Uda sasoiak erromeriak ere ekartzen ditu han-hemenka, eta erromeriaren erritoen artean, soka dantza. Belar gainean eserita, soka dantzari begira nago. Eskutik helduta, adin desberdinetako gizon eta emakumeak ari dira ilaran, pausuan, tente. Tarteka aurrean doan dantzaria sokatik askatzen da, ikusleengana hurbildu, eta aurreskua dantzatzen du. Ondoren, sokaren bukaeran jartzen da, eta lehenengo geratu denaren dantza egiteko txanda dator. Guztiek dakite dantzan, baina batzuk besteak baino trebeagoak dira: egindako dantza ikastaroek, dantzan ibilitako denborak, gorputzaren pisua, belarria, adina edo jendaurrean bakarrik dantza egiteak sortzen dien urduritasuna, dantzari bakoitza mundu bat da, baina guztiek egiten dute bat sokan eta eusten diote erromeriaren tradizioari.
Ziur asko ez naiz lehena soka dantzari begiratu bitartean enpresa edo erakunde baten antolakuntza burura datorkiona. Metafora erraza da soka dantza enpresa batekin parekatzea, non langileek esperientzia eta ekarpen desberdina egiten dioten antolakuntzari, eta aldi berean, guztien lan eta partaidetzari esker, antolatutako funtzio banaketa, lidergo eta komunikazioak taldea desafiotik arrakastatsu ateratzera eramaten du.
Aholkularitza enpresek sarri erabili dituzte euskal tradizioko beste metafora batzuk orain baino lehen enpresen antolaketa definitzeko: arrauna eta traineruak eta soka tira, bietan talde antolatu batek bere ahaleginen onena ematen du norabide berera iritsi ahal izateko. Baita ere harri jasotzaileen eta aizkolarien metafora, enpresen ahaleginean indarrak, teknikak eta tradizioak izan dezaken garrantzia azpimarratzeko. Behar bada txalaparta ere jarri da adibidetzat, denbora, koordinazioa eta antolakuntza erakusteko.
Gure tradiziotik kanpoko beste metafora klasikoak enpresen antolakuntzan oso erabiliak: eskifaia eta kapitaina, ur harroetan ibili eta portura onik iristen den itsasontzia. Antolakuntza pentsatzea eta berritzea helburu duten mila eta bat enpresa aholkulari eta profesional metaforaz baliatzen, antolakuntzari eta pertsonen eta baliabideen kudeaketari emanak.
Hainbat metafora pertsona bakoitzak antolakuntzarekiko daukan postua eta ardura definitzeko, hainbat lan eta aholkulari enpresa baten kudeaketa eta antolakuntza pentsatzen, eta hara non, oraindik eta hala ere, enpresa batean zioten ez omen zekitela ugazabetako batek emakumeak modu desegokian tratatzen zituenik, kaltetutakoek salaketak jarri behar dituztela portaera desegoki horiek antzemateko.
Antolakuntzetako portaera matxistak begi bistakoak dira, nabarmen, ikusi nahi dituenarentzat. Ez dago salaketarik, metaforarik edo aholkularitzarik beharrik badirela detektatzeko. Behar den bakarra soka dantzarien, aurreskulariaren edo eskifaiako kapitainaren matxismoa baztertzeko jarrera irmoa da. Besteak metaforak dira.