Ez dugu ziklo bat hasten oporraldiaren ostean lanean hasten garen aldiro. Utzi genuen puntu berera etor gaitezke, ala hasiera berri baten baldintzak aurretik landuta. Gerta daiteke udan sartzea norbait izanda, eta beste norbait izanda ateratzea. Garapena deitzen diote.
Agian izango da gelditzen garelako. Gelditzen garenean begiratu dezakegu non gauden, zer dagoen atzean, bilana egiteko tartea hartu behar baldin badugu, eta zer dugun aurrean. Ez soilik dagoena, baita erein nahi duguna ere. Profesional eta antolakunde askori gertatzen zaigu benetako “urteko itxiera” udan egiten dugula. Balantzeen esanahia eta aurrera begirako hausnarketak nahi gabe hartzen gaituela mendiko bidezidor edota itsas bazterreko kulunketan.
Agian izango da ekintza erritmoa jaisten dugulako (oporraldi batzuk plangintza trinkoena baino aktiboagoak baldin badira ere), agian begirada ezberdina sortzen delako gure oinek egunerokoan lur ezberdinak zapaltzen dituztenean. Aldatzen dugu pentsatzeko modua eta baldintzak, eta ondorio ezberdinak ateratzen ditugu. Gure plangintzaz, etorkizunerako ematen dizkigun aukerez.
Eta maiz oharkabean pasatzen zaigun zerbait gertatzen zaigu. Kokatu egiten gara. Prozesuan, lantaldean dugun rol horretan, gure lan ekosistemaren zein lekutan gauden. Ziklikoak dira ibilbideak, planifikatuak izan ala ez. Bizitzan, lanean, lantaldeetan. Zertarako laguntzen digu zikloa bereizteak, eta zein fasetan gauden jakiteak?
Ditugun baliabideak ongi erabiltzen, probesten, gure helmugetara bideratzen. Gure energia propioa barne. Eta helburuak egokitu, doitu ditzakegu baldintza eta aukeren arabera.
Baina batzuetan zikloa da amaitzen dena, ginena, gure funtzioa, zertarako sortu ginen. Kosta egiten da “honaino iritsi gara” esan eta amaiera puntua jartzea. Lantaldeetan bereziki, funtzioa amaituta ere harremana oraindik hor dagoelako, inork aipatu gabeko helburu bilakatuta hori bera.
Uda honetan ziklo berri batean sartuko nintzela uste nuen, bizitza eta lanerako abaro eta kokaleku berriak gorpuzten aritu garelako. Eta zikloa ixten topatu dut neure burua.
Botatzen, garbitzen, behar ez ditugunak askatzen. Agurtzen. Gure bizitzaren parte izan diren horiek garbiguneetara eramaten, jada garai berrietan ez direlako egongo. Eta, horrekin batera, lanerako izan diren molde eta egitura mental batzuk ere alboratu dira. “Ahal dudana egingo dut”, esaterako. Eta esango nuke berriak ez daudela oraindik.
Horren ezean, gure plangintza eta proiektuak, ederki idatzita eta jasota egonda ere, ataskoa nabari dezakegu, motxila kargatua, nahia eta ezina… Ez baitago ziklo aldaketarik alde batzuk alboan utzi gabe. Eta, era berean, ez dago prozesurik aurreko aroetatik jasotzen, gordetzen, balio berri bilakatuko ditugun horiek gabe. Moldeak, zereginak, objektuak, lekuak, egiteko testuinguruak. Fase berrirako ze funtzio berri izango dute? Ez da existitzen gure hiztegian “altxortu” hitza atesorar esateko, baina asmatu nahi dut gaur, horixe delako. Balio berritzen dugu, arretaz jaso eta etorkizunaren parte bilakatzen dugun hori. Esplizituki. Begiratuz, jasoz, adieraziz eta kokapen berriak aipatuz.
Eta, onar dezagun, altxor horiek maiz dira pertsonak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta