Ama, tiktoker izan nahi dut

Ohitu gara gazteek desira duten lanbide berria aintzat hartzen. Batez ere, sareetan orok urre ematen duelako, eta begitandu ahal zaigulako lan erraza eta diruz ondo hornitua. Ikus-entzunezkotik diharduten influencerrek lege estatus berria dute uztailean indarrean sartu zen Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokor berriaren ondorioz, ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzuak arautzen dituzten Europako Zuzentarauak Espainiako zuzenbidean txertatzearen ondorioz.

Legearen lehen ondorioa garbia da: ez iezaiezu tiktoker edo youtuber deitu. Plataformetan bideoak elkartrukatzeko zerbitzuak erabiltzen dituzten garrantzi bereziko erabiltzaileak kalean influencerrak edo streamerrak dira, baina legearentzako, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu emaileak dira. Edozein tiktoker edo instagramer ez da zerbitzu-emaile; legearen aterkipean sartzen dira streaming lanbidean dihardutenak. Tiktokerrek edo youtuberrek legearen aitortza izan dezaten, honako baldintzak eskatzen zaizkie zerbitzuak emateko orduan: ematen dituzten zerbitzuak diru-sarrera esanguratsudun jarduera ekonomikoa izan dezala trukean, eduki sortzaileak publikoari eskaintzen dizkion edukien argitalpenen ardura izan dezala, ematen dituen zerbitzuak publiko osoaren zati handi bati zuzenduta egon daitezela, ematen den zerbitzuaren funtzioa izan dadila informazioa, entretenimendua edo hezkuntza, eta, azkenik, zerbitzua ikus-entzunezko edukien bitartez eta komunikazio elektronikoen sareen bidez eskaintzea.

Horretxek baldintza guzti horiek betetzen duen tiktokerra edo youtuberra bazara, argi dago zure lanbidea ikus-entzunezko zerbitzu-emailea izatea dela. Eta ondorioz, enpresa eta zerga obligazioez gain, erregistratzeko betebeharra daukazu, eta are gehiago, hedabide tradizionalaren edukiari ipintzen zaizkion mugen barruan eraman beharko duzu zure jarduna (giza duintasuna, gorroto sustatzerik ez, pertsonen ohorea, intimitatea eta irudia errespetatu, genero berdintasuna sustatu, estatuko hizkuntzak bultzatu…). Eta adi legearen beste berritasunari: araututa geratzen da merkatal komunikazioak ondo identifikatuta egon beharko direla. Zerbitzu-emaileak deklaratu egin behar du jarri duen bideo horretan merkatal komunikaziorik, alegia, publizitatea dagoen ala ez.

Eta bukatzeko, legeak atea zabalik uzten dio aurrerago, erregelamendu bidez, plataforma bidezko bideoak elkartrukatzeko zerbitzua ematen dutenei obligazio berriak ezartzeari, dauzkaten erabiltzaileen, edukien nolakotasunaren edo eskaintzen duten zerbitzu motaren arabera.

Beraz, lerro artean irakurri behar dena da youtuberrak, tiktokerrak eta, oro har, bideo influencerrak, jarduera ekonomiko bat garatzen duten heinean, badutela Europako Zuzentarautik eratorritako legea, eta jarduera lanbide den neurrian, berezko espezialitateak espezialitate, beste edozein lanbide moduan araututa izango dela. Eta erregelamenduz, baldintza gehiago ere ezarri ahalko zaizkiela. Streaminga beraz, arrastoan sartuta geratu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK