Udako irakurketetako bi, nahita bilatu barik, bat etorri ziren gaiari dagokionez: Lur jota Parisen eta Londresen, George OrwelIena, Rafa Santxiz-Muxikak berriki euskaratutakoa, eta Una belleza terrible, Edurne Portela eta Jose Ovejerok lau eskuetara ondutakoa, bi liburuak ere oso gomendagarriak. Kontakizun bietako abiapuntuen artean dago langileen egoera Parisen XX. mendeko hamarkada hasieran. Lan baldintza izugarri eskasak, egun bakarreko lan akordioak, soldata miserableak, lanaldi amaigabeak, sei edo zazpi eguneko lan-asteak, baldintza fisiko penagarriak lanleku guztiz osasunkaitzetan, eta, ondorioz, lanak sortutako gaixotasun eta elbarritasun ugari, eta aldi berean, erabateko babesgabetasun soziala amatasun, gaixotasun, desgaitasun edo ezintasun kasuetan.
Duela mende bat gure aurreko langileek bizi izan zutenaz arduratu beharrik gabe bueltatu gara oporrostean lanera. Berdin lehen enpleguari ilusioz ekin diotenak, lan-praktiken bidez enpleguari usaina hartzen hasi direnak, langabezia aldi baten ostean itxaropentsu berlaneratu direnak, langile eskarmentudunak, urteen poderioz lanaz gogaituta daudenak edo erretiroa hartzeko excelleko atzera kontuak egiten ari direnak.
Lanera bueltatu direnen artean dagoen aniztasuna, baina, ez da kategoria horietan bukatzen. Gaitasun desberdinetako pertsonak bizi gara gizartean eta lan munduan, sistema sozialaren garaipenetariko bat da zelabaiteko desgaitasuna duten langileek ere laneratze erreza izan dezaten. Lan baldintza orokorren hobekuntza izan bazen pasa den mendeko garaipenetako bat, edozelako desgaitasuna duen edozein pertsonak lanerako eskubide duin eta bermatua izan dezala izan behar du mende honen hasierako lorpen argia.
Desgaitasuna duten pertsona ororen aukera berdintasuna, diskriminazio eza eta irisgarritasun orokorra ziurtatu ahal izateko 2003ko legeak aurrera pauso esanguratsua ekarri zuen langile guztien eskubideetan, desgaitasuna daukaten pertsonentzako lanpostuen erreserba kuota bat ezarriz. Berrogeita hamar langiletik gora daukaten enpresa publiko zein pribatuek, gutxienez, ehuneko 2 lanpostu gorde beharko dituzte desgaitasuna duten langileentzako.
Duela egun batzuk koska bat egin du aurrera Espainiako Kongresuak desgaitasuna daukaten pertsonak lan munduan eskubide osoz sartzeko daukaten bidean. Lege proposamenak aurrera eginez gero, desgaitasuna daukaten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko betebeharra ez betetzea urrapen larritzat hartuko da eta, besteak beste, urrapen horrengatik zigorra jaso duten enpresak dirulaguntzak jasotzeko aukeratik kanpo geratuko dira.
Urte batzuk barru, aniztasuna eta desgaitasunaren laneratzea bermatzen ez duten kontakizunak aspaldiko kontutzat har ditzagun.