Historiagileek diotenez, esploratzaile frantsesak Ternuara iritsi eta indigena algonkinoekin lehen aldiz harremanetan jarri zirenean, horiek Apezak Hobeto euskal esaerarekin agurtu zituzten, gure arrantzaleekin kontaktuan sortutako pidgin hizkuntzaz baliatuz.
Baina benetan al da horrela? Lan zuzenbidearen ikuspegitik Espainiar Estatuan apaizek, lekaimeek ete fraideek (eta Estatuak onartutako beste erlijio batzuetako ordezkariek ere) lan harremana al daukate?
Kontuan hartu beharra dago Gizarte Segurantzaren aldetik kotizatzeko eskubidea daukatela, jubilazio edo ezintasun pentsioak lortzeko. Batzuek (lekaime eta fraideek) autonomo gisa. Beste batzuek (apaizek) erregimen orokorrean, asimilatu gisa. Azken horiek elizbarrutiko edo Elizaz gaindiko erakundeen zerbitzura garatu behar dute jarduera pastorala, Elizak izendatuta, eta oinarrizko zenbatekoa jaso behar dute hori sostengatzeko.
Orduan, apaizen kasuan, kobratzen badute eta kotizatu egin behar bazaie, lan harremana al daukate? Bada, ez.
Auzitegiek aspaldi aldarrikatu dute “arima-sendabidea" edo lan pastorala dela eta, apaiz batek elizan egiten duen jarduera ezin dela laboraltzat jo, nahiz eta ordaindua izan.
Horren harira 2017. urtean Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia. Kasu horretan apaiz batek bere egoera klerikala galdu zuen zigor-prozesu kanonikoa izapidetu ondoren. Apaiz ohiak Madrilgo Artzapezpikutzarekin eta Getafeko Artxidiozesiarekin besteren konturako lan-harremana zuela uste zuenez, kaleratze-demanda bat jarri zuen Lan Arloko Epaitegian.
Apaizaren ustetan, eremu espiritualean apaizgintzak berezkoak dituen jarduerez gain (otoitz egitea, meza egitea, predikatzea, etab.), beste funtzio administratibo batzuk ere betetzen zituen, hala nola bataioak, ezkontzak, hiletak, jaunartzeak... izapidetzea, eta horiengatik soldata jasotzen zuen.
Lan Arloko Epaiegian galdu ondoren, errekurtsoa jarri eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, aurreko jurisprudentzia gogoratu ondoren (uste baino sarriago eman da kasu hori antza), baztertu egin zuen apaiz ohiaren eskaera. Horretarako zera argudiatu zuen: apaizaren inkardinazioa ez dela kontratu baten bidez egiten, baizik eta elizgizon izaera hori zuzenbide kanonikoan araututako prestakuntza eta prozedura batzuen bidez lortzen dela.
Horren ondorioz epaiak zera dio: "apaiz-izaera lortzeak, Elizaren esparruan, sakramentu-balioa duela uste da, eta balio horrek esanahi transzendentala duela, gizatiar hutsa gainditzen duena...".
Hala ere, azpimarratzen du demandatzaileak ez dituela bere oinarrizko eskubideak apaiz-izaeragatik galtzen, baina baldin eta uste badu eskubide horiek urratu egin direla, eskubide horien tutoretza lan jurisdikzioan ezin dela burutu.
Horra hor irakurle estimatu hori, bitxikeria Aste Santuan irakurtzeko.