Aldi baterako ezintasunaren kontrolaren aldaketa: abantailak eta eragozpenak

2023ko apirilaren 1ean indarrean sartu zen normatiba berriaren arabera, medikuak baja partearen kopia bakarra ematen dio langileari, eta horrek jada ez dio baja medikoaren edo aldi baterako ezintasunaren partea bere enpresari eman behar. Aitzitik, komunikazioak bide telematikoz egingo dira administrazioen eta enpresa horren artean.

Aldaketa horren helburua da atzerapenak edo langileak parteak ez entregatzeak enpresei eragiten zizkieten arazoak konpontzea, eta baita bajen kudeaketari buruzko izapideak arintzea ere. Horrekin batera, langileak aldi baterako ezintasun-egoeran egoteagatik arazo izan daitezkeen izapide burokratikoak saihestea bilatzen du, besteak beste enpresan partea fisikoki entregatu beharra, askotan postaz egiten zelarik edo senide edo lagun baten bitartez.

Bestalde, osasun-zerbitzu publikoetako lehen mailako arretako medikuen mediku-parteen kudeaketa sinplifikatzen da. Gainera, medikuen lan-karga murriztuko da, ez baitute Lanbideen Sailkapen Nazionala osatu behar. Era berean, enpresak arduratuko dira medikuen ordez langilearen jarduerari buruzko informazioa emateaz, eta horrek lagunduko du zerbitzu medikoen saturazioa eta COVID-19aren pandemian sortu ziren izapidetze-arazoak saihesten.

Hala ere, praktikan arazo berriak ekarri ditu. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi izan dugu enpresak zailtasunak edukitzen ari direla langileen absentzia ezagutzeko, langileak ez baitu jakinarazten ez dela lanera joango. Horrek, jakina denez enpresaren lanaren antolamenduan eragina dauka. Argi dago, era berean, gauza bat partea entregatzeko edo ez entregatzeko betebeharra dela, eta oso bestelakoa bajan egoteagatik informatzeko betebeharra. Langile askok partea jasotzearekin nahikoa dela aldarrikatzen du.

Horregatik, garrantzia berezia du hitzarmen kolektiboetan edo lan-kontratuetan klausula bat ezartzea, langileak enplegatzaileari absentzien berri eman behar diola jasotzen duena.

Halaber, atzerapen nabarmenak ikusten ari gara parteen kudeaketan (batzuetan hamar egunekoak). Izan ere, partea Osakidetzak ematen duenean (gaixotasun arrunten kasuan), partea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari bidali behar dio eta gero hark enpresari. Horrek ondorioak ekartzen ditu kotizazio buletinak egiteko orduan, esaterako, batez ere hilabete bukaeran ematen diren bajen kasuan. Are gehiago, behin baino gehiagotan ikusi izan dugu parteak atzeraeraginarekin ematen ari direla, egun horretan lan egin duen langileari baja ematen zaiolarik egun berean, edo-eta egun bat lehenago, horrek dakartzan arazoekin.

Horregatik, funtsezkoa izango da Osasun Zerbitzu Publikoaren eta Gizarte Seguntzaren arteko komunikazioa, eta gero horiena enpresarekin berehala eta denbora errealean izatea. Jakitun izanik aldaketa guztiek denbora eskatzen dutela, berehalakotasun hori ez bada lortzen, izapidearen aldaketa honek eragozpenak ekarriko dizkio enpresei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK