Amona Mirenen errezeta

Mataxa. Halaxe esaten zien elur-malutei amona Mirenek. Oraindik ere haren ahotsaren eta ahoskeraren oihartzunak entzun ditzaket nire buruan. Eguneroko elkarrizketetan ez ezik, bizitzako pasadizoak kontatzen ere oroitzen dut haren euskalki goxoan. Amonak gustuko zuen bizitakoaz eta gerrak ostutakoaz hitz egitea. Eta nik are gustukoago nuen hura entzutea, historiak xamurrak ez baziren ere.

Amona Miren atzoko egunez duela bederatzi urte itzali zen. Baina haren eskuak sabela laztantzen senti ditzaket tripako mina dudan bakoitzean. Haren altzoan eseri eta nik behar adina denbora hartzen zuen lan horretan, maitasunezko ekintza hori errezetarik gabeko mirarizko sendagaia bihurtzeraino.

Iraganak lotura zuzena izan ohi du orainarekin eta etorkizunarekin. Eta amona Mirenen ahots eta ekintzetan ikuskatzen dut nik proiektu honen etorkizuna. Ziurgabetasun ekonomikoko egoerak sortu duen ezinegona arintzen saiatzeko tresna izan behar du kazetaritza ekonomikoak. Azkartasunaren aroan, sosegurako sendagaia eskaini behar du, ekonomiaren konplexutasunaren korapiloak askatuta. Ofizioaren eginkizunei jarraiki, gure ehun ekonomikoaren historia bizi eta kontatu behar du, haren erpin guztietatik. Begiratutakoa ikusten eta aditutakoa entzuten ere jakin behar du. Eta hori guztia euskaraz egin behar du.

Esandakoa ez da berria proiektu honentzat. Orain arte aldarrikatu dugun gauza bera da, iritzietan, editorialetan, Rikardo Arregi Saria irabazi genuenean eta askotariko artikuluetan jasotakoa. Baina aro berri bati ekingo badiogu, gure sustraietara itzuli eta nondik gatozen berriro ere gogoratzea ezinbestekoa da. Eta EnpresaBIDEA, beste ezeren gainetik kazetaritza proiektu bat izanagatik ere, enpresa bat ere bada, Enpresabidea S.L. sozietate mugatua.

Aurreko baten esan zidaten enpresek abantaila bat dutela: pertsonak zahartu egiten garela, baina enpresek, nahiz eta urteak igaro, beti bezain gazte izaten jarraitu dezaketeela. Nik uste dut enpresek gazte eta zahar izaten jakin behar dutela aldi berean. Mundua jateko gosea izan behar dute, baina jarrera erresiliente batekin. Identitate propioa aldarrikatu behar dute gizarte baten —ekosistema baten— parte direla ahaztu gabe. Aurretik bildutako esperientzia berrikuntzaren zerbitzura jarri behar dute. Etorkizunera begiratzen jakin behar dute iraganeko ikuspegia galdu gabe. Horra hor enpresa proiektu honen sustraiak.

Orduan, amona Mirenekin igarotako denbora datorkit berriro burura, den-dena lotzen duena. Badelako zahar eta gazteek partekatzen duten zerbait, kazetaritzarentzat eta enpresentzat ere ezinbestekoa dena: zaintza. Gazte zein zaharrek lagunak edo senitartekoak zaindu behar dituzte. Kazetaritzaren ardura da informazioa, iturriak zein irakurle-entzule-ikusleak zaintzea. Eta enpresena, berriz, langileak, bezeroak, eta ekosistema. Baina aldi berean, gazte ala zaharrek, kazetaritzak eta enpresek ere, zainduak izateko beharra dute.

Zaindu maite duzun hori, dio esaldi ezagunak. Ez ahaztu zeu zain zaitzaten uztea, gehituko nioke nik. Jarrai dezala EnpresaBIDEAk zaintzaren bide beretik ere. Horixe baita bere patua. Mataxak elurraren parte diren bezala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK