Oraindik hanka-sartze ganorazkorik egiteko denborarik izan gabe, gure etorkizuna erabaki behar dugula esaten zaigu 17 edo 18 urterekin. Ikasketa-hautua egiten den unean bertan irudikatu behar omen dugu Arkadia perfektura iristeko bide arteza, eta marrazten hasi. "Ondo pentsatu —esaten digute— eta ongi hautatu, etorkizuna orain hasten baita". Silvio Rodriguezen kantak dioen bezala, ikasbiderik izugarrienak berehala barneratzen ditugu, baina bizitza osoa behar izaten da edertasunaz jabetzeko.
Mezua askoz lehenagotik hasten da modu askotara barneratzen gure baitan, modu sotilez edo zuzenaz, eta ia ohartzerako hortxe dugu, gure baitan txertatua, bizitza ulertzeko modu ia bakarra. Horrela ikasten dugu etorkizuna ez dela egin egiten den zerbait, letra txikiko testu luze eta mordoiloa duen kontratu modukoa baizik, aldez aurretik den-dena zehaztuta aurkezten dizun patua.
Aste honetan unibertsitatean edo lanbide-hezkuntzan matrikula egiten ari diren gazteentzako spoilerra: ez da egia.
Viktor Frankl-ek Gizakia zentzu bila obran zioen moduan, aldi oro aldatzeko eskubidea eta askatasuna dugu, baina aitor dezagun: nekeza da horretaz ohartzea.
Charles Rice Medikuntzako Nobel Saria gure garaiko birologo garrantzitsuenetako bat da. Aste honetan irakurri dudan elkarrizketa baten bidez jakin dut ez dela, inondik ere, jenio goiztiarra, den-dena hasieratik beretik argi duten animalia mitologiko horietako bat. Aitzitik, ikasle arrunta izan zen, are gehiago, ikasle txarra izan zela esan genezake, bere erara moldatua, planik gabe iritsi zena, besteak beste, C hepatitisaren birusa nola garaitu aurkitzera. Denetik ikasi zuen, helbururik gabe bidaiatuz eman zuen gaztaroa, bizitzak zekarrena gozatuz, halako baten, ikerketa huraxe egin nahi zuela erabaki arte.
Ibilbide perfektuaren mitoak huts egiten du errealitatearen presiopean: bide guztiak sigi-saga dira. Erritmo bizkorrean eraldatzen den mundu honetan, alabaina, bizi-garapeneko eredu zurrun eta linealak sustatzen jarraitzen dugu, kosta egiten baitzaigu onartzea pertsona ez dela berez sortzen, egin egiten dela.
Gaur egungo eta etorkizuneko erakundeek erantzukizun argia duzue: ez eskaini lan egiteko toki bat, izaten jarraitzeko esplorazio-esparruak baizik, lan-gaitasunak hobetzeko edo merkatura egokitzeko ez ezik, aldatu, hazi eta berreraiki nahi duten pertsonei lekua egiteko ere. Bizitzarako eskola sortu, ikas gunea. Beste horrenbestekoa da pertsona gisa dugun erantzukizuna: axola zaizkigun pertsonei ez diegu leku ziur edo gotorlekurik eskaini behar, zalantzak, minak eta pozak zintzotasunez partekatzen diren bidean bidaide izatea baizik, bizitza partekatzea elkarrekin ikasteko adostasuna baita.
Nola pertsonak, hala erakundeak, aldatzeko gaitasuna eta askatasuna dugu. Ez behin, baizik eta askotan; ez bakarrik lanaz, baita ikuspegiaz ere. Gure espezialitatea aldatu dezakegu eta baita gure buruari egiten dizkiogun galderak ere. Gizarte bizia ez da soilik bere produktibitatearen arabera neurtzen, berriro hasteko eskubidea babesteko duen gaitasunaren arabera baizik.
Ikuspegi hau gero eta premiazkoagoa gaur egun, luzeago biziko garela, urte gehiagoz lan egingo dugula eta aldaketa konstante bakarra izango den ingurunean egingo dugula kontuan hartuta. Bizitzan zehar marraztuko dugun ibilbidea (profesionala izan ala ez) ez da zuzena izango, etenak izango ditu, atzera eta aurrera egingo dugu hamaika aldiz. Berriro hasteko gaitasuna ez da aukerako bertute bat, ongizaterako egiturazko gaitasuna da.
Gazteak beren lehen aukeraketan asmatzeko antsietatearekin bizi dira, eta horren gazte ez garenok aldatzeko berandu ote den beldur gara. Aste honetan matrikula egitera doazen ehunka gazte horiei nork esango die patxadaz hartzeko? Nork gogoratuko digu aldatzeko eskubidea eta askatasuna dugula?
Gizarte bidezkoa ez da huts egiteak zigortzen dituena, itzultzeko bideak aldi oro garbitu egiten dituena baizik. Arrakasta goiztiarrak bezainbeste, bigarren aukerak, berriro saiatzea, ustekabeko itzulketak eskaintzen dituena, komunitate bati egin dakiokeen ekarpenik handiena aldaketarako ateak zabaltzea baita.
Oinak ditugu, ez erraiak. Gurpilak ez bezala, gure oinekin norabidez alda gaitezke; gelditzeko, oinutsik dantza egiteko eta atzera egiteko aukera dugu. Ez da sekula berandu, ez bada amore emateko.