Alferraren astea?

Lau laneguneko astea nola ezarri aztertzen ari da Espainiako Industria Ministerioa. Lehen saio batzuk jarri dira martxan bertan frogatu ahal izateko posible ote den enpresek beren gain hartzea lan-denboraren murrizketa, soldata berak mantenduz eta produktibitatea eta marjinak murriztu gabe. Astean lau laneguneko jardunaldia ezarri dute, 32 orduko lan-astea, beraz, eta itxura guztien arabera, saioak emaitza onak eman ditu.

Ez dira horrelako ekimen bakarrak. Erresuma Batuan esperimentu bat jarri berri da abian ildo horretan, gai horri buruzko handiena, eta sei hilabetez 73 enpresak, 3.000 langilerekin, 100-80-100 eskema aplikatuko dute: soldataren % 100, lan-denboraren % 80 eta eraginkortasunaren % 100. Ikerketak adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak biltzen ditu. Cambridge eta Oxford unibertsitateetako ikertzaile talde-banak langileek hainbat faktoreri nola erantzuten dieten ikusiko dute, hala nola estres erantsiari, laneko gogobetetasunari, osasunari, loari eta ongizate-mailei, besteak bete.

Eztabaida ez da berria, eta ez da oraingo saio pilotuak amaitu eta ondorioak aztertuta bukatuko. Lanerako egun edo orduen kopurua gora-behera, zerbait sakonagoa datza honen guztiaren baitan: bizitza bizigarri izan dadin, nolako oreka behar dugun argitzeke dugun auzia da oraindik. Askotariko eraldaketek (sozialak, teknologikoak …) berekin ekarri dituzten baldintza berrietara egokitu gabe dihardugu aunitz arlotan, eta lan eta bizitzaren arteko harremana da horietako bat. Gizarte-hitzarmen berri bat behar dugu, gizarte industriala antolatzeko baliagarri (gabeziak gabezi, gehiegikeriak gehiegikeri) izan zitzaigun paktua aspaldi agortu baita, nahiz eta oraindik berria ez den sortu.

Gehiago lan egitearen eta eraginkor izatearen arteko lotura kuestionatzea ona da bizitzari eusten dioten zutabetako edozeinetatik begiratuta ere: lanaren antolamendu arrazoizkoak norberaren bizitza eta emaitza profesionalak, biak ala biak, hobetzen ditu. Hori esatea, begien bistakoa izateaz gain, askotariko datuek baieztatu duten ebidentzia bat da, baina kosta egiten da aldaketa egitea, aldatzea beti nekosoa baita. Lan-harremanak arautzen dituen paktu soziala aldatuz joan da historian zehar, eta hori ez da berez gertatu, ezta neke eta borrokarik gabe ere.

Gehiago izatea, gehiago lortzea, gehiago irabaztea, gehiago kontsumitzea. Halakoxea izan da garapenaren sorgin-gurpilaren martxa denbora luzez: mugaezinak diren ondasun material gehiago eskuratzera zuzendu gara, urria eta mugatua den ondasun bakarra, denbora, sakrifikatzearen truke. Errepikatzearen errepikatzez, sinisteraino iritsi gara: gehiago duena gehiago da, eta etengabeko hazkundearen gainean ezarri dugu balio soziala eta, bereziki, ekonomikoa.

Gutxiago lan egitea aipatzen denetan oraindik “alferraren astea” datorkigu gogora, zertan, non eta zenbat lan egiten dugun baino gehiago, nolakoak garen argi erakusten duen sintoma.

Oinarrizkoa baino zertxobait gehiago segurtatutzat jotzen dugun pribilegiatuon artean, ordea, mundu-ikuskera hori gaina jotzen hasita dago. Pribilegiatuak gara gure buruari denbora atzera nola berreskuratu pentsatzeko aukera dugunok.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK