Euskal Herria trantsizio garaian dago, eta hurrengo hamarkadan lanaren eta talentuaren inguruko erronkak handiak izango ditugu. Aldaketa demografiko sakonak etorriko dira, eta honekin batera, gure gizartea berrirudikatzeko beharra dugu, ez soilik ekonomiaren ikuspunturik —badirudi beti ekonomiaz ari garela—, baizik eta bizigarritasunaren, zaintzaren eta kulturaren ideia bera erdigunean jartzeko.
Aurreko asteko hitzaldi batean zera entzun nuen: hurrengo urteetan, etorkinen etorrera ez da aukerazkoa izango, beharrezkoa baizik. Gure biztanleria zahartzen ari da eta langile kopurua gutxitzen. Sektore estrategiko askok —zaintza, osasuna, eraikuntza, industria— langile berriak behar dituzte, eta 400.000-500.000 pertsona etorkin espero dira Euskal Herrian hurrengo urteetan”. Hala ere, gaur egun oraindik etorkinak salbuespen gisa hartzen dira, baina oinarri berri baten parte dira, eta hala zaindu behar ditugu aurrerantzean. 2019an jada Gaindegiaren datuek azaleratu zutenez, Euskal Herriko biztanleen laurdena kanpoan jaioa da, eta Ipar Euskal Herrian, % 43 izatera heltzen dira. Hego Euskal Herrian berriz, %29 jaio dira herrialdetik kanpora.
“Aldaketa demografiko” honetan, Euskal Herriak ez du aukera askorik talentua atxiki baino. Kanpokoa erakartzeko estrategiak garatzeaz jarduten dira, baina bi plano —atxiki eta erakarri— ezberdin hauek osagarri al dira? Lanaren baldintzak, etxebizitza, bizi-proiektua osatzeko aukerak hobetu behar ditugula garbi dugu, gure auzoak guztiontzat bizigarri izan daitezen. Baina talentua erakarri, zertarako? Gure lurraldearen ehun-ekonomikoari erreparatuta, ez dirudi elite teknologikoak (bakarrik) behar ditugunik. Gure gizarteak zaintzaile profesionalak, ekoizpen-lineako langileak eta lehen-sektoreko langileak (ere) behar ditu, eta horretarako prest egon behar du harrera-sistema sendo bat edukitzeko: lana, hizkuntza, etxebizitza eta aitortza soziala.
Politika publikoak ausartak behar dira guztia hau ongi kokatu eta eraldaketa emateko. Biztanleriaren batez besteko adina gora doa. Gaur egun EAEn, 65 urtetik gorakoak %23,5 dira, eta 10 urte barru, %28ra hurbiltzea aurreikusten da. Zaintza-beharren hazkundea (osasun-sistema, mendekotasun-zerbitzuak), Pentsioen sistema, eta lan-merkatuko aldaketak kontutan izango dituen politikak eraiki behar ditugu. Etorkinen etorrera da gaur egun populazioa hazten jarraitzea ahalbidetzen duen osagai nagusia, eta ongi zaindu beharreko prozesua izan behar du.
Ez dakit prest ote gauden, baina badugu oraindik ere garaiz heltzeko aukera. Gakoa ez da soilik zenbat langile beharko ditugun kalkulatzea, baizik eta zein gizarte nahi dugun eraiki datozen hamar urteetan gure lurraldea bizigarri, abegikor eta lidergotza partekatua izango duena herritarrekin.