Aldeko haizea

Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitatek jaso dute aurtengo Bai Euskarari saria. Askotan haizea kontra izanda ere, beldurrik gabe eta ausardiaz, beraien egunerokoan euskara txertatzen ari diren hiru erakundek, inguruan eragiten dutenek, kontra etor litekeen haizea, aldeko bihurtzeraino.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen dutenek apustu bat egiten dute; haien lanaren bidez, haratago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko. Urtez urte urratsak egiteko konpromisoa hartzen dute, euskarari espazio berriak irekitzeko gogoarekin, eta beharbada ohituraz erdaldunagoak diren eremuetan euskarari merezi duen tokia ere ematen diote, adorez.

Eraldaketa sakona bizi dugu gizarte mailan, eta horren aurrean euskaraz aritzeari eta euskarari tokia bermatzeari eta zabaltzeari garrantzia ematen dioten entitateak saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak. Globalizazioaren aurrean tokikoari balioa ematearen eta hori zaintzearen alde kementsu egin dutenak, digitalizazioaren esparruan euskarari merezi duen tokia emateko gogoa erakutsi dutenak, egunerokoan atzerriko hizkuntzen eta anglizismoen erabilera masiboaren aurrean, euskararekin jolastuz hizkuntzari ikusgarritasuna eman diotenak…

Aurten hiru hauek jaso dute saria: Errigora, Hupi eta Sorland. Auzolana lanabes duen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroako hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den ingurunean eragin nahi du, eremu horretan berezkoak diren elikagaiei Euskal Herri osoan bidea emanez. Herriak herriari egindako sekulako oparia da, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Hupi adimen artifizialean espezializatutako enpresa da, Bidarten eta Donostian egoitza bana duena. Lurraldea saretzen saiatzen dira eta euskara da horretarako tresna.

Abadiñon eta Zarautzen kokatuta dagoen Sorland komunikazio agentziak marken eragina handitzen edo hobetzen laguntzen du. Eragin dute eta argi dute produktu edo marka bati ikusgarritasuna emateko ezinbestekoa dela euskara baliatzea. Erosle potentzialari berea den hizkuntzan hitz egiten bazaio, emaitzak askoz hobeak izaten dira.

Gu guztion aintzatespena merezi dute, hiru sarituek ez ezik, euskara kudeatzen ari diren gainerako enpresek ere, euskaraz eroso aritzeko aukera errazten ari baitira. Inbertsio handia egiten ari gara, gizarte bezala, gure gazteak euskaraz formatzeko eta lurralde honen etorkizuna euskaraz ere izateko… Belaunaldi aldaketa dator, baina gehien-gehienak erdaraz ari dira lanean eta komeni da enpresak, administrazioak eta bestelako erakundeak ere beste modu batez erantzutea gizarte-erronka honi.

Ausardia baliatu, euskararen kontrako haizea aldeko bihurtu, eta euskaraz eroso aritzeko aukera bermatzeko ekarpena egiten duten horien eredua inspiratzailea izan dadila abentura honetan parte hartuko duten gainerako enpresentzat.

Informazio gehiago
Nafarroa erdi eta hegoaldeko uzta, eskutik eskura
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK