoan eman dizkieten alegiazko izenak) elkarrekin bizi izan ziren esandako tarte horretan, hamabi urte baino gehiagoz, etxe berean, bertan erroldatuta, eta Kutxabankeko kontu berean titular eta baimendu moduan agertzen ziren. Benitaren heriotzaren ostean, Indaleciok alarguntasun pentsioa eskatu zion Gizarte Segurantzari, eta honek ukatu. Lan Epaitegian INSS eta TGSS demandatuta, Eibarren uko egin zioten eskaerari, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ukoa berretsi du berriki.
Zein da ezezkoaren oinarri juridikoa? Bikotea, elkarrekin bizi izanda eta erroldatuta egonik ere, ez zegoela izatezko bikote moduan eratuta, ez baitzegoen Izatezko bikoteen Erregistro Publikoan izena emanda, eta ez baitzuten inongo dokumentu publikorik sinatu izatezko bikote izateko borondatea erakutsiz.
Epaiak Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 221.2 artikulua dakar oinarrietara, 2008tik aurrera izatezko bikoteei ere alarguntasun pentsioa aitortzen diena, baina beti ere izatezko bikoteen erroldan izena emanda badaude edo horretarako dokumentu publiko bat sinatu badute, bi aukerak onartzen dira. Baina bietan, ab solemnitatem justifikazio bat eskatzen du legeak, hau da, bikote moduan eratuta egotea egiaztatzen duen ekintza jakin bat, eta ekintza jakin hau ezin da ordeztu ez denbora luzeko bikote bizitzarengatik, ez eta seme-alabaren bat elkarrekin izateagatik. Hau da, bikotekidearekin luzaroan bizi izate hutsa edota seme-alabaren bat elkarrekin izatea ez da nahikoa izatezko bikote aitortza legala izateko, eta beraz, ez da betetzen alarguntasun pentsioa jasotzeko betekizuna. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak aipatuz, Gizarte Segurantzako Lege Orokorra zutabetzat hartuz, zalantza barik ebazten du epaiak, legea garbia baita, izatezko bikotea formalki eratu barik ez dela pentsiorik jasotzeko eskubiderik sortzen.
Esan bezala, 2008tik ezkondutako alargunei ez ezik, izatezko bikotekideen alargunei ere aitortzen die legeak pentsioa jasotzeko eskubidea. Oraindik ere, hala ere, betebeharrak desberdinak dira ezkondutakoen edo izatezko bikoteen kasuetarako: ezkontza kasuetan, ez da ezkontza denbora jakinik eskatzen. Salbuespen bat: pentsioa sortzen duena ezkondu aurretik hasitako gaixotasun arrunt batengatik hiltzen bada, urtebeteko ezkonaldia behar da, bikotea aurretik elkarrekin bizi zela frogatzerik ez badago behintzat. Ostera, izatezko bikoteetan, goian aipatutako eratze formalaz gain, bost urteko bizikidetza frogatzea eskatzen da. Hala ere, bikoteak seme-alabarik baldin badu, ez da gutxieneko denborarik eskatzen, nahikoa da eratze formala egiaztatzearekin.
Ez da batere erosoa heriotzaz berba egitea, gutxiago norberarenaz edo bikotekidearenaz, baina halako batean heriotzaren atakan gerta daitekeen horretaz informazioa ematea ez legoke gaizki, enpresetako giza-baliabideen sailean gutxienez, lan kontratu bat sinatzerakoan edo Gizarte Segurantzan alta edo aldaketaren bat egiterakoan.