Aldaketaren mitifikazioa

Arlo guztietan ziurgabetasuna gero eta handiagoa dela esaten diogu gure buruari eta etengabe entzuten da leku guztietan. “Lelo, lelo, betiko lelo”, aspaldiko kanta hark zioen moduan, ziurgabetasuna berezko ezaugarria baita bizitzan, arlo guztietan. Erabat ziurrak eta egonkorrak diren testuinguruak desagertu egin direla esaten dugu, noizbait halakorik izan zela iradokiz bezala. Ni neuk, behintzat, ez dut horrelakorik gogoratzen, baina. Aldaketak bizkortu egin dira, gero eta konplexuagoa da mundua elkarrekintzaren esparruak biderkatu egin direlako, baina gizakia gizakia denez geroztik, zoru labainkorrean bi hankatan mugitzeko borrokari egin behar izan dio aurre, ez erortzeko saiakerak (maiz, alferrik) egiten.

Ziurgabetasuna ez da egokitu zaizkigun garai hauetako osagarri bat, baina modan jarri da. Ez da harritzekoa, beraz, lanaren munduan eskatzen diren gaitasunen zerrendan aldaketaren kudeaketarekin lotutakoak izatea. 2022ko datuei dagokien ikerketa baten aztertu dute zein diren goi-mailako lanpostuetarako mundu osoan gehien baloratu diren gaitasunak: komunikazioa, erresilientzia, malgutasuna, erabakimena, pentsamolde irekia, lankidetza, gardentasuna eta pentsamendu kritikoa. Hautagaiak ez du bakarrik demostratu behar zer dakien: gero eta gehiago, dakien hori aldatzeko gauza ote den erakustea eskatzen zaio.

Mitifikatu egin dugu aldaketa, aurrerabidearen jainko eta jainkosen aldare berean gurtu egiten den berezko baliotzat hartuta. Aldaketa onartzen ez duten pertsonak edo inguruneak susmagarriak zaizkigu. Zerbait ezkutatzen dutela pentsatu ohi dugu, beren buruarentzat pribilegioren bat gordetzen ari direla uste izaten dugu, berekoiak direlako, besteekin partekatu nahi ez duten zerbaiti eutsi nahi diotela uste izaten dugu. Egoerak mesede egiten dielako uko egiten diote aldatzeari, aldaketa berez zerbait ona eta denontzako mesedegarria balitz bezala.

Automobilgintzako erraldoia zen artean Henry Ford. Enpresan goi-postu bat zegoen jokoan, eta azken bi hautagaiak baino ez zeuden lasterketaren azken metroa egiteko. Biak ala biak, egokiak ziren, posturako eginak ia-ia, gaitasun handikoak, biak ala biak Ford bera ordezkatzeko modukoak. Alderik ez zegoen bi hautagai posibleen artean, eta azken erabakia hartzeko, elkarrizketa formalaren ordez, afaltzera eraman zituen Fordek izen handiko jatetxe batera. Lanaz eta lanpostuaz txintik esan gabe eman zuten gaua, norberaren bizitzaz eta bestelako huskeriez hitz eginda. Afaria amaitutakoan, Fordek bere erabakiaren berri eman zien: urlia aukeratu zuen, sandiaren harridura eta haserrerako. "Zergatik?", galdetu zuen baztertutako hautagaiak. Eta Fordek azaldu: “zerbitzatu orduko, dastatu gabe ere, gatza bota diozu platerari. Ez ditut atsegin gauzak probatu gabe aldatzen dituzten pertsonak”.

Aldaketak ez du beti hobekuntza ekartzen, ez behintzat denontzat maila berean. Batzuetan gauzak ez aldatzea da ekintzarik iraultzaileena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK